Ezbeharra

Gizon baten hilotza agertu da Gasteizko biokonpost planta batean

Gorpua gaur goizean topatu dute, Jundizko industrialdeko biokonpost plantan.

Jundiz industriaguneko biokonpost planta, gaur goizean. DAVID AGUILAR / EFE
Berria
2020ko otsailaren 11
11:45
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak jakinarazi duenez, gizon baten hilotza agertu da gaur goizean Gasteizko Jundiz industrialdeko biokonpost plantan. Goizeko zortzietan topatu dute gizonaren gorpua. Hainbat iturriren arabera, 37 urteko gizonezko bat da hildakoa, eta baliteke gorpua edukiontziak biltzeko kamioiren batetik iritsi izana lantegira. Hango langileek eman diote abisua Udaltzaingoari, gorpua ikusi eta berehala.

Ertzaintza bertaratu egin da Jundizko lantokira, eta ikerketa bat abiatu du heriotzaren ingurukoak argitzeko. Polizia judiziala ari da ikerketa zuzentzen. Segurtasun Sailak jakinarazi du gorpuak ez duela kriminalitate zantzurik, eta Gasteizko Institutu Anatomiko Forentsera eraman dutela autopsia egiteko.

Ana Oregi Gasteizko Udaleko Lurralde gaietarako zinegotziak goizean goiz izan du ezbeharraren berri, udal batzorde batean parte hartzen ari zela. Batzordearen bilera bertan behera utzi dute, eta biokonpost lantegira bertaratu dira Oregi bera eta udal gobernuko hainbat zinegotzi. Lantegia itxi egin dute aldi baterako, eta barruan daude Polizia eta udal ordezkariak.

Gasteizko hiri hondakinak tratatzen dituzte Jundizko biokonpost plantan. Edukiontzi gris eta organikoetatik datozen hondakinak jasotzen dituzte bertan. Hondakin organikoak, inausketa hondarrak eta gainerakoen zatikiko zabor poltsak tratatzeaz arduratzen da planta hori, eta, gero, Gardelegiko zabortegira eramaten dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.