Euskara

Hizkuntza aniztasunera egokitzeko neurriak aurkeztu dituzte Diputatuen Kongresuan

Kontseiluak eta beste zenbait erakundek agerraldia egin dute Madrilen, eta talde politikoei adierazi diete «neurri zehatzak hartzeko garaia» dela.

2020ko otsailaren 11
15:45
Entzun

Euskararen, katalanaren, aragoieraren, asturieraren eta galizieraren alde lan egiten duten zenbait erakundek agerraldia egin dute goizean Madrilen, Espainiako Diputatuen Kongresuan. PSOE, Unidas Podemos, BNG, EH Bildu, ERC, Junts Per Cat, CUP, EAJ, Mas Madrid eta Compromis alderdietako ordezkariek hartu dute parte. «Espainiako Estatuak ez du hizkuntza aniztasunera egokitu nahi izan», adierazi dute gizarte eragileek. Espainiako Gobernuari eskatu diote «neurri zehatzak» hartzeko, eta betetzeko «nazioartean hartutako konpromisoak».

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiaz gain, Herrialde Katalanetako Omniun, Ciemen, Accio Cultural del Pais Valencia, Escola Valencia eta Plataforma per la Llengua erakundeetako ordezkariak elkartu dira ekinaldian, baita Galiziako A Mesa Pola Normalizacion Linguistica, Asturiasko Iniciativa Pol Asturianu eta Aragoiko Nogarakoak ere.

Gizarte eragileen esanetan, «Estatu batek baztertzailea izan behar du diskriminazio guztiekin, baita hizkuntza bereizkeriarekin ere». Horregatik, alderdietako ordezkariei eskatu diete ez daitezela «ikusle hutsak» izan, eta «busti» daitezela «mehatxuen aurrean». Salatu dute sektore politiko batzuek bereizkeria hauspotzen dutela.

Hizkuntza eskubideak babesteko, sei neurriko proposamen bat egin diote Espainiako Gobernuari. «Konpromisoak bihartik bertatik gauza daitezke», eragileen esanetan. Joan zen urrian, Hizkuntza aniztasuna: askatasuna, berdintasuna eta demokrazia agiria aurkeztu zuten, eta orduan eskatu zioten Espainiako Gobernuari har dezala bere gain «izaera eleaniztuna» daukala. Berezko hizkuntzei gaztelaniaren pareko lege babesa bermatzea eskatu zuten; besteak beste, neurriak hartzea ezagutza orokortzeko eta erabiltzeko eskubidea bermatzeko.

Goizean, adierazi dute Europako Kontseiluko Ministroen Batzordearen eta Adituen Batzordearen gomendioek berretsi egiten dituztela haiek aurkeztutako neurriak. Azaldu dute Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna eta Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalarekin bat egitea ez dela nahikoa, eta beharrezkoa dela «aintzatespen praktikoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.