Albistea entzun

Lakuntza (ELA): «Euskal oasiaren zikinkeria ezkutatzeko alfonbra da Elkarrizketa Sozialerako Mahaia»

Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOk eta UGTk aurreko astean adostutako edukiak «hutsalak» eta «antidemokratikoak» direla salatu du Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak.

Mikel Noval, Mitxel Lakuntza eta Janire Landaluze, Donostian eginiko agerraldian
Mikel Noval, Mitxel Lakuntza eta Janire Landaluze, Donostian eginiko agerraldian Juan Carlos Ruiz (Foku) Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2020ko otsailak 11

Ez da mahai bat, alfonbra bat baizik, «euskal oasiaren zikinkeria guztia, gezurrak eta gabeziak ezkutatzeko». ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntza oso gogor mintzatu da EAEko Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren aurka. Foroa «patronalaren neurrira» eginda dagoela adierazi du: «Berak erabakitzen du zertaz hitz egiten den eta zertaz ez». Eta Eusko Jaurlaritzak hori erabiltzen duela «propaganda egiteko»: «Patronalarena ez den beste bide orririk ez du». Azpimarratu du aurreko asteko argazkiarekin «bake sozialaren ideia» irudikatu nahi izan zutela. «Baina lantegi askotan eta etengabe ikusten ari gara hori ez dela horrela»

Otsailaren 3an Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOek eta UGTk adostutakoa edukiak «hutsalak» direla salatu du ELAko buruak. «Gomendioak baino ez dira, ez daukate inongo zehaztapenik eta eraginkortasunik». Eta azpimarratu du «ordezkaritza legitimorik ez daukaten sindikatuek» soilik babestu dituztela; alegia, CCOOk eta UGTk, zeinak biak batera %28,7ko ordezkaritza duten. Salatu du, halaber, Jaurlaritzak aurreko asteko bilera «kontraprogramaziorako» erabili nahi izan zuela, eta komunikabideen aurrean erakutsi du horretara deituz sindikatuak jaso zuen gutuna: urtarrilaren 30eko greba baino egun bat lehenagokoa.

Adostutakoei buruz, ELAko buruak azpimarratu du edukiez baino gehiago neurrien finantzaketaz aritzen direla hizketan foro horretan. «Beti dago dirua mahai gainean». Eta, horrekin lotuta, han parte hartzen duten sindikatuen jarrera salatu du. Azpimarratu du, halaber, Mahaia ez dela «inondik inora demokratikoa», gehiengo soziala ordezkatuta ez egoteaz gain, barne araudiaren arabera, sindikatu baten babesarekin nahikoa delako akordioa egiteko patronalarekin eta gobernuarekin. «UGTren %10 aski litzateke horretarako».

Horiek hala, Lakuntzak azpimarratu du «erabaki egokia» izan zela ELAk foro horretan ez parte hartzeko iaz hartu zuen erabakia, eta berretsi du bere sindikatuak «konfrontazioaren» bidetik jarraituko duela langileen eskubideak defendatzen.

Mahaia «helburu»

«Mahai horretan parte hartzean, gobernuaren politikak eta patronalen praktikak ontzat jotzen dira, eta sindikatuak ez gaude horretarako», adierazi du Mikel Noval ELAren arlo sozialeko arduradunak ere. Salatu duenez, akordioetako edukiek «prekaritatean sakontzen» dute, «betiere emakumeen eskubideen eta langileen lan osasunaren lepotik».

Janire Landaluze sindikatuaren ikerketa batzordeko kideak azpimarratu duenez, iazko otsailean sortu zuen elkarrizketarako foro hori, eta egin dituzten bilera «ugarien» ondoren, «ondorio bakarra» atera dute hor parte hartzen dutenek: «Hitz egiten jarraitzea: Mahaiaren jarraipena bera bihurtu da helburua. Erabaki zehatz eta erabilgarri bakar bat ere ez dute jaso».

Akordioaren lau puntu aztertu ditu Landaluzek. Berdintasunari buruz, Jaurlaritzak jada onartua duen eta aurten martxan jartzekoa duen programa pilotu bat baino ez dela aipatzen salatu du. Horrez gain, salatu du kontziliazio politikak eta beste eskubide batzuk «enpresen interesen menpe» jarri dituztela, eta azpimarratu du akordioaren beste planteamendu batzuk «jasanezinak» direla generoaren ikuspegitik. «Diskurtsorik atzerakoiena ontzat ematen da; esaterako, emakumeei leporatzen zaienean ikasketak gaizki aukeratzea, eta hori lotzen denean soldata arrakalarekin».

Enpleguari buruz, Landaluzek adierazi du Mahaiko kideek aitortzen dutela haiek adostutako hainbat programaren «porrota» —gazte talentudunak erakartzekoa edota errelebo kontratuena, esaterako—; eta gabezia horiek «pizgarriekin, baliabide eta ahalegin» gehiagorekin bete nahi direla esateak —besteak beste enplegu publikorako behatoki bat sortuz— erakusten duela Mahaiko kideek asmorik ez dutela oinarrian egon litezkeen gaiei heltzeko —prekaritateari, aldi baterako enpleguei, prestakuntzari...—.

Lan istripuei buruzko prebentzioaz, ELAko kideak salatu du beste erakunde bat sortzea proposatzen dutela Mahaiko kideek —Kultura Prebentiboaren Euskal Behatokia—, eta galdetu du zertarako dagoen Osalan institutua. Kazetariei erantzunez, Landaluzek azaldu bere sindikatuak Osalan uztea erabaki zuela bere eskaerak ez zirelako aintzat hartzen, eta haserrea azaldu du Iñaki Garcinuño Cebek patronaleko presidenteak esandakoarekin. Garcinuñoren arabera, ELAk eta LABek ez dute «zilegitasunik» lan istripuei buruz mintzatzeko Osalanen ez daudelako.

Akordioaren beste puntu ere bat aipatu du Landaluzek: 4.0 industriari buruzkoa. Esaldi batean laburbildu du: «Hemen ere gizarte itun bat egin behar omen da».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jende andana elkartu da Baionako manifestazioan ©Patxi Beltzaiz

Sindikatuak, Parisera begira

Iñaut Matauko Rada - Ekhi Erremundegi Beloki

Ehunka lagunek manifestazioa egin dute Baionan erretreten erreformaren kontra, eta sindikatuek erran dute borrokan segitzeko borondatea dutela.

Bilboko portuaren azken berriak azaldu ditu gaur goizean Ricardo Barkala Agintaritzako presidenteak ©Oskar Matxin Edesa / Foku

Bilboko Portuak aurten aterako du kai nagusia hedatzeko lizitazioa

Olatz Silva Rodrigo

Edukiontzien bigarren terminalerako lehiaketa hutsik geratu dela esan du Agintaritzak, eta gehitu du oraindik ez dutela Bilboko Olabarri jauregia saldu

CAFen hidrogeno trena, Canfrancen. ©CAF

CAFen hidrogeno trenak lehen probaldia egin du

Iñaut Matauko Rada

Zaragoza-Canfranc linean egin du lehenengo proba. FCH2 Rail proiektuak 14 milioi euroko aurrekontua du.

Anton Arriola Kutxabaneko presidentea. ©Miguel Toña / EFE

Kutxabankek «ezinbestean» hazi beharra daukala iragarri du Arriolak

Imanol Magro Eizmendi

Bankuko presidenteak azaldu du azken urteetan «lotsatiak» izan direla, eta hazkunderako bi helburu lehenetsi ditu: enpresak eta Espainiako merkatua

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.