MIGRAZIOA

Immigrazioa eta dibertsitatea «egiturazkoak eta betirakoak» dira, Eusko Jaurlaritzaren inkesta baten arabera

Sorterria atzerrian dutenen egoera sozioekonomikoak «hobera» egin duela dio txostenak, «baina gorabehera handiekin oraindik»

Etorkin Atzerritarrei buruzko Inkestaren aurkezpena. IREKIA
Ion Orzaiz.
2020ko otsailaren 12a
16:06
Entzun

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren etorkinei buruzko EABI 2018 inkesta aurkeztu dute gaur Beatriz Artolazabalek, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, eta Arkaitz Fullaondok, txostena ondu duen Ikuspegi immigrazioaren euskal behatokiko ikerlariak.

Biek ala biek nabarmendu dute immigrazioa eta dibertsitatea «egiturazkoak eta betirakoak» direla gizartean. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, zehazki, jatorria atzerrian duten 211.208 migratzaile bizi dira: populazioaren %9,7. Horien artean, gainera, gora egin du emakumeen kopuruak, eta etorkinen %55,1 dira gaur egun.

Lau urtean behin jasotzen dira inkestako datuak: 2010ean eta 2014an egin zuten, eta 2018koak dira gaur aurkeztutako txostenaren oinarria. Horiei erreparatuta, migratzaileak duela lau urte baino egoera sozioekonomiko «hobean» daudela: «Kostata, baina egoera ekonomikoaren hobekuntza nabaritzen hasi dira etorkinak ere».

«Euren lan okupazioko maila —azpimarratu du Beatriz Artolazabalek— ia % 60 arte handitu da, eta diru sarrerarik ez duten etorkinak % 25etik baino gutxiago ere izan dira. Baliabide iturri nagusi gisa, DSB-EPO sistema dutenen ehunekoa erdira jaitsi da, % 7,6raino murriztuz».

Migratzaileen egoera administratibo orokorra ere «hobetu da», ikerketaren arabera: «Egoera irregularrean daudenak % 4,6 inguru dira gaur egun. Naziotasun agiria dute %36k; hortaz, etorkinen heren bat baino gehiago eskubide osoko hiritarrak dira, eta ez dute traba administratiborik», esan du Fullaondok.

Hala ere, «desoreka nabarmenak» ere jaso ditu inkestak, migratzaileen jatorriaren arabera. «Prekaritate eta zaurgarritasun arazoak ere agertu dira, batez ere, jatorri afrikarra dutenen artean eta, neurri txikiagoan, Latinoamerikako zenbait herrialdetakoen artean».

Txinatik etorritako migratzaileen errealitatea mintzagai izan du Artolazabalek, zehazki: «Kolektibo txinatarraren aurkako erreakzio xenofoboak azaleratzen hasi dira planetako hainbat puntutan. Azpimarratu behar da osasun arazoa koronabirusaren gaixotasunak eragiten duela, eta ez Txinako herritarrek». Inkestari dagokionez, gizarteratze mailarik apaleneko kolektiboa da txinatar jatorriko etorkinena.

Diskriminazio pertzepzio subjektiboari dagokionez ere, gorabehera handiak antzeman dituzte ikerlariek. Hala, Hego Amerikatik eta Europatik etorritakoek duten diskriminazio pertzepzioa oso txikia da, Afrikako eta Asiako immigranteek dutenarekin alderatuta. Txinatarren kasuan, %40,5ek uste dute «gutxi» integratu direla. Argentina, Txile eta Uruguaitik heldutako pertsonen artean, berriz, %7,1ek nabaritu dute gizarteratze eskasa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.