Zinema

Hego Koreako zinemaren «urrezko aroa» ekarriko du gogora Donostiako Zinemaldiak

Zikloak 50eko eta 60ko hamarkadetan Hego Korean ekoitzitako hogei film baino gehiago izango ditu. Zinemaldia irailaren 18tik 26ra egingo da.

'The Housemaid' filma. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Berria
2020ko otsailaren 13a
13:36
Entzun

Donostiako Zinemaldiak eta Espainiako Zinematekak, Euskadiko Filmategiarekin eta San Telmo museoarekin lankidetzan, Hego Koreako zinemaren «urrezko aroari» buruzko atzera begirako zikloa antolatuko dute aurtengo ekitaldirako. Zikloarekin batera, liburu monografiko bat ere argitaratuko dute, zikloak bilduko dituen filmei buruzko informazioa bilduko duena. Zehazki, 1950eko eta 1960ko hamarkadetako pelikulak emango dituzte atzera begirakoan.

Azken urteotan, Hego Koreako zinema nazioarteko jaialdi guztietan erakusten dute, eta zinema garaikidearen erreferente ere bihurtu da. Horren adibiderik argiena da Bong Joon Ho-ren Parasite azken filmak zer oihartzun lortu duen mundu osoan; hala ere, oraindik, herrialde hartako zinemagintza klasikoa ezezaguna da Mendebaldeko herrialdeetan.

Zikloa Koreako «urrezko aroan» ardaztuta egongo da, zeinean industria zinematografiko bat garatu baitzen Hego Korean, publiko handiak eskatzen zuen herri zinema ekoizteko gai izan zena, gerraren ondoren herrialde hartan zuten egoera ekonomiko estua eta Park Chung-hee-ren diktadura militarrak ezarritako kontrola gorabehera. Hala, zuzendari ugarik beren ibilbidea finkatu zuten, bakoitzak bere estilo eta asmoekin. Batzuek garatzeko bidean zen gizarte moderno bat irudikatzen zuten, eta beste batzuek, berriz, garai hartako bizimodua gogorra zela salatzen zuten.

Hautaketa 50eko eta 60ko hamarkadetan ekoitzitako hainbat filmez osatuta dago, eta bi helburu ditu, Donostiako Zinemaldiak ohar bidez adierazi duenez: «Batetik, Hego Koreako zinema klasiko horren ordezkaririk garrantzitsuentzat jo daitezkeen zinemagileen talde bat aldarrikatzea; eta, bestetik, garai hartako generorik ohikoenen panorama bat marraztea, horietako batzuk amerikar zineman inspiratuta zeudela eta tokiko errealitatera eramaten zirela, eta beste batzuk, ordea, erabat autoktonoak zirela».

Zikloa osatzen duten filmen artean, garai hartako entzutetsuenetako batzuk izango dira: The Housemaid (1960) Kim Ki-young-ena, Hego Koreako zinemaren historiako maisulantzat hartua; Hego Koreako gerraosteko bizimoduaren kronika gogor eta errealistak, hala nola Flower in Hell (1958) eta Aimless Bullet (1960); A Female Boss (1959) komedia erromantikoa; Romance Papa (1960) zinema familiarraren klasiko atsegina; The Daughters of Kim’s Pharmacy (1960) eta Homebound (1967) melodramak; eta The Coachman (1961), Berlingo zinema jaialdian Epaimahaiaren saria irabazi zuena eta, horrenbestez, nazioarteko zinema jaialdi batean sari bat irabazi zuen Hego Koreako lehenengo filma.

Beste genero batzuetako pelikulak ere izango dira, hala nola Black Hair (1964) film noir-a; beldurrezko The Devil’s Stairway (1964) eta A Bloodthirsty Killer (1965) thrillerrak, eta North and South (1965), herrialdearen banaketak ekarritako trauma kontatzen duen gerra filma. Farewell to the Duman River (1962), bestalde, genero autoktono baten adierazgarri da: mantxuriar westernaren adierazgarri, hain zuzen. AEBetako westernean inspiratutako baina Mantxurian kokatutako abenturazko pelikulak ziren genero horretakoak. Sailkatzen hain errazak ez diren beste film batzuekin batera –The Empty Dream (1965) fantasia surrealista eta Mist (1967) inspirazio modernistako drama–, atzera begirakoak Hego Koreako zinemak zuzendari gisa izan zituen lehenengo bi emakumeen lana ere berreskuratuko du: Park Nam-ok (The Widow, 1955) eta Hong Eun-won (A Woman Judge, 1962). Halaber, Hego Korean ekoitzitako animaziozko lehen film luzea ere erakutsiko da zikloan: A Story of Hong Gil-dong (1967).

Atzera begirakoan emango dituzten filmak honako hauek dira:

Mimang-In / The Widow (Park Nam-ok, 1955)

Jayubu-In / Madame Freedom (Han Hyung-mo, 1956)

Jiokhwa / Flower in Hell (Shin Sang-ok, 1958)

Yeosajang / A Female Boss (Han Hyung-mo, 1959)

Obaltan / Aimless Bullet (Yu Hyun-mok, 1960)

Hanyeo / The Housemaid (Kim Ki-young, 1960)

Romance Papa (Shin Sang-ok, 1960)

Mabu / The Coachman (Kang Dae-jin, 1961)

Yeonsangun / Prince Yeonsan (Shin Sang-ok, 1961)

Dumangang-a jal itgeora / Farewell To The Duman River (Im Kwon-taek, 1962)

Yeopansa / A Woman Judge (Hong Eun-won, 1962)

Kim Yaggug-ui ttaldeul / The Daughters of Kim's Pharmacy (Yu Hyun-mok, 1963)

Doraoji anneun haebyong / The Marines Who Never Returned (Lee Man-hee,1963)

Hyeolmaek / Bloodline (Kim Soo-yong, 1963)

Geom-Eunmeoli / Black Hair (Lee Man-hee 1964)

Ma-Ui gyedan / The Devils' Stairway (Lee Man-hee, 1964)

Man-Bal-Ui chaong chun / The Barefooted Young (Kim Kee-duk, 1964)

Chunmong / The Empty Dream (Yu Hyun-mok, 1965)

Sal-Inma / A Bloodthirsty Killer (Lee Yong-min, 1965)

Namgwabug / North And South (Kim Kee-duk, 1965)

Gaetma-Eul / The Seashore Village (Kim Soo-yong, 1965)

Angae / Mist (Kim Soo-yong, 1967)

Gwi-Ro / Homebound (Lee Man-hee, 1967)

Hong Gil-Dong / A Story Of Hong Gil-Dong (Shin Dong-hun, 1967)

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.