Noiz sortua: 2020-02-13 13:59:28

Kultura

Loraldia, egonkortutako udaberri bat

Martxoaren 10etik 29ra bitarte, 29 emanaldi eskaini eta 120 sortzaile baino gehiago batuko ditu Loraldia jaialdiak Bilboko hamabost aretotan. Seigarren edizioa du aurtengoa, eta antolatzaileek finkatuta ikusten dute eredua.

Loraldiaren aurkezpena egin dute gaur goizean.
Loraldiaren aurkezpena egin dute gaur goizean. Marisol Ramirez / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2020ko otsailak 13

Berez, egun daukatenaren bikoitza dute oraindik amets: euskal kulturari eskainitako hilabete osoko programa eta 300.000 euro inguruko aurrekontua. Baina asetzeko modukoa iruditzen zaie Loraldia jaialdia hogei eguneko egitarauarekin eta 175.000 euroko aurrekontuarekin ere, BEZa kontuan hartuta. Egonkortuta dago eredua hor, Imanol Agirre jaialdiko zuzendari artistikoaren hitzetan. Martxoaren 10ean abiatuko dute seigarren edizioa aurten, eta martxoaren 29ra bitarte 29 emanaldi eskaini eta 120 sortzaile baino gehiago bilduko ditu, guztira, hiriko hamabost aretotan. Festibala «garaikidea», «berritzailea» eta «desiragarria» izatea da erronka, antolatzaileen hitzetan. Estreinaldiak izango dira, horregatik, eskainiko dituzten ikuskizunetako asko, eta badira jaialdiaren produkzio propioak izango diren hiru saio ere. Berria egunkariarekin elkarlanean antolatutako Pessoa eta Sarrionandia casa do Fadon literatur ikuskizun musikala, tartean.

Iparragirre kantariak emango dio hasiera nagusia jaialdiari, halere, martxoaren 11n, Bilboko Arriaga antzokian. Haren jaiotzaren bigarren mendeurrena beteko da aurtengoan, eta Loraldiko antolatzaileek haren figura hartu nahi izan dute gogoan, musika eta antzerkia uztartzen dituen ikuskizunarekin: Iparragirre, bihotzeko Jose Mari. Jaialdiak berak, Tanttaka konpainiak eta Demode Quartet konpainiek ekoitzi dute emanaldia elkarlanean, eta, aurreratu dutenez, ez da gorazarre hutsezko saioa izango. Abeslariak inguruan izan zituen emakumeen ikuspuntutik kontatuko baitituzte haren bizitzako pasarteak Joli Pascualenak, Ainara Ortegak eta Ane Gabarainek, eta saioan tartekatuz joango dira haien hitzak eta Iparragirreren kantak, Angel Unzu gitarra jotzailearen musikaren laguntzarekin.

«Kontzertu eszenikoa izango da», zehaztu du Agirrek. Azaldu duenez, Iñigo Legorburuk bardoaren emaztearen ahotsean idatzitako maitasun gutun bat dago proiektuaren abiapuntuan. Bergarako Jardun elkartearen Amodiozko Gutunen eta Esaldien lehen saria irabazi zuen testu horrekin Legorburuk, eta sariari esker heldu zitzaien haren berri jaialdiko antolatzaileei. Gero, Arantxa Iturbe eta Aizpea Goenaga antzerkigileek idatzi dituzte emanaldirako beste eskutitz batzuk, eta Fernando Bernues aritu da zuzendari lanetan. «Ama agertzen da, emaztea, Parisko maitalea, Manuela izeneko emakume bat... XIX. mendeko gizarte matxista oso nabarmen agertzen da eskutitzetan», azaldu du Agirrek.

Pessoa eta Sarrionandia

Ezagun da Joseba Sarrionandia idazleak Fernando Pessoari dion miresmena. Behin baino gehiagotan aipatu izan du iurretarrak bere poemetan, adibidez, eta horregatik irudikatu nahi izan dute bi egileen arteko bilkura Lisboan, hain zuzen ere, fadoak kantatzen dituzten areto horietako batean. Eta horregatik titulua: Pessoa eta Sarrionandia casa do Fadon. Martxoaren 18an estreinatuko dute propio jaialdirako sortutako pieza, Bilboko Itsas Museoan, eta emanaldiak testua, antzerkia eta Portugalgo Diana Villarinho fado abeslariaren doinuak uztartuko ditu.

Mikel Antza idazleak prestatu du ikuskizunerako testua, eta, beraz, ezinbestean, uztartuta joango dira emanaldian literatura eta errealitatea. Izan ere, Sarrionandiaren lana sakon ezagutzeaz gainera, 1985ean Martuteneko kartzelatik ihes egiten lagundu zion pertsonetako bat ere izan baitzen Antza. Emanaldian esaten duenez, ordea, benetan Pessoa izan zen Sarrionandia kartzelatik atera zuena. Berria egunkariarekin elkarlanean ekoitzi du saioa Loraldia jaialdiak.

Jaialdiaren nortasun ikur bilakatu da festibala ixteko antolatu ohi duten bertsolaritza, musika eta literatura saio hibridoa. Etorkizuneko Bilbon kokatutako testu bat eskatzen diete Loraldikoek urtero idazle bati, eta hura abiapuntu hartuta aritzen dira bi bertsolari eta musikari bat emanaldian. Aurten Garbiñe Ubeda idazleak prestatu du Zaharkitze programatua izeneko testua, eta Alaia Martin eta Onintza Enbeita bertsolariak izango ditu ondoan, Don Inorrez taldeko musikariekin batera. Ubedak irakurtzen dituen pasarteetan oinarrituta jarriko dizkie gaiak Ainhoa Agirre gai jartzaileek bertsolariei. Eta saio horrek itxiko du jaialdia martxoaren 29an, Bilboko Guggenheim museoan. «Sekulako arrakasta dauka saio horrek beti», onartu du jaialdiko zuzendari artistikoak. «Ez dugu publizitatu behar izaten, beteta egoten delako beti».

Diziplina guztietako saioak programatu dituzte jaialdirako, eta alor guztietan daude estreinaldi izango diren emanaldiak. Miren Agur Meabe idazleak ere udazkenean argitaratu asmo duen liburu berriko poemak irakurriko ditu Amorante musikariarekin eta Aitor Gametxo argazkilariaren laguntzarekin. Eneritz Artetxek egin ditu zuzendaritza lanak, eta Nola gorde errautsa kolkoan eztulik egin gabe deitu dute emanaldia. Martxoaren 17an izango da hori, Bidebarrietan.

Muguruzaren ez-omenaldia

Yoseba Peña idazlearen izen bereko liburuan oinarritutako Hariak ikuskizun hibridoa ikusi ahalko da martxoaren 14an, eta Harkaitz Cano idazleak eta Petti musikariak, esaterako, Manipulazio estrategiak proiektuaren zuzeneko emanaldia eskainiko dute hurrengo egunean bertan Guggenheim museoan. Xabier Monoiaren Anfetamiña poema liburuko testuak musikatuz sortutako Muga emanaldia eskainiko dute martxoaren 25ean.

«Guk ez dugu omenaldirik egiten», eman du abisua Agirrek. Izan ere, emanaldi berezia antolatu dute Izar & Star zikloaren barruan, martxoaren 28an, Kafe Antzokian. «Gaurkora ekarriko ditugu Fermin Muguruzaren abestiak», zehaztu du zuzendari artistikoak. Muguruza Mani-fest deitu dute saioa, eta, kasu honetan, hiru talde arituko dira oholtzan Muguruzaren errepertorioa eguneratzen: Mad Muasel eta La Tokokera Kumbia Power taldeak lehenik,  Ion Celestino eta Eskola Ergatiboa ondoren, eta Juantxo Arakama, Asmathic Band eta Nerea Erbiti, azkenik. Hilabete baino gehiago falta da emanaldirako, eta jadanik salduta dituzte ehunka sarrera.

Alos Quartet taldeak jaialdian emango dio amaiera XX. urteurreneko birari, eta hainbat gonbidatu eramango dituzte oholtzara azken saio horretarako. Mikel Urdangarin musikariak pianoarekin egingo du emanaldia Arriaga antzokian martxoaren 12an, abesti zahar eta berriak tartekatuta. Eta Bob Dylan abeslariaren hitzak oinarri hartuta, euskarazko emanaldia egingo dute Iker Diaz Letamendiak eta Adolfo Garcia Gorriak martxoaren 16ean Bidebarrieta liburutegian.

Zinemak ere izango du bere lekua. Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa dokumentala eta Josu Martinezen Anti film laburraren proiekzioak antolatu dituzte martxoaren 24rako.

Dantzak ere badu bere espazioa. Klakea izango du oinarri, adibidez, Aura teatroak prestatutako Txak Txak ikuskizunak. Martxoaren 13an eskainiko dute BBK aretoan. Mizel Theret koreografo eta dantzariak, berriz, pilotarien mugimenduetatik abiatutako Diagonalean zehar pieza eskainiko du martxoaren 15ean Fundicion aretoan. Eta antzerki egunean, areto berean, Lurrun Minez antzezlana eskainiko dute. Martxoaren 27an izango da hori, eta kasu honetan, Zinegoak jaialdiarekin elkarlanean antolatu dute emanaldia.

Pozik daude publikoarekin. 8.000 eta 9.000 ikusleren artean izan dituzte azken urteetako jaialdietan, baina gehiago lortzea da asmoa. Agirre: «Bilbon bakarrik 75.000 euskaldun daude, eta 10.000 ikusletik gora jasotzea da gure erronka». Eskaintzen duten saio bakoitzarentzako egoki den aretoa topatzen ari diren sentsazioa ere badute. Eta Agirrek datu bat aipatu du horren frogatzat. Duela bi urte, %80 bete zituzten aretoak, eta iaz %75. «Horrek esan nahi du ikuskizunak eta lekuak nahiko egoki aukeratu ditugula». Egon dira sarrera guztiak saldu dituzten saioak, eta izan dira publiko gutxiago bildu dutenak ere, baina emanaldi gehien-gehienetan giro beroa lortu dutela dio Agirrek.

Loraldi txikiak

Herritarren sostengua ere badu jaialdiak. 1.500 Lorazain dituztela, zehaztu du Agirrek, adibidez, eta kopuru hori handitzea dute buruan. Urtean kuota bat ordainduta, jaialdian hainbat abantaila jasotzen dituzte Lorazainek, eta aurten, adibidez, espresuki haientzako izango da Thierry Biskarri musikariaren Muda emanaldia. Musikariak bere hurrengo diskoa aurkeztuko du, eta doako sarrera izango dute lorazainek, martxoaren 20an.
Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala eta Eusko Jaurlaritza dira jaialdia sostengatzen duten erakunde publikoak, eta Laboral Kutxa da babesle pribatu nagusia.

Jaialdia handitu beharrean, jaialdia zabalduz joatea da antolatzaileen erronka orain. Euskal Herriko hainbat herritara eraman nahi dute Bilbon ikus daitekeenaren lagin bat. «Asteburu bateko Loraldi txikiak egin nahi ditugu herriz herri», azaldu du Agirrek. Bizkaian aurreratu xamar dute proposamena, baina gainontzeko lurraldeetara ere heldu nahi lukete.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna