Noiz sortua: 2020-02-13 15:15:57

Olaffur Eliassonek ‘Bizitza errealean’ erakusketa aurkeztu du Guggenheimen

Artista daniarrak naturarekiko kezka, geometriari buruzko ikerketa eta mundua hautemateko modua biltzen ditu erakusketan. Ekainaren 21era arte egongo da ikusgai.

laffur Eliassonek ‘Bizitza errelean’ erakusketa aurkeztu du Guggenheimen
laffur Eliassonek ‘Bizitza errelean’ erakusketa aurkeztu du Guggenheimen Marisol Ramirez Tamaina handiagoan ikusi

June Prieto -

2020ko otsailak 13

Artistak sortutako piezek publikoaren interakzioa behar dute arte bihurtzeko. Tamaina, kolore eta material mota askotako 30 obrak osatzen dute erakusketa, eta bederatzi aretotan banatuta daude. «Oso pozik gaude museo honetan artelanek hartu duten itxurarekin. Frank Gehryren lagun handia naiz, eta ohore bat da selfie bat bidaltzea hemengo erakusketa honekin», adierazi du Eliassonek, gaur emandako prentsaurrekoan.

 

Hogei urtetan egindako lana ikus daiteke erakusketan. Glaziarren urtzearen seriea-n 1999ko eta 2019ko glaziarren argazkiak parez pare jarri ditu artistak. «Lan hau esanguratsua da niretzat; izan ere, erakusketan dauden beste artelan guztiak lehenengo argazkiaren eta azkenaren arteko denbora tarte berean egin ditut». Eliassonek, artearen bitartez, bizitzaren esparru askotan eragin nahi du; horregatik, arteaz gain, Little Sun enpresa soziala sortu du, Senegalgo Argiak proiektuaren bidez eguzki lanpara eta kargagailuak eramaten dituena argindarrik gabeko herrietara.

 

Zentzumenak ere lantzen ditu erakusketan; usaimena, ukimena eta ikusmena, besteak beste. Ikuslea lainoz beteriko gela batean sartu daiteke, ispiluz inguratutako hobi batetik ibili, eta likenez estalitako horma oso bat ere usain dezake. «Museoan ikusten dugun errealitatea handiagoa da; ez gara museoetara joaten errealitatea saihesteko», azaldu du artista eskandinaviarrak. Ikusleak subjektu aktibo bihurtu nahi ditu, munduan eragiteko duten gaitasunaz jabetu daitezen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna