Zinema

Donostia Zinemaldiak iaz inskribatu ziren filmetako profesionalen genero identifikazioa aztertu du

Zuzendaritzaren, produkzioaren, gidoiaren, muntaketaren, argazkiaren eta musikaren arloetan parte hartu zuten profesionalen %70 genero maskulinoarekin identifikatzen dira, eta %30, berriz, genero femeninoarekin. Lehen ondorioen arabera, "zailtasuna ez da emakumezko zinemagileak zinema industriara sartzea, bertan gelditzea baizik".

Donostia. Zinemaldiko 67. edizioaren generoidentifikazioari buruzko txostenaren eta memoriaren aurkezpena. GORKA RUBIO / FOKU
Nagore Arin.
2020ko otsailaren 14a
19:01
Entzun

Donostia Zinemaldiaren historian lehen aldiz, generoaren aldagaia kontuan hartuta txosten bat osatu dute antolatzaileek. Hautatutako filmen artean ez ezik, iaz Donostia Zinemaldiaren 67. edizioan parte hartzeko inskribatu ziren lan guztien artean ere jarri dute arreta: guztira, 3.013 filmen datuak jaso dituzte. Tartean dira Sail Ofiziala, New Directors, Horizontes Latinos, Zabaltegi-Tabakalera, Nest, Culinary Cinema, Made in Spain, Zinemira eta Belodromoa sailetan proiektatu zituzten 150 filmen datuak. Gaur aurkeztu dute txostena, Donostiako Tabakalera zentroan; prentsaurrekoan izan dira Jose Luis Rebordinos, Donostia Zinemaldiko zuzendaria, eta Eneko Goia, Donostia Zinemaldiko Administrazio Kontseiluko presidente eta Donostiako alkatea.

Sei arlo aztertu dituzte txostena osatzeko: zuzendaritza, produkzioa, gidoia, muntaketa, argazkia eta musika. Aurkezpenean adierazi dutenez, datuak antzekoak dira bai inskribatu ziren eta Hautapen Batzordeak ikusi zituen filmen artean, bai Zinemaldiaren programazio ofizialean hautatu ziren filmen artean. Batez beste, arlo horietan parte hartu zuten profesionalen %70 genero maskulinoarekin identifikatzen dira, eta parte hartu zuten profesionalen %30, berriz, genero femeninoarekin –txostenean genero ez binarioekin identifikatzen diren profesionalen datuak ere jaso dituzte–.

Ehuneko horiek ordezkatzen dituzte, oro har, sei arlo horietako parte hartzea generoaren aldagaiaren arabera bereizita; baina, hala ere, batetik bestera aldeak badaudela nabarmendu dute txostenean: "Genero femeninoaren presentzia handiagoa da produkzioan, %36 ikusitakoen artean eta % 31 hautatutakoen artean; gidoian, %32 ikusitakoen artean eta %30 hautatutakoen artean; muntaketan, %31 ikusitakoen artean eta %33 hautatutakoen artean; eta, zuzendaritzan, %30 ikusitakoen artean eta %26 hautatutakoen artean". Aldiz, genero femeninokoen presentzia hori txikiagoa da argazkigintzaren eta musikagintzaren arloa ardatz hartuta: "Argazkian, %17 ikusitakoen artean eta % 21 hautatutakoen artean; musikan, %12 bai ikusitakoen artean bai hautatutakoen artean ere".

Hutsuneak identifikatzeko mugarria

Analisiak, ordea, baditu zenbait salbuespen sailaren arabera aletuta. Zinemagileen lehen eta bigarren lanak hartzen dituen New Directors sailean, adibidez, emakumezko zuzendarien, gidoilarien eta muntatzaileen film gehiago programatu ziren gizonezkoenak baino. Gauza berbera gertatzen da mundu osoko zinema eskoletako ikasleen film laburrak biltzen dituen Nest Film Students sailaren kasuan: emakumezko zuzendarien, produktoreen, muntatzaileen eta argazki zuzendarien lan gehiago hautatu ziren. Proiektuak garatzeko egonaldien Ikusmira Berriak sailean ere emakumezko zuzendari gehiago izan ziren.

Datu horiek abiapuntu, gogoeta egiteko aukera ere izan da txostena. Rebordinosen arabera, zaila ez da emakume zinemagileak zinema industriara sartzea, bertan gelditzea baizik: "Zinema ikasleen artean, ikus-entzunezkoen ibilbide profesionalaren lehen pauso horietan, gizonezko baino emakume gehiago daude, eta hori oso datu garrantzitsua da... Baina zergatik desagertzen dira gero?". Hori aztertzeko eta arazo horiei konponbidea bilatzeko datu bilketa egitea onuragarria dela nabarmendu du zuzendariak, eta beste herrialde batzuetako zinema jaialdiei ere gonbidapena egin die gauza berbera egiteko: "Datu hauek errepikatzen badira, hor jarri beharko da arreta".

Goiaren iritziz ere mugarria izan daiteke genero identifikazioari buruzko txostena: "Hiria kolektiboa den apustu batean murgilduta dugu, berdintasunaren aldeko apustuan. Ulertzen dugu hori guztia esparru guztietara zabaldu behar dugula, eta, aurten lehenengo aldiz, Zinemaldiak horretan beste pauso bat eman du. Aurrera begira egin nahi diren gauzak behar bezala egiteko oinarria den tresna eskuratu da lehenengo aldiz, zinemaren arlo honetan eta berdintasun horren bidean non gauden eta nola gauden jakiteko".

Polanski eta Cesar sariak

Genero identifikazioari buruzko txostenaren harira, Roman Polanski zinemagileari buruz galdetu diote Rebordinosi; izan ere, azken egunotan zalaparta sorrarazi du Polanskiren azkeneko filma Frantziako Cesar sarietarako nominatu izanak —Emakume zenbaiti sexu erasoak egin izana leporatzen diote, eta zigortua ere izan da—. Polanskiren nominazio hori dela eta, «dimisio kolektiboa» eman zuten ostegunean Frantziako Zinema Akademiako kideek, eta azken asteotan salatu duten «parekidetasun faltari» ere egin zioten erreferentzia. Hala mintzatu zen Rebordinos: «Obra artistikoa eta pertsona bereizi egin behar direla uste dut. Orain arteko historiaren errebisionismo bat egingo bagenu, artearen eta jakintzaren historiaren ederlan bat izorratuko genuke pertsonaia nazkagarriren batekin topatzen garen bakoitzean».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.