Noiz sortua: 2020-02-14 14:57:15

Emilia Sarriugarte hil da, AEBetako euskal diasporaren bultzatzailea

Unibertsitatean aritu izan zen batez ere, eta euskarari eta euskal kulturari buruzko hainbat lan egin zituen. New Yorkeko euskal komunitateko kide ezaguna zen.

Sarriugarte, Bernardo Estornes Lasa Funtseko argazki batean.
Sarriugarte, Bernardo Estornes Lasa Funtseko argazki batean. Auñamendi Eusko Entziklopedia Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2020ko otsailak 14

Emilia Sarriugarte Renteria (Brooklyn, AEB, 1925) euskaltzale engaiatua zen, eta euskararen eta euskal kulturaren erreferentziako bultzatzailea izan zen AEB Ameriketako Estatu Batuetan. Senarraren Doyaga abizena hartu zuen, eta harekin sinatu izan zituen lan ugari. Doktorea zen Humanitateetan, eta Society of Basque Studies in America erakundea sortu zuen Euskal Herritik joandako akademiako bi kiderekin batera. Asteazkenean hil zen, New Yorken, 94 urte zituela.

Gurasoak bizkaitarrak zituen: Bakiokoa bata, eta Berrizkoa bestea. 1920. urtean emigratu zuten AEBetara. Nahiz eta han jaioa izan, Sarriugarteri kosta zitzaion ingelesa ondo ikastea, etxean euskaraz hitz egiten baitzuten, Gloria Totoricaguena Renoko Unibertsitateko irakasleak Auñamendi Eusko Entziklopedian Sarriugarteri buruz jaso zuenaren arabera.

Euskaltzale engaiatua zen, eta New Yorkeko Euskal Etxeko kidea izan zen bere bizitza osoan. Society of Basque Studies in Americako sortzailea eta presidentea izan zen, eta The Journal of Basque Studies in America aldizkaria ere sortu zuen. Hark hasi zuen, halaber, Basque Hall of Fame; mundu osoan euskara eta euskal kultura bultzatzen duten pertsonei eman izan diete sari hori, eta Sarriugarte bera arduratu izan zen saria banatzeaz.

Ingurukoak euskara ikastera animatu izan zituen, eta lan handia egin zuten euskal artea New Yorken sustatzeko, Society of Basque Studies in Americaren hitzetan. Renoko Unibertsitateko Euskal Mintegiarekin kolaboratu ohi zuen, eta New Yorkeko Basque International Cultural Center proiektuaren bultzatzaile nagusia izan zen.

Unibertsitatean aritu izen zen lanean; New York University Collegeko irakaslea izan zen lehenengo, eta, 1973an, Old Westbury Collegen hasi zen lanean, Akademia presidenteorde eta Humanitateetan irakasle. Columbusko, Kubako eta New Yorkeko euskaldunei buruzko hainbat artikulu idatzi izan zituen. Gaztelaniaren inguruko ikerketak ere egin zituen; Gustavo Adolfo Becquerri eta Miguel Unamunori buruz, bereziki.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna