HEZKUNTZA

Euskarazko haur eskoletako familiek «azalpenak» eskatu dizkiote Iruñeko Udalari

Fernando Sesma Hezkuntza zinegotziarekin bilera egiteko eskaera erregistratu dute udal bulegoetan

Iñigo Fernandez, haur eskoletako gurasoen bozeramailea, gaurko agerraldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2020ko otsailaren 14a
21:45
Entzun

Ez diete ezer esan. Seme-alabak euskarazko haur eskoletan izena emanak dituzten familiengan eragin handia izanen du Iruñeko Udalaren azken erabakiak: heldu den ikasturtetik aurrera, euskarazko eskaintza kenduko dute Printzearen Harresi eta Donibane eskoletatik, eta 0-3 zikloko euskarazko lerroak Iruñe iparraldeko Txantrea eta Arrotxapea auzoetara murriztuta. Horren ondorioz, gainerako auzoetako familiek kilometro ugari egin beharko dituzte goizero, haurrak euskarazko eskola publiko batera eraman nahi badituzte. Edo amore eman, eta erdarazko zentroan gelditu. Neurriak «kalte handia» eraginen diela salatu dute gurasoek, eta, hala ere, inork ez die azalpen ofizialik eman. Ez Enrique Maia alkateak, ez Fernando Sesma Hezkuntzako zinegotziak.

«Ez digute ezer esan. Orain arte gertatutakoa zurrumurruen bidez jakin dugu, eta, batez ere, hedabideek argitaratu dutenaren bidez. Ez da serioa». Kexu da Iñigo Fernandez, familien bozeramailea. Arrosadia auzoan dagoen Printzearen Harresi eskolara daramatza seme-alabak, heldu den ikasturtetik aurrera eredua aldatuko dutenetako bat. «Jakin nahi dugu zertara datorren aldaketa hau», galdetu du. «Informazio oinarrizkoena ere falta zaigu, eta uste dugu horretarako eskubidea dugula». Hori dela eta, «berehalako bilera bat» eskatu diote Hezkuntza alorreko arduradunari. Gaur aurkeztu dute eskaera udal erregistroan.

Fernandezen esanetan, Maia alkateak iragarritako aldaketa gauzatzen bada, hezkuntza euskaraz eta sare publikoan jasotzeko eskubidea urratuko diete Iruñeko dozenaka familiari: «Zokoratu nahi gaituzte. Goizero-goizero, bide luzea egin beharko dugu seme-alabak euskarazko eskola batera eraman ahal izateko, eta ez hori bakarrik: euskarazko eskola batean postu bat lortzea zaildu eginen dute, euskarazko plazak 400etik 130 ingurura murriztuta».

Ondorioak murgiltzean

Maia alkateak esana du aldaketa horiek «era progresiboan» ezarri nahi dituela, «aztoramendurik ez sortzeko». Euskarazko lerroko familiek, baina, ez dute begi onez ikusten aldaketok ezartzeko modua: «Printzearen Harresi eskolan, dagoeneko, zazpi plaza gutxiago eskainiko dituzte titiko haurren mailan; hurrengo mailan, berriz, bi plaza besterik ez dute aterako». Neurri horiek guztiek «eragin kaltegarria» izanen dutela azpimarratu du Martinezek: «Nola eutsiko diote murgiltze linguistikoari, adibidez? Familia berean, euskarazko hezkuntza jasoko dute haur helduenek, eta txikienek erdarazkoa? Horrek apurtu eginen du euskarazko eredua, erabat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.