Zaldibarko hondamendia argitzeko eskatu dute Eusko Legebiltzarraren parean

Jaurlaritzari egotzi diote gertaturikoaren erantzukizuna, «beharrezko kontrola» ez duelako egin.

Edurne Begiristain.
2020ko otsailaren 18a
12:53
Entzun

Gaur goizean Iñigo Urkullu lehendakaria, Iñaki Arriola Ingurumen sailburua eta Eusko Jaurlaritzako beste hainbat arduradun Eusko Legebiltzarrean azalpenak ematera atera diren bitartean, herritar talde batek elkarretaratzea egin du eraikinaren parean, Zaldibar argitu orain! leloa zuen pankarta baten atzean.

Gaizka Zabarte mintzatu da bildutakoen izenean. Kezka agertu du desagertuta dauden bi langileen eta amildutako zabortegian lanean ari direnen inguruan. «Biztanleen osasuna arriskuan jarri dute subjektu batzuek», esan du. Informazio falta salatu du, eta egon den apurra «kontrajarria» izan dela gaineratu du. «Eszenifikazio asko ikusi ditugu».

Hondakinak enpresa pribatu baten esku utzi izana gaitzetsi du: «Harrapakari batzuk dira, eta ondorio hauek ditu hondakinen kudeaketa haien esku uzteak».

Erantzuleak zein diren argitzeko eskatu dute elkarretaratzean. Enpresari eta Jaurlaritzari egotzi diete erantzukizuna. «Jaurlaritzak ez du egin beharrezko kontrola. Jaurlaritza arazoaren parte bat da, eta herritarrak ez dira fidatzen ematen ari den mezuekin».

Atzo ere, agerian geratu zen herritarren ezinegona, Ermuan eginiko bilkuran. «Zergatik ez zeniguten lehenago esan airea kutsatuta zegoela? Zergatik sutea hasi eta ia astebetera?», galdetu zieten herritarrek Joseba Bidaurrazaga Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko zuzendariordeari eta beste ordezkariei. Bostehun herritar elkartu ziren Ermuko Antzokian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.