Informaziorik eza salatu du Elgetako alkateak

Lazkanok adierazi du telebista bidez jakin dutela gaurtik aurrera ezbeharraren inguruko koordinazio mahaian parte hartuko duela. Orain arte, informazio ofizialik ez dute jaso, haren esanetan.

Eitzagako zabortegiaren ezbeharraren inguruan, erakundeen arteko mahaiaren bilera. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2020ko otsailaren 18a
18:04
Entzun

Elgetako alkate Iraitz Lazkanok gutun ireki baten bidez salatu du herri hartako Udalak ez duela jaso Zaldibarko hondakindegian gertatutako ezbeharraren inguruko informazio ofizialik, Elgetak zabortegiarekin muga egin arren: «Etsigarria. Elgetarrok ez dugu hau merezi». Lazkanok azaldu du hilaren 10etik hainbat bider eskatu dutela ezbeharraren inguruko koordinazio batzarrean parte hartzea, Eibarko, Ermuko eta Zaldibarko alkateekin batera, baina ez dutela erantzunik jaso. Gaineratu du gaur jakin dutela hemendik aurrera Elgetak ere batzarrean parte hartuko duela, telebista bidez: «Ez dugu inolako gonbidapen edo jakinarazpenik jaso».

Otsailaren 10ean elkartu zen lehen aldiz koordinazio batzarra eta, horren berri izan ostean, bertan parte hartzeko eskaria egin zuen Elgetako Udalak. «Prestutasuna dugu parte hartzeko, ahal dugunean laguntzeko, eta informazioa zuzenean jaso nahi dugu», azaldu du Lazkanok. Bi egun geroago Gipuzkoako Aldundiko eta Jaurlaritzako ingurumen sailekin harremanetan jarri zela ere adierazi du, gainontzeko herrietan egin bezala, Elgetan ere aire neurketak egiteko eskatzeko. Alkateak azaldu du, ordea, bi eskaerek ez dutela inolako erantzunik izan.

Otsailaren 14an egin zituzten neurketak herrian, baina Udalari «inolako abisurik» eman gabe: «Harrituta jaso nuen herritar baten deia, arratsaldean auzo-gune baten airearen kalitatearen neurketak egiten jardun zutela esanez». Egun hartan iritsi ziren furano eta dioxina maila handien berri eman zuten datuak, eta Lazkanok azaldu du horien berri «bide ez-ofizialen bidez» izan zutela. «Zaldibarren Ermuan eta Eibarren kea toxikoa bada, Elgetan ez? Zabortegitik 500 metrora bizi diren herritarrei zer erantzun?», kritikatu du Elgetako alkateak. Gaineratu du hainbat egunetan ipar haizea aritu dela inguruan, eta horrek Elgetara bideratu duela kea.

Gutun osoa ikusgai hemen:

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.