Albistea entzun

Bizilagun gogaikarri hori

Olaetxea baserriak gainean du Verterren zabortegia; Egoarbitzak, aldiz, azpian, eta bete-betean sumatu dituzte hondamendiaren kalteak. Gertu bizi arren, informazio falta sumatu dute bi etxeetan.

Jon Urbe Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2020ko otsailak 25 10:04

«Nire etxean seguru egon nahi nuke; ez da asko eskatzea»

Lourdes Olaetxea. Olaetxea baserriko bizilaguna.

Autobideak eragotzi zuen luizia haren etxeraino iristea, eta bi aste daramatza han gaurik igaro gabe. 2007an zabortegia gelditzen saiatu zen, arrakastarik gabe.

Jon Urbe / Foku

Bost mendeko sustraiak ditu Olaetxea baserriak. Dotorea da, harrizko pareta sendoak ditu, eta fundatu zuenak haren abizena hartu zuen. Haren ondorengoen ondorengoa da Lourdes Olaetxea (Zaldibar, Bizkaia, 76 urte), bertan jaioa, bikotekidea bertara bildutakoa, eta seme-alabak bertan hazitakoa. «Nire familiak bostehun urte egin ditu hemen. Zeinek atera gu hemendik? Bada, honek atera gaitu, eta bolada baterako izango da. Ni ez naiz joan, ni bota egin naute». Verterren zabortegiko hondamendiaz mintzo da, azken bi asteetako gauak Eibarren igaro baititu. Besteak beste, debekatuta duelako etxean sartzea, eta berak ere ez ditu gauak bertan igaro nahi oraingoz. «Berriz ere jausteak ematen dit beldur. Eta, lehen, euri barik erori zen; orain euria egingo balu, zer? Ez daukagu segurtasunik».

Eitzaga Zaldibarko auzoan dago baserria. Luiziaren azpian ageri dena da, eta, autobideak eta Ermuko saihesbideak gelditu izan ez balituzte, lur eta zaborrak gainera eroriko ziren. Une hartan etxean zen Olaetxea, ahizparekin, eta ez ziren konturatu, baina berehala iritsi zen Ertzaintza eta etxetik atera zituzten. «Korrika atera, eta ezin ginela sartu esan ziguten. Berez ezin gara sartu, baina senarra eta biok etortzen gara, txakurra ateratzeko eta... Hark ez du errurik, beste batzuena da».

Orduak egiten ditu etxean; elkarrizketa hau ere han egin du, baina sentsazio arraroa du. «Kezka dut; nire etxea da, eta sendoa da, baina beste luizi bat etorriko balitz, ez dakit aguantatuko zukeen. Bide batez, hemendik esker ona adierazi nahi nieke Eibarko etxea utzi digutenei». Kezka du, eta harridura ere bai. «Galarazita dugu egotea, baina hor gainean jende asko dago lanean, eta autobidea irekita dago. Gu arriskuan bagaude, haiek ere bai. Badirudi garrantzitsuena autobidea irekitzea dela».

Baserriak errekatxoa du; behinola han egondako burdinolak eman zion izena. Sagardoa ere egiten zuten prentsan, baina hori iragana da. «Goiko sagarrondoak ere eraman zituzten». Eraman? Nora? «50.000 metro desjabetu zizkiguten autobidea egiteko. Han genituen zuhaitzak. Autobidea egin zuten lehendabizi; gero, Aixolako urtegia, eta duela bi urte, Ermuko saihesbidea alboan». Gelako leihoak itxita bizitzen ohitu dira, gau eta egun baitute trafiko zarata.

Olaetxearentzat ez da erraza hitz egitea. Gertu dago dena, eta «asimilatzeke» du oraindik. Amorru, beldur eta etsipen konbinazioa da. Kazetarien eta telebista kameren joan-etorriak ere ez du laguntzen. Hala ere, informazioa falta zaiola sentitzen du. «Informazio ofiziala nahi dut. Hona etor daitezela eta azalpenak jaso. Zer? Nola? Noiz arte? Etxera Zaldibarko zinegotzi bat baino ez da etorri, eta Jaurlaritzak ordezkariak bidali ditu auzora, bileretara, guztientzat hitz egitera. Baina guk ez dugu azalpen zuzenik jaso, eta gu gaude etxera itzuli ezinda».

Olaetxeak ondo zekien zabortegia gainean zuela. Kamioi mugimendu asko ikusten zuen, baina ez zuen uste hain handia zenik. Jabea ere ezagutzen du, aspalditik. Auzokoa du, eta harekin askotan hitz egindakoa da. Izan ere, etxekoak proiektua oztopatzen saiatu ziren 2007an. «Abokatua hartu eta helegitea jarri genuen, baina auzoko bakarrak izan ginen. Gehiago izan bagina, nork jakin. Alferrik izan zen, behin goikoek baimena emanda...».

Etxetik kanpo bolada bat egin beharko du, eta ez du fede handirik Justizian. Beraz, ez dio asko eskatzen etorkizunari. «Hau guztia ondo uztearekin konformatuko nintzateke, eta zikinkeria hori ken dezatela. Nire etxean seguru egon nahi nuke; ez da asko eskatzea, semeak eta ilobak lasai hartu ahal izatea». Eta, hala ere, badaki dena ilunagoa izan zitekeela. «Ni txarto nago, baina desagerturiko langileak okerrago daude; haiek, eta haien familiakoak. Ez dugu haiekin ahaztu behar».

 

«Astebete ikusi gabe egon, eta gorakada handia antzematen zen»

Jon Olaortua. Egoarbitza baserriko bizilaguna

Zabortegiko sutea izan da arazo nagusia Olaortuarentzat, eta, haizeak Elgetara jo izan duenean, kea etxeraino sartu zaie. Kamioilaria da ogibidez, eta ezagutzen ditu bi langile desagertuak.

Jon Urbe / Foku

Verterren zabortegiaren goiko aldea ikusteko talaia ezin hobea du Jon Olaortuak (Elgeta, Gipuzkoa, 54 urte) bere lurretan. Ez da bistarik ederrena, baina pare bat urtean itxiko zuten itxaropena zuen, gero lurrez estali, zigilatu eta gainean zuhaitzak jar zitzaten. «Nire kalkuluak dira. Material asko sartzen zen. Astebete ikusi gabe egon, eta sekulako gorakada antzematen zen. Babes tela gora bota, eta berehala harrapatzen zuen. Erritmo horretan laster beteko zutela uste dut nik».

Olaortua Elgetako Egoarbitza baserrian (Gipuzkoa) jaioa da, izen bereko mendiaren magalean. Zazpi anai-arrebaren arteko gazteena da, eta bertan gelditzea erabaki zuen, emaztearekin. Ogibidez kamioilaria ere bada, eta askotan joandakoa da lanera etxe azpiko zabortegira. Desagerturiko bi langileak ezagutzen ditu, eta maiz oroitzen da haiekin. «Alberto [Sololuze] baskulan egoten zen, paperak egiten; askotan hitz egin nuen harekin. Eta hondeamakinarekin, Joaquin [Beltran]; lurrak mugitzen-eta ibili ginen. Pertsona ona. Zer gertatuko da orain haren langileekin? Eta eurekin? Bila jarraitu behar dute, eta aurkitu. Agur duina merezi dute».

Zabortegiari begira egin du eskaera. 500 metro ingurura du. Bertan, makineria eta kamioi mugimendu handia dago, eta oraindik zabor geruza metro asko igotzeko tokia zegoela ikus daiteke, baita asmo horrekin mugituriko lurrak ere. Haizeak jotzen duenean kiratsa igotzen da, Olaortuak dioenez, luizia gertatu aurretik hasia zen kiratsa. Zorionez, baina, bizilekua koska baten atzean du, eta babes naturala da usain txarraren aurka. Suteko kearekin, baina, ez zen hain eraginkorra: «Haizearen araberakoa zen. Elgetara jotzen zuenean... Pare bat egun oso txar egon ziren, kea etxean sartuta, leihoak erabat itxita. Egun horietan nabaritu dugu azkura eztarrian eta plastiko errearen usain sakona. Hurrengo egunean agian ia ez zen nabaritzen. Emaztea ni baino kezkatuago zegoen, eta 'joan beharko dugu hemendik', esaten zidan. Baina ganadua-eta hemen ditugu, eta haiek zaindu behar dira. Sutea luzatu izan balitz, ziur asko joan egingo ginatekeen».

Biek ia egun osoa egiten dute kanpoan, lana dela-eta, eta horrek egoera erraztu die, baina ez daude erabat lasai, badakitelako sua edonoiz pitz daitekeela berriz. «Hori ondo estaltzen ez den bitartean, gasek beti aurkituko dute nondik arnasa hartu». Haren ardura nagusia, baina, beheko baserriak dira. «Arazo handiagoa dute terrenoekin. Eitzagakoak, Etxebarri baserrikoak... Euria hasten bada, arazo handia egon daiteke; agian beste luizi bat. Ura barruan sartzen da, eta presio handia egiten du kanpora».

Zabortegia parean du, baina informazio falta sumatu du. «Inor ez da etorri. Bertan gaude; goitik gertuen bizi direnak geu gara, eta eskertuko genuen azalpen ofizialen bat, lehen eskuko zerbait, airearen kalitateari buruz edo». Elgetako Udalarentzat, aldiz, hitz onak ditu. «Alkatea gainean egon da; hark eman digu informazio bakarra. Etxea ere eskaini zigun herrian hara joan nahiko bagenu, baina esan genion guk ere badugula pisu bat bertan».

Luizia gertatu zenean kanpoan zen Olaortua, eta, jakitean, ezin zuen sinetsi; ez zuen espero. Bertan, ohikoa zen zortzi-hamar bat langile egotea, eta uste zuen hondamendia handiagoa izan zitekeela. Ondorioak larriagoak izan ez badira, desagerturikoak beste langileak abisatzera joan zirelako dela uste du. Aurrera begira, urteetako lana ikusten du, eta, haren iritziz, ez dute lur guztia aterako. «Lur solte gehienak erdian daude, eta nonbaitera eraman beharko dituzte. Baina uste dut goiko hauek zigilatu eta lurrez estali egingo dituztela».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Atzo Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako agerraldia; Iratxe Retolazak eta Leire Vargasek irakurri zuten adierazpena. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Euskarak izan behar du hezkuntza sistemako hizkuntza normalizatua»

Imanol Magro Eizmendi - Arantxa Iraola

Euskalgintzako hainbat pertsona ezagun batu ditu Euskalgintzaren Kontseiluak; adierazi dute euskara eta euskal kultura behar dituela ardatz Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako ontzen ari diren Hezkuntza Legeak

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

ERAGILE, EGILE ETA ORDEZKARI

Julen Aperrribai

Duela 25 urte sortu zuten Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, euskararen normalizazio prozesua bizkortzeko eta euskalgintzako erakundeak bateratzeko. Hizkuntza politiketara begirako akordio sozial zabalak, plangintzak eta proposamen zehatzak eragiteko gaitasuna izan du hasieratik. Adostasunok galgatu egin dira sarritan pauso berean: maila sozialetik maila politikora eramateko unean.
 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Adostasun politikoek edukia behar dute; ez gaude argazkien garaian»

Maite Asensio Lozano

Lema uztera doala, azken urteetan egindako aurrerapausoak gogoratu ditu, baina aitortu du arazo batzuk «kronifikatzen» ari direla. Hartara, hizkuntza politika «sendoak» eskatu ditu.
Osakidetzako krisia areagotu du beste arduradun baten dimisioak

Osakidetzako krisia areagotu du beste arduradun baten dimisioak

Ion Orzaiz

Kargua utzi du Adolfo Begiristainek, Donostia ospitaleko kirurgia zerbitzuko zuzendariordeak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.