Eusko Legebiltzarrerako bozak

«Fronte popularrari» aurre egin nahi dio Iturgaizek

Carlos Iturgaiz lehendakarigai izendatuta, Alfonso Alonso paretik kendu du PPren zuzendaritzak, Ciudadanosekin eginiko koalizioarekin kritiko agertu ostean.

jarraia177912.jpg
2020ko otsailaren 23a
21:02
Entzun

Carlos Iturgaiz Euskal Herriko politikagintzara itzuliko da, lehendakarigaia izango baita PP eta Ciudadanos alderdiek elkarrekin osatu duten hautagaitzan, Eusko Legebiltzarrerako apirilaren 5eko hauteskundeetan. Horixe iragarri zuen atzo PPko idazkari nagusi Teodoro Garcia Egeak. Politikara «ilusioz» itzuliko dela azaldu du Iturgaizek: «Askatasuna, Konstituzioa eta Espainia defendatzeko erreferentea gara gure euskal lur maitean». Halere, erabakiak eztabaida handia sortu du alderdiaren barruan, PPko Euskadiko presidente Alfonso Alonso erditik kentzea erabaki baitute Madrildik.

Iturgaizek egin ditu bere lehen adierazpenak lehendakarigai gisa. EH Bilduri erreferentzia eginez, azaldu du PSOEk «Espainia gorroto dutenak» hautatu dituela bazkide gisa, eta nabarmendu du «sozialistek, komunistek, separatistek eta batasunoek» osatzen duten «fronte popularraren» aurkako euskarri izan behar duela alderdiak. Horiei aurre egiteko, «askatasuna, Konstituzioa eta Espainiaren batasuna» defendatu beharra aldarrikatu du, Radio Euskadin. Haren ustez, askok pentsatzen dute PPk orain arte ez duela rol hori jokatu: «Euskadiko PPri indar hori eman behar zaio, PPko eta Ciudadanoseko boto emaileak, eta lehen PP bozkatu eta hura bozkatzeari utzi ziotenak eroso sentitzeko». Hori lortzeko bidean, «arrakastatzat» jo du PP+Cs koalizioa, «zentro eskuina» batzeko.

Txanponaren beste aldea Alfonso Alonso da. Hark sare sozialen bidez adierazi zuen atzo ez dela lehendakarigai izango: «PPko presidente Pablo Casadok adierazi berri dit ez naizela hautagai izango hauteskundeetan. Euskadiko PPk, beti nire alderdia izan denak eta beti izango denak emaniko babesa eskertu nahi dut». Koalizio akordioarekin oso kritikoa izan da Alonso, PPk Ciudadanosi eskaini dizkion postuak direla eta. Horregatik erabaki du PPko presidente Pablo Casadok hura baztertzea, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko kargudun gehienen babesa izan arren. Esaterako, Arabako PPko presidente Iñaki Oiartzabalek adierazi du Alonsok «bere errespetu guztia» duela, eta eskerrak eman dizkio «hutsik gabeko ibilbidea» izateagatik.

Halere, ez da berria Alonsoren eta Casadoren arteko tirabira, Alonsok Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteorde ohia, Casadoren aurkaria, babestu baitzuen alderdiaren presidentetzarako barne hauteskundeetan, 2018an. Horren ondorioz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPn aldaketak nahi ditu alderdiaren buruzagitzak. Esaterako, Gipuzkoako presidente kargua oraindik hutsik dago, Borja Senperrek kargua utzi ostean, Borja Corominasen izendapenari betoa jarri baitio Casadok.

Madrilen babespean

Iturgaizek izan ditu bere aldeko hitzak ere. Bizkaiko PPko presidente Raquel Gonzalez izan da hari babesa adierazten lehenetakoa: «Zorionak izendapenagatik, eta eskerrik asko zure eskuzabaltasunagatik». Casadoren ildoaren gustuko hautagaia da Iturgaiz, eta horren adibide da PPko bozeramaile Cayetana Alvarez de Toledoren mezua ere. Adierazi du Iturgaiz dela hura PPn afiliatu izanaren arrazoietako bat: «Adorearen, konbikzio demokratikoen eta nazionalismoari aurre egiteko gaitasunaren adibide bat da».

Iturgaiz 1996tik 2004ra alderdiko Euskadiko presidente izan zen, eta ordutik iaz arte Europan ibili da eurodiputatu. Europako iazko hauteskundeen atarian, politika uztera zihoala iragarri zuen, ez zuelako uste hautatuko zutenik. Bete-betean asmatu zuen, baina politika uzteko iragarpena ez doa betetzera. Gainera, Casadok gogoratu du hura izan dela PPk izan dituen lehendakarigaietan boto gehien lortu dituena.

Atzerako pausoa

EH Bilduk eta Ahal Dugu-k ez dute ontzat jo Iturgaizen izendapena. EH Bilduko legebiltzarkide Iker Casanovaren arabera, aldaketa «drastikoa» da, PP 1990eko hamarkadara daramana. Era berean, Lander Martinez Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak «harrigarritzat» jo du izendapena, eta Radio Euskadin azaldu du «iraganera itzultzea» eta «polarizazioa eta tentsioa handitzea» dakartzala erabakiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.