Autogintza

Volkswagenek «onartezin» iritzi dio Landanbengo absentismoa igo izanari

Langileen batzordeko sindikatuei eskatu die gaixotasun agirien kopurua murrizteko neurri sorta hitzartu behar dutela Aste Santurako, «lehiakortasunari larriki kalte egiten baitio»

Volkswagen Poloak. VOLKSWAGEN
joxerra senar
2020ko otsailaren 24a
13:31
Entzun

Volkswagenek ohartarazpen argi bat egin die langileei eta sindikatuei. «Ezin dugu utzi gorantz doan absentismoak gure fabrikaren etorkizuna arriskuan jartzen», aipatu du Jesus Galindo VW Navarrako Industria Harremanen arduradunak. Zuzendaritzak ohar bidez jakinarazi duenez, azken zortzi urteetan, absentismoa handitu egin da, %4 zena %7,8 bihurtu da, eta horren gaineko «kezka sakona» dute. Horregatik, Aste Santurako neurri sorta bat hitzartzea proposatu die sindikatuei.

Kezka hori ez da berria. Abenduan, VWek sindikatuei proposatu zien mutualitateen esku uztea Landabengo langileen gaixo agirien kudeaketa, eta horrek sindikatuen haserrea piztu zuen. Batzordeak aho batez bost eguneko grebara deitu zuen, abenduaren 17tik 23ra. Ustez, zuzendaritzak atzera egin zuen proposamenean, baina Wolfsburgek Iruñeko zuzendaritzari eskatu zion otsailaren 1erako neurriak hartzeko. Azkenean, epemuga atzeratu egin da, baina kaleratu berri den oharrak agerian utzi du Aste Santurako neurriak hartu nahi dituztela.

Testuinguru horretan ulertu behar da prentsa oharra. Gaur, bilera izan dute Landabenen sindikatuekin, eta, han, Iruñeko zuzendaritzak mehatxatu du produkzioa gal dezaketela, beste fabrika batzuen mesedetan. Egun, Iruñean Polo eta T-Cross ekoizten dira, eta, Galindoren arabera, beste lantoki batzuk har dezakete ekoizpen hori «baldin eta lehiakortasuna galtzen bada».

2021etik aurrera, Mutua Navarra

VWek «absentismoa murrizteko» hainbat neurri proposatu ditu bilera horretan; haren hitzetan, arazoaren zergatiak ere anitz baitira: langileen lan osasuna, lanaren antolakuntza, langileen motibazioa eta lana familiarekin uztartzea.

Abenduan, gaixo agirien kudeaketa mutualitateen esku uztea proposatu ondotik, antzeko neurria hartuko dutela ohartarazi du. Agiria ohiko gertakizunen ondorioz eskatzen denean, Mutua Navarrak hartuko du gestioa, 2021etik aurrera: «Lehenik eta behin, Alemaniako zentralak hala exijitzen digu. Bigarrenik, uste dugu neurri mesedegarria dela langileen osasunerako, azkarrago eta hobeto osa daitezen eta, ondorioz, absentismo indizea txikitu dadin». Galindok zehaztu du ahalmen hori enpresarena dela eta alde bakarreko erabakia izan daitekeela, sindikatuek nahi ala ez.

Kerstin Sholz VW Navarrako lan harremanetako zuzendariaren hitzetan, «egoera larria» da, eta «erantzun irmoa» eskatzen du. «Guztion artean gai izan behar gara neurriak hartzeko fabrikaren absentismoa murriztu dadin, lehiakortasuna irabazteko eta etorkizunera begira VW taldeak plantea dezakeen edozein erronkari aurre egin ahal izateko, batik bat elektrifikazioaren ingurukoa».

Autogintzaren etorkizuna ibilgailu elektrikoak dira, eta mezu horrekin aditzera eman nahi izan du Schozek euren proposamena onartuz gero, etorkizunean, akaso, ibilgailu elektrikoak ekoizteko aukera izan dezakeela Iruñeko fabrikak.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.