Osasun larrialdia

Nafarroan zazpi koronabirus kasu baztertu dituzte

Nafarroak koronabirusaren aurkako protokoloa aktibatu du, eta Osasunaren Munduko Erakundeak "balizko pandemia" kasu baterako prestatzeko eskatu du.  Koronabirusaren heriotza tasa %2 eta %4 artekoa da Wuhanen, eta %0,7koa, berriz, handik kanpo.

Gizon bat Hagan (Herbehereak) maskarilla bat erosten. PHIL NIHJUIS, EFE
2020ko otsailaren 24a
17:18
Entzun

Nafarroako Gobernuko Osasun sailak zazpi koronabirus kasu baztertu ditu, eta beste bi pertsonaren emaitzak bihar jakinaraziko ditu. Oraindik indarrean jarraituko du Osasun Sailak koronabirusaren aurka aktibatu duen protokoloak. Horrenbestez, kontrolak egiten jarraituko dute gaixotasunaren sintomak  dituzten eta Italiako Lonbardia edo Veneto eskualdeetan egon diren herritarrei. Probak egin dizkieten herritarrek etxean edo Nafarroako Ospitale gunean bakartuta egon behar izan dute, eta orain bizimodu normala egiten jarraitu dezakete, baina bi astean euren buruari jarraipena egin beharko diote, sintoma gehiago agertzen ez zaizkiela edo oraingoak okerragora ez doazela ziurtatzeko.

Gaur piztu dira alarmak Nafarroan. Albiste agentziek zabaldu duenez, Nafarroako Ospitale Guneak koronabirusaren aurkako protokoloa aktibatu du, lau pazientek birusa izan zezaketelakoan. Lau ikasle artatzen ari direla esan dute, horietatik hiru italiarrak. Berriki izan dira Italian, eta sintomak dituztela-eta artatu dituzte.

Bizkaian, Barakaldoko Gurutzetako ospitalean ari dira artatzen ustezko koronabirus kasuak. Oraingoz, ordea, ez da kasurik baieztatu. Eusko Jaurlaritzak gainera, ez du daturik emanen positiborik ez dagoen bitartean. Gaur-gaurkoz ez dago baieztatutako kasurik.

Nazioartean kezka handia eragin du Txinako Wuhan hirian zabaltzen hasi zen birusak. Txinan jadanik 1.770 dira birusaren ondorioz hildakoak, eta 77.150 kutsatuak. Osasunaren Mundu Erakundeko lehendakari Tedros Adhanom Ghebreyesusek gaur adierazi du mundua “balizko pandemia” baterako prestatu behar dela. Osasunaren Mundu Erakundekoek, gainera, nabarmendu dute ez dela errealista mundua “gelditu” eta estatuen arteko transmisioa etetea. Birusa azkar zabaltzen ari den arren, heriotza tasa %2 eta %4 artekoa da Wuhanen, %0,7koa handik kanpo.

Txinaz harago, birusaren agerraldia nabarmena da Ipar Korean, Iranen eta Italian. Italia iparraldean, sei dira hildakoak, eta 229 pertsona daude kutsatuak. Gehienak adinekoak dira, aurretik ere gaixorik zeudenak. Egoera hori ikusirik, hamar bat herri bakartu zituzten herenegun —50.000 lagun inguru—, eta Veneziako inauteriak bertan behera utzi behar izan dituzte; Milanen eta Turinen, eskolak, museoak eta tabernak itxi behar izan dituzte. Veneto, Lombardia, Piemonte eta Emilia-Romagna probintzietan atzeman dituzte kasu ia guztiak. Italiako Gobernuak oraindik ez du aurkitu zein den kutsaduren iturria, baina Lombardiako Lodira eta Venetoko Vo'Euganeora mugatu dute.

Iranen, azken bi asteetan gutxienez 50 lagun hil dira koronabirusagatik, denak erdialdeko Qom hirian, ILNA berri agentziak jakinarazi duenez; 250 herritar berrogeialdian daude.

Eragina ekonomian

Brexit-az geroztiko jaitsierarik handiena gertatzen ari da Europako merkatuetan. Indize nagusiak %3tik behera amiltzen ari dira, eta jaitsiera %4ra heldu da Italiako burtsa nagusian, Milanen. Balio gehien galtzen ari direnen artean daude hegazkin konpainiak —Txinarako hegaldiak eten egin dira—, turismoari lotutakoak eta Txinako merkatuarekiko menpekotasunik handien dutenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.