Eider Saragueta

«Gazteek badakite euskara egoera zaurgarrian dagoela»

Eider Saraguetak translanguaging pedagogikoaren garrantzia azpimarratu du, ikasleek ezagutzen dituzten hizkuntzei ahalik eta etekin gehiena ateratzeko eta «euskara bera ere indartzeko eta ikasteko».

jarraia178180.jpg
Natalia Salazar Orbe.
2020ko otsailaren 29a
10:19
Entzun

Durangaldeko ikastetxe bateko D ereduko ikasgela bat aztertzen aritu da Eider Saragueta EHUko ikerlaria bi ikasturtean. Lehen Hezkuntzako 10 eta 12 urte arteko ikasleen talde baten hizkuntza ohiturak aztertu ditu, bosgarren eta seigarren mailakoenak.

Gazteen hizkuntza erabilera, identitatea eta hizkuntzen arteko jauziak aztertu dituzu. Zer harreman dago horien artean?

Hiztun osoak gara. Identitatea eta hizkuntza gure parte dira; elkarri lotuta daude. Bi urteko ikerketa izan denez, aukera izan dugu modu sakonean ikusteko ikasleek zer-nola adierazten duten beren identitatea, eta zer-nola lotzen edo harilkatzen duten hizkuntzarekin.

Argitu duzu euskararen ezagutzak gora egin arren erabilera zergatik ez den hazten neurri berean?

Faktore asko daude. Nik unearen argazki bat egin dut ikusteko egungo gazte hauek zer egoeratan dauden eta zer ezaugarri dituzten. Sarri uste dugu gazteak ez direla kontziente euskara zer egoeratan dagoen, edo ez dutela baloratzen. Ikusi dut baietz, ordea; badakitela euskara egoera zaurgarrian dagoela, baina, hala ere, ez ditu erakartzen, ez dira animatzen euskara erabiltzera.

Ikerketa gehiago ere badaude horren inguruan, eta erakusten dute baliabide falta dagoela edo ikus-entzunezko erakargarririk ez dutela... Badaude gazteak erakartzeko gauzak, baina agian beste era batean landu behar dira. Esaterako, ikusi da Go!azen telesailak izugarrizko arrakasta izan duela gazteen artean; edo Gure Kasa saioa ere oso egokia dela adin tarte baterako. Hala ere, adin tarte bat zintzilik geratzen da. Beste zerbait falta zaigu.

Zer hizkuntzatan kontsumitzen dituzte ikus-entzunezkoak?

Askok irakurtzen dute euskaraz. Toti Martinez de Lezearen liburuak, esaterako, oso arrakastatsuak dira. Baina denek ez dute irakurtzen. Beste ikasle batzuek esan zuten gaztelerazko bideo jokoak erabiltzen dituztela. Euskarazkoak ez dituzte ezagutzen. Ez dakit aukerarik ba ote dagoen ere. Telebistari dagokionez, kate nagusiak ikusten dituzte: Tele5 eta Antena3, kasurako. Faktore asko daude. Telebista ikusten dutenean, askotan gurasoekin egoten dira. Gurasoak erdaldunak badira, telebista gazteleraz ikusiko dute.

Ikerketa hasi nuenean, Gure Kasa saioa hasi zen oihartzuna izaten. Haren aurretik egon zen Gu Ta Gutarrak saioa ere ikusten zuten, gazte hizkera zegoelako, gazteak zirelako telebistan agertzen zirenak, gazteek egindako programa bat zelako, edukiak ere desberdinak zirelako ez dakit hezigarriak ziren; hori beste kontu bat da, baina euskaraz entzuteko aukera ematen zien.

Zer esparrutan erabiltzen dituzte euskara eta gaztelera?

Batez ere eskola barruko erabileran zentratu naiz. Ikasleen arteko elkarrizketa batzuk gazteleraz izaten ziren. Bereizi egin behar dira egoerak: irakasleari beti hitz egiten zioten euskaraz. Gaztelaniazko saioetan zeudenean, ohiko hizkuntza gaztelera zen, baina, esku hartzearen bukaeran, ariketa batzuk euskaraz egiten zituztenean gaztelerazko saioetan, ikasleen arteko dinamikak euskaraz sortzen hasi ziren. Hori izan zen ikusi genituen gauza berezietako bat. Gauza bera ikusi genuen ingeleseko saioetan ere: hiru hizkuntzak erabiltzen dituzte, oraindik ikasten ari direlako.

Zer dela eta gertatzen da hori?

Esku hartze hau diseinatu genuenean, hainbat ariketa planteatu genituen. Helburua zen ikasleek aurrez daukaten ezagutza erabiltzea. Ariketa batean, ingelesezko paragrafo bat jartzen genien irakurtzeko. Bertan, hainbat hitz sustraikide izan daitezke; alegia, gazteleraz edo euskaraz antzekoak direnak. Horrek arrasto batzuk ematen dizkigu testuak hobeto ulertzeko. Ikasleak hitz horien bila ari ziren bitartean, elkarrizketa horietan euskara eta gaztelera tartekatzen zituzten esaldi beretan. Gure asmoa zen helburu jakin batekin erabiltzea dakizkiten hizkuntzak, aurrez planifikatutako era batean.

Translanguaging jardueraren garrantzia azpimarratu duzu. Zer da zehazki?

Translanguaging da elebidunok edo eleaniztunok berez daukagun ezaugarri bat, modu espontaneoan erabiltzen duguna. Esaterako, zinean gazteleraz ikusi dudan film baten laburpena euskaraz konta diezaieket nire lagunei. Nik hizkuntza batean jaso dut, baina beste batean emateko gai naiz. Hori gelara ekartzean, translanguaging pedagogikoa egiten dugu. Aurrez planifikatutako ariketak erabiltzen ditugu. Ikasleek duten hizkuntza errepertorioari ahalik eta etekin handiena atera nahi diogu. Beraiek dauzkaten ezagutza horiek erabili nahi ditugu, ez ingelesa edo gaztelera ikasteko, baizik eta euskara bera ere indartzeko eta ikasteko. Askotan ikasle batzuk trebeagoak dira gazteleraz, eta euskara ikasteko erabili behar dute ezagutza hori. Beste tresna bat ematea da.

Ebatzi duzue euskara beste hizkuntza batzuk ikasteko makulua izan daitekeela. Zer onura du?

Urteetan ohitura egon da hizkuntzak modu isolatuan eta bereizita irakasteko. Ingelesezko eskolan ingelesez bakarrik egin behar duzu. Zaila da ez badira baliabideak jartzen; hiztegia edo gramatika ez badituzu ezagutzen, zaila da hitz egin ahal izatea. Aitzitik, ikasleei aukera ematen badiezu ezagutzen dituzten egoerak eta egiturak erabiltzeko, posible da hitz bat edo esaldi bat euskaraz esatea, baina ari dira hizkuntza hartzen; laguntzen ari zara.

Translanguaging-ak zer-nola garatzen du hizkuntza kontzientzia?

Ikasleak ariketa horiek egiten ari diren bitartean, lotura asko sortzen ari dira hizkuntzen artean. Horrek ere laguntzen dizu hizkuntzen inguruko kontzientzia garatzen. Ingelesez idatzitako paragrafo bat bilatzen dugu hitz sustraikide asko dituena, euskaraz eta gazteleraz lotura asko izango dituena. Ikasleek, horiek sailkatzerako garaian, hiru hizkuntzetan ikusten dute zer baliokide dauden edo ez dauden. Horren bidez, hizkuntzak maila berean daudela ikusten dute, eta erabilgarritasuna eta etekina atera diezaieketela hiru hizkuntzei.

Garrantzi bera daukatela jabetzen dira.

Taula batean sailkatu behar dituzte: lehenengo zutabean, euskara; bigarrenean, gaztelera; eta hirugarrenean, ingelesa. Eta azpian idatzi behar dituzte hitz sustraikideak. Demagun testu bat itsasoari buruzkoa dela, eta ingelesez agertzen dela ocean hitza. Gazteleraz océano idatziko dute, eta euskaraz, ozeanoa. Hiru hitzak daude maila berean. Pareko. Estatus bera dute hiru hizkuntzetan, erabilgarritasun eta balio bera dutelako.

Zergatik egin duzu lan hau? Eta atera dituzun ondorioak erabil al daitezke euskararen erabilera indartzeko?

Lan hau oso espezifikoa da, eta sakonekoa. Ez dut egin gero estrapolatzeko. Interesgarria izango litzateke beste hainbat eremutan horrelako argazki antzekoak ateratzea. Lan honek helburu asko zituen, baina garrantzitsuenetako bat zen ikasleen ahotsa entzutea. Argi neukan ikasleek esateko zeukaten hori entzun nahi nuela. Askotan gazteei eta haien hizkuntza erabilerei buruz hitz egiten dugu, baina ez diegu beraiei galdetzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.