Albistea entzun

Langileak bilatzeko lanetan ez direla behar beste baliabide jarri salatu dute senideek

Joaguin Beltranen senideek azaldu dute bilaketa lanak «deskoordinatuak eta eskasak» izan direla: «Politikariak bazter daitezela, eta utz diezaietela teknikariei egiten».

LUIS TEJIDO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Mikel P. Ansa -

2020ko martxoak 4

Zabortegiko luiziak azpian harrapatu zituen langileetako baten senideek, Joaquin Beltranenek, agiri bat plazaratu dute. Erreskatean aritu diren profesional guztiei eskerrak eman dizkiete, «bihotz-bihotzez»: suhiltzaileei, ertzainei eta haien txakurrei, forentseei, boluntarioei, ingurumen arloan lanean ari direnei, herritarren mugimenduei, era batera edo bestera lagundu duten guztiei, eta haien «minarekin enpatizatzen jakin duten guztiei».

Baina senideak kritiko agertu dira operatiboa gidatzen ari direnekin: «Bilaketa lanak erabat deskoordinatuak izan dira goitik, eta guztiz desegokiak eta eskasak. Errealitatea da Albertok [Sololuze; desagertutako beste langilea] eta Joaquinek zaborraren azpian jarraitzen dutela».

Agiria plazaratuta ozendu dute ahotsa gaur, baina orain arte isilik egotea erabaki dutela ere azaldu dute: «Uste genuen lehentasuna bilaketan aurrera egitea zela, profesionalen esku utziz, gure kritikengatik edo ezinegonengatik kalterik egin gabe».

Ia lau aste pasatu dira, eta esan dute denbora horretan ezbeharraren erantzukizunari buruzko eztabaidetan ez sartzen ahalegindu direla, eta alderdien eta Eusko Jaurlaritzako sailburuen eta lehendakariaren beraren adierazpenen «ikuskizun lotsagarritik» aparte egoten ahalegindu direla. Baina pazientzia agortu zaie, eta operatiboa gidatu duten «komisario politikoen» jokabidea «zentzurik batere gabea» izan dela adierazi dute gaur.

Desagertutako langileak bilatzeko operatiboan itxurakeriak izan direla esan dute, «edukirik gabeko agertoki huts bat» izan dela bilaketa zenbait momentutan, eta hori hauteskundeen atarian egotearekin lotu dute. Iñigo Urkullu lehendakariaren autokritikari egin diote erreferentzia, testuinguru horretan: «Autokritikak ez du ezertarako balio ez bada ezer kritikatzen, ez bada ezer zuzentzen». Baina alderdien arteko liskarrak eta auziari errentagarritasun politikoa atera nahi izatea ere kritikatu dute senideek, orobat.

Erregaia eta jendea falta

Beren etsia esplikatzeko, adibideak eman dituzte: lanak gelditu izan direla langileak edo erregaia falta izan direlako —eta familiak utzitakoak erabili dituztela—; ez direla lan txanda operatiboak antolatu; ez direla langileentzako segurtasun arauak bete eta haien bizitza arriskuan jarri dela —Moyua enpresaren jokabidea aipatu dute, zehazki—; eta bilaketa lanetarako ez direla behar beste baliabide jarri. «Ulertzen ditugu erreskate lanen zailtasun eta arriskuak, baina, esperientziadun profesionalek azaldu digutenez, egiten ari dena baino askoz gehiago egin liteke».

Bilaketa operatiboaren akatsak kritikatu dituzte Beltranen senideek, eta erantsi dute ez dela momentua erantzukizunei buruz hitz egiteko. Dena den, ohartarazi dute ez dutela onartuko ikustea «politikaren espektakulua», «nola batzuek eta besteek elkar akusatzen duten»: «Behin hauteskundeak pasatuta, tragedia honek gehiago molestatzen ez duenean edo politikoki errentagarri izateari utziko dionean, gure senideak ahanzturan erortzea ez dugu onartuko».

Lehentasunak, «egiazko lehentasunak», langileak aurkitzea izan behar duela berretsi dute: «Itzultzen badizkigute soilik igaro ahalko dugu haien galera ikaragarriaren dolua. Ezin dira bilaketa lanak eten. Ezin da egin egingo balitz bezala». Argi adierazi dute: «Politikoak bazter daitezela, eta utz diezaietela teknikariei».

Neurri zehatzak eskatu dituzte; adibidez, larrialdietako burua izatea bilaketa lanean ari diren talde guztientzako agintaria, baliabide publiko eta pribatu guztiak koordinatzeko, eta profesional egokienak erabiltzeko. Urkulluri zuzendu zaizkio azken esaldian: «Lehendakari, ez dugu utziko ahaztu zaitezen: Alberto eta Joaquin gogoan».

Alberto Sololuzeren senideek ere salatu izan dute bilaketa lanetan enpeinu gutxi ikusi izan dutela, eta desagertuak bilatzeko esfortzu handiagoa eskatu izan dute. Instituzioek «abandonatu» egin dituztela sentitzen dutela eta lehen eskuko informaziorik ez dutela salatu zuten hasiera samarretik. Pedro Alberdi Alberto Sololuzeren koinatuak gutun bat ere idatzi zuen Eibarko Eta Kitto aldizkarian, esateko «diru goseak» hil zuela bere koinatua, eta ez mendiak.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

ERAGILE, EGILE ETA ORDEZKARI

Julen Aperrribai

Duela 25 urte sortu zuten Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, euskararen normalizazio prozesua bizkortzeko eta euskalgintzako erakundeak bateratzeko. Hizkuntza politiketara begirako akordio sozial zabalak, plangintzak eta proposamen zehatzak eragiteko gaitasuna izan du hasieratik. Adostasunok galgatu egin dira sarritan pauso berean: maila sozialetik maila politikora eramateko unean.
 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Adostasun politikoek edukia behar dute; ez gaude argazkien garaian»

Maite Asensio Lozano

Lema uztera doala, azken urteetan egindako aurrerapausoak gogoratu ditu, baina aitortu du arazo batzuk «kronifikatzen» ari direla. Hartara, hizkuntza politika «sendoak» eskatu ditu.
Atzo Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako agerraldia; Iratxe Retolazak eta Leire Vargasek irakurri zuten adierazpena. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Euskarak izan behar du hezkuntza sistemako hizkuntza normalizatua»

Imanol Magro Eizmendi Arantxa Iraola

Euskalgintzako hainbat pertsona ezagun batu ditu Euskalgintzaren Kontseiluak; adierazi dute euskara eta euskal kultura behar dituela ardatz Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako ontzen ari diren Hezkuntza Legeak

Osakidetzako krisia areagotu du beste arduradun baten dimisioak

Ion Orzaiz

Kargua utzi du Adolfo Begiristainek, Donostia ospitaleko kirurgia zerbitzuko zuzendariordeak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.