Koronabirusa

Beste lau kasu atzeman dituzte Osakidetzan, baina esan dute birusa «euste» fasean dagoela oraindik

Eguerdiko kontaketa horra: hamahiru kasu Araban, bina Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroan, eta bakar bat Lapurdin.

Nekane Murga Osasun sailburua. DAVID AGUILAR / EFE
arantxa iraola
2020ko martxoaren 4a
13:15
Entzun

«Beste lau kasu atzeman ditugu». Koronabirusaren eboluzioaren berri emateko agerraldi bat egin du eguerdian Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak Zaintza Epidemiologikoko arduradun Txema Arteagagoitiarekin batera. «Hamazazpi kasu ditugu denera». Handituz doa, era berean, kasu horietako bakoitzari atxikita egin behar izan duten kontaktuen zerrenda; 250 pertsona inguru daude bakartuta, pertsona birusdun bat ondoan izatearen ondorioz haiei ere gaitzaren sintomak ager dakizkiekeelakoan.

Atzo onartu zuten horien artean ehun bat osasunaren arloko profesionalak direla; izan ere, gaitza erruz zabaldu da Gasteizko Txagorritxu erietxean eta hiriko beste zenbait osasun etxetan, hango langile bat eritu eta gero. Osasun zerbitzuan egindako «berrantolaketaren» ondorioz, hala ere, osasun arta «bermatuta» dagoela esan du sailburuak. Adierazi du, halaber, Osakidetzak zenbatutako kasuez harago, Arabako kasuekin lotuta badaudela beste bi ere, Espainian: Errioxan eta Gaztelan.

Gora egin du, atzotik, gaitzaren ondorioz erietxera eraman behar izan dituzten pazienteen kopuruak ere. Bi ziren atzo; sei dira gaur. Lau Arabakoak dira, eta bina Gipuzkoa eta Bizkaikoak. Gasteizen ospitalera eraman behar izan duten gaixoetako bat «larri» dagoela onartu du Murgak; koronabirusaz gain, beste hainbat patologia ere badituela esplikatu du, eta horrek korapilatu egin duela egoera.

Kasuen ugaritzea ez da Osakidetzarentzat, hala ere, oraindik aparteko neurriak hartzen hasteko motibo. «Euste fasean gaude». Horiek horrela, orain arte emandako garbitasun neurriak gogora ekarri ditu: eskuak sarri garbitzea, berriz erabili ezin diren musuzapiak erabiltzea, eta eztula eta doministiku egitean ahoa ondo tapatzea. Osasun profesionalentzako hainbat jarraibide indarrean daudela esan du, eta lanerako irizpideak zuzendu dituztela «zentro soziosanitarioei» begira ere; batez ere, zahar etxeetarako. Adinekoak dauden etxeetan ere eskuekin maiz ukitzen diren tokietan garbitasuna zorroztera egin behar dela esan du: urari «lixiba» botata garbitzea komeni da.

Jendetzak saihesteko neurriak ematen ari dira zenbait tokitan. Orain arte horren alde ez du Jaurlaritzak, eta asmo hori bera berretsi du gaur Nafarroako Gobernuak. Murgari galdetu diote ea zer asmo duten hilaren 25ean Milan taldeak Baskoniaren kontra Gasteizen jokatzekoa duen saskibaloi partidari dagokionez, eta «aztertzen» ari direla esan du.

«Euste fasean» daudela berretsita, Arteagaotiak kasu positibo berri bakoitzaren harira egin behar izaten den lan handia nabarmendu du; izan ere, egiteko zamatsua da pertsona horrek gertuan izandako pertsona guztiekin harremanetan jartzea eta haiei prebentzio neurrien berri ematea. «Erronka handia da». Alde horretatik, Osakidetzan epidemiologiaren arloan diharduten langileak lan handia egiten ari direla esan du: «Oso ondo ari dira».

Ipar Euskal Herriko lehen kasua

Gaur goizean jakin da Lapurdin ere kasu bat agertu dela, eta, beraz, gero eta eremu handiagoa hartzen ari da gaitza Euskal Herrian. Eguerdiko kontaketa horra: hamahiru kasu Araban, bina Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroan, eta bakar bat Lapurdin.

34 urteko gizonezko bat da Lapurdiko kasua. Pirinio Atlantikoetako Prefeturak gaur eman du kasuaren berri, adieraziz atzo arratsaldean atzeman zutela, eta «Baiona ingurukoa» dela. Eskualdeko Osasun Agentziako ordezkariek jakinarazi dute Italian bidaia bat egitetik zetorrela gizon hori, Lonbardiatik, eta, beraz, ikuspegi epidemiologiko batetik, ez duela aparteko larritasunik eragin, Italiako eskualde horretan zabalduta baitago gaitza, eta horrek esan nahi baitu kasuak sorburua ez duela izan handik kanpo.

Paziente horren gertuan ibilitakoekin harremanetan jartzeko urratsak egiten ari dira orain osasun zerbitzuak; birusa ez zabaltzeko argibideak emango dizkiete. Akitania Berrian atzemandako bosgarren kasua dela esan dute osasun agintariek, eta osasun zerbitzuak prest daudela eman beharreko arta ona bermatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.