Klima larrialdia

EBren klima legerako proposamenak ekologisten kritikak eragin ditu

Europa 2050ean «kontinente neutro» izateko helburua jasoa dago zirriborroan. Ekologistek berehalako neurriak eskatu dizkiete agintariei.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakaria, gaur, batzordeak klima legerako zirriborroa onartu ondorengo prentsaurrekoan. OLIVIER HOSLET, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko martxoaren 4a
16:19
Entzun

Europako Batzordeak lehen klima legerako aurkeztu duen zirriborroak ekintzaile ekologisten kritikak eragin ditu, proposamena argitara atera bezain laster. Europako Itun Berdean jasotako oinarriak gauzatzeko lege proposamena prestatu du EB Europako Batasuneko exekutiboak. Helburu horien artean da 2050erako Europa «kontinente neutro» bihurtzea. EBren asmoa da helburu hori legez loteslea bilakatzea 27 estatu kideentzat.

Mende erdira arte berotegi gasen isuria progresiboki murriztea proposatu du Europako Batzordeak, hamarkada bakoitzeko gas isurien murrizketa geroz eta handiagoa ezarriz, 2050. urtean %100ekoa izan arte. Aurten hasi den hamarkadarako, baina, ez du isuri murrizketarik zehaztu.

Hori dela eta, EBren klima legerako zirriborroa gogor kritikatu dute eragile ekologistek. Greenpeacek ohartarazi du 2030erako langa bat finkatu ez izanak «oso zaila» egingo duela estatu kideek isuri murrizketaren zenbatekoari buruzko akordio bat lortzea NBE Nazio Batuen Erakundeak azaroan Glasgown egingo duen klima aldaketari buruzko konferentzia baino lehen.

Gretha Thunberg Fridays For Future mugimenduko sortzailearen hitzetan, berriz, Europako Batzordearen proposamena «errenditzea» da, ez dielako kasurik egiten adituen gomendioei. «Naturak ez du negoziatzen, eta ezin duzue akordio batera iritsi fisikarekin».

Thunberg klima larrialdiari buruzko Europako Batzordearen bileran izan da, batzordeak gonbidatuta. Bileraren amaieran adierazi du lege zirriborroa ez dela nahikoa, eta EB deitu du epe luzeko helburuak zehaztu ordez berehalako neurriak hartzera. «Zure etxea erretzen ari denean, ez duzu urte batzuk itxaroten sutea itzaltzeko. Hori da batzordea proposatzen ari dena».

Hamarkada bakoitzerako helburuak finkatu beharrean urtez urteko isuri murrizketa «drastikoak» ezartzea galdegin du, EBk Parisko Akordioan bere egin zituen konpromisoak bete ditzan.

Ekintzaileak gogorarazi du EBk larrialdi klimatikoa ezarri zuela iazko azaroan. Auziari benetan garrantzia aitortzen diola frogatzeko aukera du orain Europak, Thunbergen esanetan. «Konponbide bikain asko ditugu, borondatea badugu, eta laguntzeko prest dagoen jende asko; baina ez daukagu kontzientziarik, ez lidergorik, eta, batez ere, ez daukagu denborarik». Thunbergek gaineratu du EBk klima larrialdiaren kontrako borroka gidatzeko «betebehar morala» duela.

2030erako helburua

EBk 2030. urterako oraingoz finkatua duen helburua gas isuriak %40 murriztea da, baina helburu hori gorantz berrikusiko duela dio lege proposamenak. Irailerako utzi du egiteko hori, eta helburua %50 eta %55 artean ezartzea aztertuko duela aurreratu du.

Parisko itunean, Lurraren berotzea bi gradutik behera mantentzeko ardura hartu zuten beren gain estatu sinatzaileek. Berotzea gradu eta erditik beherakoa izan dadin ahaleginak egiteko konpromisoa ere hartu zuten.

Greenpeacen arabera, gas isuriak 2030erako %55 murriztea ez da nahikoa izango Lurraren berotzea bi graduen azpitik mantentzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.