Literatura

Erika Elizarik 'Zendabalitz' eleberri korala plazaratu du

«Gehiegi pentsatzeari buruz» hitz egin nahi duen lan bat da, zazpi pertsonaiaren bidez sortua. Duela bi urte Igartza saria irabazi ostean ondu du lana.

Gaur goizean aurkeztu du 'Zendabalitz' eleberria Erika Elizarik, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
itziar ugarte irizar
2020ko martxoaren 4a
16:26
Entzun

Hegaldi baten kronika: horixe kontatzea zuen buruan Erika Elizarik (Hernani, Gipuzkoa, 1988) Igartza literatur lehiaketara aurkeztu zenean, duela bi urte, CAF enpresak eta Beasaingo Udalak (Gipuzkoa) elkarrekin antolatzen duten literatur lehiaketaren XXI. aldira. Irabazi egin zuen sariketa nobela proiektu harekin, eta gaur goizean aurkeztu du emaitza: Zendabalitz. Eleberri koral baten forman sortu du kontakizuna, eta emaitzak «hegaldi gorabeheratsu baten kronika» izaten segitzen duela berretsi du: hori, ordea, aitzakia bat baino ez dela dio: «Zenak, denak eta litekeenak sortzen dizkiguten buruhausteei buruzko lan bat da». Eta hortik izenburua.

Elizarik haurrentzako istorioak idatzi izan ditu —batik bat Txirri, Mirri eta Txiribiton pertsonaien ingurukoak—, baina orain artean landu gabea zuen helduen literatura. Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasketak egin zituen, eta urteak egin ditu telebistan lanean. Hala, azaldu du batez ere «bideogintzara» bideratu izan duela sormena. Istorio hau buruan bueltaka hasi zitzaionean, baina, iruditu zitzaion irudiz bainoago idatziz errazago kontatu ahalko lukeela, eta horrela pentsatu zuen lehiaketara aurkeztea.

Paristik Bilbora doan hegaldi bat da Zendabalitz-en datorrena. Charles de Gaulle aireportuan aireratu eta Loiun lur hartzen duena. Ehun bidaiari joango dira hegazkinean, baina zazpirengan jarri du fokua Elizarik. Haien bitartez kontatuko ditu hegaldian gertatuko diren ezustekoak, baina batez ere momentu horretan bidaiarien euren buruetan pasatuko dena kontatzen ahalegindu da. Hauek dira bidaiariak: Elene, segurtasunik ezak ezkutatzeko «moderno plantak» egiten duen neska gaztea; Gabriel, banketxe bateko zuzendari ohia, erretiro aurreratua hartu berri duen gizon ozpina; Paule, lan elkarrizketa batetik bueltan datorren eta haurdun dagoen gaztea; Xabier, ardura oso ondo kudeatzen ez duen pilotua; Enara, Parisera lan bidaia batera joan dela esan duen baina egiaz plazerez bidaiatzera joan den enpresaria;  Malox, 60 urteren bueltako andrea, duela bi urte alargundu zena eta beheak jota segitzen duena; eta Sukaina, bere burua oso segurutzat duen gaztea. Sukainaren eta Eleneren arteko interakzioak indartsuak izango dira istorioan, baina, oro har, pertsonaia guztiak nolabait gurutzatzea izan du helburu Elizarik.

Idazleak atalka egituratu du kontakizuna, pertsonaiak tartekatuta eta atal bakoitzean hegaldiaren ordua, hegazkinaren kokapena eta pertsonaiaren eserlekua ere zehaztuta. «Irakurleari jolas bat planteatzea ere izan da asmoa, eta zalantza asko sortu dizkit. Baina arriskatu nahi nuen. Modu kronologikoan, pertsonaia bakoitzak bere ataletan hegaldiaren pista bana ematen du; denaren berri daukagu bakoitzaren ikuspegiaren arabera».

Hegaldi berean joateaz aparte, bada pertsonaiak batzen dituen beste hari bat: «Buruari gehiegi eragiten diotela». Hori izan da, hain zuzen, Elizarik nobelarekin landu nahi izan duen gaia. «Ez nuen hobetsi nahi asko edo gutxi pentsatzea, besterik gabe nahi nuen hori azalarazi». Bere buruarekin etengabe eztabaidan dagoen pertsona bat dela aipatu du idazleak, eta «merezi du?», galdera helarazi izan dio irakurleari. Horri keinu egiten dion aipu bat jarri du liburuaren hasieran, Izaro kantariarena: «Sinistu nahi dut denok dugula errotuta kaosa, hura maitatzen ikastea ote da bizi honetan poza?». Elizari: «Nik gutxien pentsatuta egin ditudan gauzek eman didate askotan ilusio eta poz handiena. Ez diot hori denik bidea, baina batzuetan off egin beharko genuke».

Tonuari lotuta, «egin ezin den aitorpen horietako bat» egin du Elizarik: «Asteburuetako telebistako filmak asko gustatzen zaizkit. Nahiz eta jakin zer gertatuko den, oso ondo pasatzen dut, eta uste dut horren kutsu bat nabari daitekeela».

Deialdi berri bat zabalik

Joxe Begiristain CAF enpresako euskara arduraduna eta Aitor Aldasoro Beasaingo alkatea ere izan dira goizeko aurkezpenean. Pozik agertu dira sariketa «osasuntsu» ikustearekin, eta gogora ekarri dute Igartza lehiaketaren deialdi berri bat irekita dagoela eta ekainera bitartean jasoko direla lanak. Irati Goikoetxea izan zen iazko saritua; datorren urtean argitaratuko du emaitza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.