EUSKARA

Navarra Sumaren euskararen ordenantza behin betiko onartu du Iruñeko udalbatzak

Eskuin espainiazalearekin bat egin du PSNk, eta behar zuen babesa eman dio arauari, aurrekoak «herritarrak diskriminatzen» zituela argudiatuta

Ion Orzaiz.
2020ko martxoaren 5a
12:31
Entzun

Iazko azaroan, bidea eman zioten arauaren zirriborroari. Orain, behin betiko onartu dute. Navarra Sumak diseinatutako euskararen ordenantza indarrean jarriko da datozen asteetan, gaurko osoko bilkuran gehiengoa lortu eta gero. Eta azaroko bozketan bezala, eskuin espainiazalearen makulu lana egin du PSNk. Bozkatu aurretik, Maite Esporrin eledun sozialistak arrazoitu du euren apustuetako bat zela Asironen agintaldi amaieran onartutako ordenantza indargabetzea, «herritarrak diskriminatzen zituelako».

Ika-mika izan dute EH Bilduk eta Navarra Sumak. Koalizio abertzaleak euskarafobia izatea aurpegiratu dio eskuineko koalizioari. «Zokoratu nahi duzue euskara. Lotsagarria eta tamalgarria da». Navarra Sumako Maria Garcia-Barberenak ukatu egin du EH Bilduren salaketa: «Ez dugu euskarafobiarik. Errealitatera egokitu nahi dugu, herritarren %87 diskriminatua izan ez daitezen». Era berean, gaineratu du euskaran inbertitzeak ez duela balio: «Diru asko inbertitu da euskara sustatzeko, baina jendeak ez du erabiltzen, ez duelako nahi. Eta erabiltzen ez dutenez, zuek inposatu nahi duzue, lan pasaporte gisara erabiltzeko». EH Bilduko Marian Aldaiak gogorarazi dio erakunde publikoren erantzukizuna dela hizkuntza propioak zaintzea, «Hizkuntza Gutxituen Europako Itunak dioen bezala».

Aldaketa txiki bat ezarri zaio Navarra Sumaren testuari. Hala, euskara «Iruñeko bi hizkuntza propioetako bat» dela zioen esaldia kendu zuen Navarra Sumak ordenantzaren motibo-azalpenetik. Hori berriz jartzeko eskatzen du aurkeztutako zuzenketetako batek. PSNk hori egiteko modua eman du. Aldaketa estetiko bat, alegia.

Ordenantzaren edukia

Euskararen ordenantza berriak 1997ko arauari egiten dio aipamen [PSNk, CDNk eta Ezker Batuak onartutakoari], baina, egiazki, Yolanda Barcinak 2000ko hamarkadan ezarritako neurriak aplikatuko dituzte. Hiru esparrutan eraginen du, batez ere: udal lantaldean, hizkuntza paisaian eta publizitatean.

Udal lantaldea: Lan deialdiei dagokienez, ordenantzan aipatzen da herritarren eskubidea euskaraz artatua izateko, baina Enrique Maia alkateak zehaztu du «idatzizko harremanei» soilik egiten diela horrek erreferentzia. Ahozko arreta eskaintzeko postu batzuk ere ezarriko dituzte, baina «administrazioa euskaldunez bete gabe». Euskara eskakizun ez den postuen kasuan, udalak «aukera» izanen du hizkuntza meritu gisa balioesteko. Betebeharrik ez.

Hizkuntza paisaia: Komunikazio politika ere aldatuko da: «Nahasmena sor dezake eskuorrietan bi hizkuntzak batera ikusteak». Horregatik, banandu eginen dituzte euskarazko nahiz gaztelaniazko mezuak.

Publizitate instituzionala: Euskarazko publizitatea ere murriztuko dute, udalak ez baitu betebeharrik izanen mezuak ele biz eskaintzeko: gaztelania erabiliko dute euskarrien %75etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.