Artea

Guggenheim museoak Lygia Clark abstrakzioaren aitzindariaren hasierako lanak bildu ditu

Brasilgo sortzaileak formakuntza urteetan sortutako 83 artelan batu, eta kronologikoki antolatu dituzte hiru aretotan. Museoak emakumezko sortzaileei eskainitako erakusketa gehiago aurreikusten ditu denboraldirako.

Hiru bisitari, Bilboko Guggenheim museoak Lygia Clark artistari eskainitako erakusketan. FOKU
Inigo Astiz
2020ko martxoaren 5a
14:19
Entzun

Bilboko Guggenheim Museoak Lygia Clark artistari (Belo Horizonte, Brasil, 1920- Rio de Janeiro, 1988) eskainitako erakusketak, funtsean, jauzia ematera iritsi aurreko lasterraldia kontatzen du. Adituek abstrakzioaren aitzindaritzat aipatzen dute haren izena, bai eta XX. mendearen bigarren erdialdeko Latinoamerikako funtsezko artistatzat ere, eta museoak haren hasiera-hasierako urteei erreparatu nahi izan die, hain justu, jaio zenetik mendea betetzen den honetan. 1948an pintatutako lehen olio pinturako erretratu eta paisaia figuratibo tradizionalekin hasi, eta hamarkada bete diziplinaren mugekin esperimentatzen eman ondoren, 1958an, pintura behin betirako atzean utzi eta eskultura lantzera pasatzen den une zehatzera arte. Eta, halere, Geaninne Gutierrez-Guimaraes komisarioaren hitzetan, nahikoa da lasterraldi horri sakon erreparatzea ondoren etorriko zen jauziaren nondik norakoak irakurri ahal izateko. “Sasoi hartan, figurazioaren eta abstrakzioaren artean aritu zen esperimentatzen, eta hor hasten da eratzen bere helduaro artistikoko lanetako lengoaia bisual boteretsua”. Martxoaren 6tik maiatzaren 24ra arte egongo da ikusgai Lygia Clark. Pintura eremu esperimental gisa erakusketa.

Clarken izena aski ezaguna da arte munduan, eta ez dira gutxi eskaini zaizkion atzera begirako garrantzitsuak ere. New Yorkeko Museum of Modern Artek, esaterako, 2014an eskaini zion azkenekoa. Baina, hain zuzen, hasierako formakuntza urte horiek dira artistaren lau hamarkadako ibilbideko pasarterik ezezagunetako bat, komisarioaren hitzetan. “Normalean, artista bati atzera begirako bat eskaintzen zaionean, haren ibilbidean giltzarri diren momentuetan jarri ohi da arreta, eta, gehienetan, ohar moduko bat izaten dira hasierako sasoiak kontakizun horretan”.

Pintore baten estudioa

Baina normalean ohar izan ohi den hori erakusten du Bilboko erakusketak. Guztira, sortzailearen hasierako 83 artelan bildu dituzte horretarako, eta hiru atal kronologikotan antolatu dute ibilbidea. “Artistaren formazio urteei buruzko analisi berri bat eskaintzen du erakusketak”, laburbildu du Gutierrez-Guimaraesek. “Pintura tradizionalaren mugak bultzatzen saiatu zen”. Urteekin, eskultura eta performance sentsorialetarantz lerratuz joan zen sortzailea, baina pinturan hasi zen dena.

Clark bere estudioko lurrean eserita erakusten duen argazki batekin hasten da ibilbidea. Koadro geometriko abstraktu batzuk ikus daitezke atzealdean, eta oihal bat du artistak eskuetan, pintzelak han-hemenka, poteak... Inork pintore bat aipatzen duenean automatikoki ulertu ohi den hori guztia. Eta argazki horren araberakoak dira erakusketako lehen aretoan ikus daitezkeen margolanak ere: pintore baten lanak. Baina bada bilakaerarik hor ere. Paisaia, erretratu eta elementu arkitektonikoen irudi tradizional eta figuratiboak dira nagusi artistaren lehen lanetan, baina aldatuz joango da margotu zituen koadroen itxura, 1952tik 1954ra Parisen egindako bi urteko egonaldiaren ondoren. Besteak beste, Fernand Leger eta Arpad Szenes izan zituen irakasle han, eta igar daiteke haien eragina Clarken sasoi hartako margolanetan. Eta orduan hasten dira agertzen artistak “konposizio kromatiko modularrak” deitutako piezak.

Abiadan doa Clarken pintzela, komisarioaren hitzetan. Izan ere, abiada betean doa sortzailearen bilakaera artistikoa sasoi honetan. “Bi urte baino ez dira pasatu hasierako erretratu tradizionaletik Biolontxelo-jotzailea margotzera iristen den arte”. Abstrakzio ukituak. Kubismoaren oihartzuna. Kolore eta lerro dinamikoz betetako konposizio zaindu bat.

Markoa haustea

Koadro erabat abstraktu batekin abiatzen da bigarren aretoa. Hondo berde baten gainean, laukizuzen zuri txiki bat, eta elkar gurutzatzen duten lerro beltz batzuk han-hemenka. 1953tik 1956rako sorkuntzak biltzen ditu gelak. Clark Paristik Brasilera itzuli zeneko sasoia. Arte konkretuaren mugimendua indartsu zebilen herrialdean ordurako, eta sortzailea bete-betean sartu zen lerro horretan, Frente izeneko taldearen bidez. Orduan eman zuen pinturaren ulerkera tradizionalarekin apurtzeko pauso garrantzitsu bat. Horren froga dira Markoa hautsiz izeneko margolanak. Oihalak eta olioa erabiltzen zituen artista pintura industriala eta zura erabiltzen hasi zen, eta horrek nabarmen urrundu zuen erakusketa hasieran ikus daitekeen estudioko iruditik.

Clark arkitekturaren eta pinturaren arteko bidegurutzea ikertzen hasi zen sasoi hartan, eta prozesu hori erakusten duten hiru maketa ere bildu dituzte erakusketan. Artistak margolan erraldoi bilakatzen ditu etxebizitza bateko gelak hiru lan horietan, eta, bertan, nabarmen egiten dute bat kolore ezberdinetako pinturen arteko mugek ate, leiho eta altzarien lerroekin. Eta sasoi hartakoa da pixkanaka eskulturarantz eraman zuen lerro organikoa izeneko kontzeptuaren aurkikuntza ere.

Eskulturaren atariraino

Zuri-beltza da nagusi hirugarren aretoan. Eskulturarako jauziaren mugan dago jadanik sortzailea 1957. eta 1958. urteetan, eta, hain zuzen ere, margotu zituen azken margolanetako batek ixten du ibilbidea. Aurrez begiratuz gero, zuri-beltzeko hainbat hiruki konbinatzen dituen margolan bat dirudi lanak, baina, alboan jarrita, argi igar daiteke pieza geruzaz geruza eraikita dagoela. “Pintura jadanik ez da plano bakar batean gertatzen, baizik eta hirutan”, azaldu du komisarioak. “Eskultoriko bilakatzen da”. Baina, Gutierrez-Guimaraesen hitzetan, erakusketak proposatzen duen ibilbide osoa egin ostean soilik iritsi ahal izan zen artista puntu horretara.

Ezaguna da Bilboko Guggenheim museoak emakumezko artistekin duen zorra. Urte luzez erabat anekdotikoa izan da emakumezko sortzaileei eskainitako erakusketa indibidualen kopurua, eta hondo horren kontra nabarmentzen da, horregatik, Clarki eskainitako erakusketa. Aurten, ordea, emakumezkoek presentzia ia etengabea izango dute  museoan, Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendariak iragarri duenez. Clarken erakusketaren ostean, besteak beste, Lee Krasner eta Lynette Yiadom-Boakye artistei erakusketa bana eskainiko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.