Luizia Zaldibarren

Ostegunean mobilizazioak egingo dituzte Zaldibarren, «erantzuleak mugi daitezen»

Zaldibar Argitu plataformak hiru orduko lanuzteak egitera deitu du bost herritan eta manifestazio bateratua antolatu. «Normaltasun irudia» haustea dute helburu. 

jarraia178423.jpg
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko martxoaren 5a
17:55
Entzun

«Behingoz erantzuleak mugi daitezen guztia geldituko dugu», horrela laburbildu zituen atzo Zaldibar Argitu plataformak hurrengo ostegunerako, martxoak 12, deituriko mobilizazioak. Verter Recyclingen luizia gertatu eta hilabetera gauza gehiegi argitzeke daudela iritzi diote, eta hori salatzeko hiru orduko lanuzteak egitera deitu dute Eibarren, Ermuan, Zaldibarren, Elgetan eta Mallabian, 12:00etatik 15:00etara. Herri bakoitzean manifestazioa antolatuko dute 12:30ean, eta arratsaldez bateratu bat 19:00etan. Eibar eta Ermu arteko biribilgunean elkartuko dira. Inguruko herritar guztiak parte hartzera deitu dituzte.

Zaldibar Argituk «erakundeak ematen ari diren normaltasun irudiarekin» hautsi nahi du, eta «ezer gertatu izan ez balitz bezala» jokatzea leporatu die. Plataformak garbi du hondamenditik hilabete igaro den honetan gertaturikoa oso larria izaten jarraitzen duela, eta bi langile desagertuta daudela oraindik ere. Emaniko azalpen teknikoak «oso mugatuak» izan direla iritzi diote, eta «kezka nagusiek» ez dutela erantzunik jaso. Erantzukizun politikorik ere ez dela egon salatu dute: «Higiene demokratiko hutsagatik dimisioak mahai gainean egon beharko lirateke», eta auzian egon diren «praktika irregular» guztiak zehatz-mehatz argitzeko eskatu dute. 

Hurrengo osteguneko mobilizazioetan herritarrei egiten diete dei, baina eragile sozial eta sindikal ezberdinek ere parte hartzea nahiko lukete. Zaldibarkoa errepikatu ez dadin neurriak hartu behar direla uste dute, eta egoera aproposa dela eskaeraren inguruan indarrak metatzeko. Heldu den ostegunean, halaber, hamabi puntuko aldarrikapen taula bat aurkeztuko dute, erakundeek aztertu eta bete dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.