Siriako gerra

Errusiak eta Turkiak su-etena hitzartu dute Siriako Idlib probintziarako

Su-etena gaur gauerdian sartuko da indarrean. Putinek eta Erdoganek korridore seguru bat eratzea ere adostu dute, Idlibeko liskarretatik ihesi doazen errefuxiatuek itzultzeko modua izan dezaten .

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa, gaur, Moskun egin duten bileran. PAVEL GOLOVKIN / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko martxoaren 5a
18:37
Entzun

Turkiaren eta Siriaren arteko su-etena adostu dute gaur Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak eta Vladimir Putin Errusiakoak, Moskun egin duten sei orduko bileran. Su-etena gauerdian sartuko da indarrean, Siriako Idlib probintzian. Putinek eta Erdoganek espero dute neurria lagungarri izango dela «krisi humanitarioak» okerrera egin ez dezan.

Turkiako presidenteak ohartarazi du Siriako armadak erasoren bat eginez gero ez dela «isilik» geldituko, eta «indar guztiekin» erantzungo duela.

Putinek aitortu du ez dagoela beti ados Turkiaren jarrerarekin. Hala ere, akordioa goratu du, eta itxaropena agertu du lortutako akordioak zibilen sufrimendua eteteko balioko duela.  

Siriak joan den abenduan Idlibeko erasoa hasi zuenetik, milioi bat herritarrek egin behar izan dute gerratik ihes, bere etxea utzita, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera. NBEk salatu du Siriako gerrako larrialdi humanitariorik larriena dela.

Putinek eta Erdoganek jakinarazi dute «korridore seguru» bat sortuko dutela desplazatuek itzultzeko modua izan dezaten. M4 autobidea baliatuko dute horretarako —Siria iparraldea zeharkatzen du ekialdetik mendebaldera—. Azaldu dutenez, eremu babestuak hamabi kilometroko zabalera izango du autobidea ardatz hartuta.

Moskuko bilerak Errusiaren eta Turkiaren arteko harremana bideratzea izan du helburu. Bien arteko tentsioak goia jo zuen joan den astean. Siriako armadak Turkiako 33 militar hil zituen Errusiaren babesarekin Idlib probintzian egin zuen aire erasoan, eta Turkiak udaberriko ezkutua operazioarekin erantzun zion Damaskori. Siriako armadaren hiru hegazkin, eta hainbat ibilgailu eta azpiegitura militar suntsitu zituen. Ankarak Siriako 2.000 soldadu «neutralizatu» zituela ere adierazi zuen.

Erdoganen eta Putinen bilera hasi aurretik, dolumina agertu dio Errusiako presidenteak Turkiakoari. Putinek adierazi du Siriako armadak ez zuela Turkiako tropen kokalekuaren berri. Siriako armadak ere galera handiak izan dituela gaineratu du.

Idlib da Siriako lurralde osoa kontrolpean hartzeko Baxar al-Assad Siriako presidenteari bere egitea falta zaion eremu bakarra.Turkiak babestutako errebeldeen menpe dago. Talde horien artean da Hayat Tahrir al-Sham, Al-Qaedaren Siriako adar zena. Probintzia hori eskuratzeko erasoaldia abiatu zuen Siriak joan den abenduan. Ankarak ohartarazi zuen Siriaren kontra egingo zuela haren tropak Turkiak Idliben dituen kontrol postuetatik aldentzen ez baziren. Joan den asteko liskarren ostean lehertu da Errusiaren eta Turkiaren arteko krisia.

Bi herrialdeek lotura ekonomiko garrantzitsuak dituzte, baina kontrajarriak dira Siriako gerran dituzten interesak. Bien arteko harremanak bideratzeko, Sotxiko akordioa sinatu zuten 2018ko irailean. Ordutik, bi aldeek hainbatetan leporatu diote elkarri akordioa ez betetzea. Errusiak Turkiari egotzi dio errebelde «moderatuak» eta «terroristak» ez bereiztea, eta azken horiei laguntzea. Turkiak salatu du Errusiak su-etena hautsi duela sarritan, eta ez duela nahikoa egin Siriako armada Idliben baretzeko.

Errefuxiatuak

Idlibeko borrokek bete-betean eragin diote EB Europako Batasunari, Greziarekin duen muga migratzaileei irekitzea erabaki baitu Turkiak. Ankarak dio ez duela baliabide nahikorik jasotzen ari den errefuxiatu kopurua bere lurretan hartzeko.

Greziako Gobernuak adierazi du 30.000 errefuxiatu baino gehiagoren sarrera eragotzi duela, eta joan den igandetik Lesbos irlara iritsi diren 500 migratzaileak beren herrialdeetara deportatuko dituela. Horrez gain, asilo eskaria egiteko eskubidea hilabete baterako eten du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.