Athletic

Festa tronpetaren erritmoan

Zaleak jada jarri dira Sevillako finalera begira, eta Espainiako ereserkia hastean gerta daitekeena hizpide da sare sozialetan.

Athleticeko jokalariak garaipena ospatzen, zaleen aurrean, atzo. MIGUEL ANGEL MOLINA / EFE
Iosu Alberdi.
2020ko martxoaren 6a
10:28
Entzun

«Ez da erraza final batera iristea, badakizu sufritu egin behar duzula». Bai sufritu ere. Athleticek Sevillatik kanpo ikusten zuen bere burua Yuri Berchicheren golak dena aldatu zuen arte. «Kanporaketa galduta zegoenean» erreakzionatzeko gai izan zirela uste du zuri-gorrien entrenatzaile Asier Garitanok. Ez zen Athleticik onena izan atzokoa, baina taldeak Kopa honetan zerbait egin badu, zera izan da: kanporaketak sufrituta igarotzea. Zergatik? «Taldeak ez duelako burua sekula jaisten», esan zuen Garitanok partida amaitzean. Beraz, pozik entrenatzailea, pozik jokalariak, eta zer esanik ez zaleak.

Estu ibili da taldea finalerako bidean (ikusi argazki galeria). Final hamaseirenak eta final zortzirenak penaltietan, final laurdenak sufritzen 1-0 Bartzelonari garaituta, eta finalerdia berdinduta. Kostata, baina eskuratu du Athleticek Sevillarako txartela. Egun handia izan zuten atzo Granadan, eta, nola ez, festa nagusitu zen partidaren ostean. Milaka lagunek hartu zituzten Los Carmenes zelaiaren inguruak.

Zaleak ez ziren izan ahotsa urratu zuten bakarrak. Aldageletako festa ikusi besterik ez dago horretarako. Asier Villalibre eta bere tronpeta buru, kantuan aritu ziren eta jokalariak, prestatzaileak eta gerturatutako guztiak.

Ereserkia, kantua eta txistua

Euskal futbolarentzat «final polit bat» izango da aurtengoa, Garitanoren esanetan. Athleticek eta Realak elkarrekin jokatuko duten lehenengoa izango da, bi euskal talderen arteko laugarrena. Yuri Berchicheren esanetan, «historikoa» izango da: «Asko maite ditudan bi talde dira, asko eman didatelako bizitzan. Pozik nago Reala finalera iritsi delako, baina ea guk irabazten dugun». Talde txuri-urdina zain dago, eta Athletic zoriondu zuen partida amaitu bezain laster: «Gora Euskal Futbola!».

Derbia izan da hizpide bi taldeetako zaleen artean. Sevillarako bidaia hartua dute askok, eta beste asko hartzeko zorian daude, sarreren banaketa datorren astera arte jakingo ez den arren. Halere, bada pentsatzen duenik ere koronabirusaren aitzakiarekin partida ateak itxita joka daitekeela. Ez arriskuagatik, Espainiako ereserkia hasten denean gerta daitekeenagatik baizik. Izan ere, gaia bolo-bolo dabil sare sozialetan.

Txistu egitearen aldekoak batzuk, Txoriak Txori abestearen aldekoak beste batzuk. «Nik 50.000 eztarri Txoriak txori eta Ikusi mendizaleak entzungo banituzke Sevillan, euskaldun legez harro egongo nintzateke, eta malkoak ezin ezkutatu. Herri bat garelako. Herri bakarra», txiokatu du Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusi izandakoak. Bada Iñigo Urkullu lehendakaria eta EH Bilduko koordinatzaile Arnaldo Otegi Cartuja zelaiaren erdian batera kantuan imajinatu dituenik ere.

Horiek izan dira Athletic zoriondu duten politikari ezagunetako bi. «Gaur Athletic nagusia izan da, eta Kopa finala jokatuko du. Euskal futbolaren indarra erakutsiko duen final bat izango da. Zorionak!», adierazi du Urkulluk. «Zorionak, Athletic! Euskal finala Sevillan. Entzun gaitzatela!», berriz, Otegik. Azken horrek Iñigo Cabacas athleticzalea ere izan du gogoan, beste askok bezala.

Nola ez, zaleek gogora ekarri dute bi taldeen arteko norgehiagoken historiara igaro den irudi bat. 1976an Atotxa futbol zelaian elkarren aurka jokatutako partidan bi taldeetako jokalariek zelai erdiraino eginiko bidea. Lehen lerroan, Inaxio Kortabarria eta Jose Angel Iribar kapitainak, ikurrina eskuetan zutela oraindik legez kanpo zegoenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.