Ia ehun urtera, laugarrena

Athleticen eta Realaren arteko finala ez da euskal taldeen arteko aurrenekoa izango. Lehendik, beste hiru bider izan dira parez pare, baina oso aspaldi: aurreko mende hasieran.

Realak Espainiako Kopa bakarra du, 1987an Zaragozan lortutakoa. EUSKAL HERRIKO FUTBOLAREN HISTORIA.
Aitor Manterola Garate.
2020ko martxoaren 6a
00:00
Entzun

Athleticek eta Realak apirilaren 18an Sevillan jokatuko duten Espainiako Kopako finala ez da aurrenekoa izango Euskal Herriko taldeen artean. Aurretik, hiru aldiz gertatu izan da gauza bera, guztiak ere XX. mendearen hasieran. Azkenekoa Real Unionek eta Arenas Getxok jokatu zuten, 1927an. Ia ehun urtera dator laugarrena.

ATHLETIC - VASCONIA (1910)
Zuri-gorrien hirugarrena

Zazpi urte lehenago hasi ziren Espainiako Kopa antolatzen, eta lehen bi txapelketak Athleticek irabazi zituen. Berezia izan zen 1910ekoa, taldeak elkarrekin haserretu, eta bi lehiaketa jokatu zituztelako. Bat Madrilen jokatu zen, eta bestea, Donostian. Azken horretan aritu zen Athletic. Real Madril eta Vasconia izan zituen lehiakideak, eta hiru taldeak elkarren aurka aritu ziren. Real Madril menderatu zuten zuri-gorriek (2-0) estreinako partidan, eta txapelketa irabazteko nahikoa zuten bigarren partidan ere irabazle izatea. Donostiako Vasconia hartu zuten mendean (1-0) hor, Kopa hirugarrengoz irabaziz. Reala aurreko urtean sortu zen, baina nola ez zituen lehiaketa jokatzeko baldintzak betetzen, Vasconia Sporting Klub Donostiako beste taldearen izenean jokatu zuen. Txapelketa horretan aritu zen Athletic aurrenekoz kamiseta zuri-gorriarekin; aurretik zuri-urdina zuen kolorea. Talde horren jardunaren inguruan, badira beste bi datu historiko ere. Hurrengo denboraldian, 1910-1911 sasoian, Athleticek lehen entrenatzailea fitxatu zuen: Shepperd, Ingalaterrakoa; eta harekin batera, Rafael Moreno Aranzadi Pitxitxi heldu zen taldera, 1911n egin zuelako debuta aurrelari mitikoak.

RACING IRUN-ATHLETIC (1913)
Lehen Kopa Irunera

Aurreneko aldiz bereganatu zuen Irungo talde batek Espainiako Kopa. Txapelketa horren aurretik ere elkarri mokoka ibili ziren klubak, eta, hiru urte lehenago bezala, bi lehiaketa jokatu zituzten aldi berean. Madrilen batu ziren Racing Irun, Athletic, FC España, Fortuna Vigo eta Madril FC. Kanporaketa bidez jokatu zuten. Irundarrek FC España menderatu zuten (1-0) finalerdietan. Partida horretan, epaileak sei gol utzi zituen baliorik gabe. Beste finalerdian, Athleticek Madril FC bota zuen (3-0). Finalean, berdindu egin zuten Euskal Herriko bi taldeek (2-2), eta hurrengo egunean jokatu behar izan zuten txapelduna erabakitzeko beste partida bat. Racing Irun nagusitu zen (1-0): gola Retegik sartu zuen, 70. minutuan. Racing Irun eta Irun Sporting Club ziren garai hartan Gipuzkoako herri horretako bi klubak, eta ez ziren ondo konpontzen. Kopa irabazteko ospakizunetan hasi omen ziren harremanak hobetzen, eta bi urte geroago, 1915ean, elkar hartuta sortu zuten Real Union taldea.

REAL UNION-ARENAS (1927)
Laugarrena eta azkena

Txapelketa honetako azkeneko fasea joan-etorriko sistemarekin jokatu zuten, eta zortzi talde iritsi ziren horraino. Tartean ziren Euskal Herriko bi ordezkari: Real Union eta Arenas Getxo. Irundarrek Sporting Gijon kanporatu zuten final-laurdenetan, eta Real Madril bota zuten kalera gero (2-0), partida bakarrera Zaragozan. Koadroaren beste aldetik, Arenasek Celta kanporatu zuen final-laurdenetan, eta Bartzelona finalerdietan. Bi euskal taldeen arteko finala ere Zaragozan jokatu zuten, irundarrek irabazi zieten Getxokoei (1-0). Luzapenean sartu zuen Real Unionek gola, 117. minutuan, Etxebesteren bitartez. Irungo taldeko atezaina Antonio Emery zen, Unai Emery entrenatzailearen aitona. Kopako titulu hori da Real Unionek irabazitako hirugarrena eta azkena, oraingoz.

Realak Espainiako Kopa bakarra du, 1987an Zaragozan lortutakoa. EUSKAL HERRIKO FUTBOLAREN HISTORIA

ATHLETIC ETA REALA
46. aldiz, finalera

Athletic eta Reala ez dira berriak finaletan. Aspaldiko ezaguna Athletic da, gehiagotan heldu delako txapelketako azkeneko partidara. 38. aldiz ariko da apirilaren 18an Kopa irabazteko partida erabakigarrian. Realak, berriz, zazpigarren saialdia izango du, Club Ciclistarena kontatzen bada. Athleticek 23tan lortu du Kopa irabaztea; behin, berriz, Realak.
Zuri-gorriek aurreko mendearen lehen erdian irabazi zituzten hamazazpi titulu, batzuk elkarren segidan. Urte loriatsuak izan ziren. Esate baterako, 1903an eta 1904an txapeldun izan zen; 1910ean eta hurrengo urtean ere bai; 1914tik 1916ra hiru txapelketa lortu zituen erreskadan, baita 1930etik 1933ra ere; beste horrenbeste egin zuen 1943tik 1945era. 1950eko hamarkada ere oparoa izan zuen, 1955ean, 1956an eta 1958an txapeldun izan zelako. 1969ra arte ez zuen lortu txapeldun izatea berriz. 1973an eskuratu zuen azken-aurreko titulua, eta 1984an oraingoz azkena duena. XXI. mendean, hirutan lortu du finalista izatea: 2009an, 2012an eta 2015ean. Hiru partida horietan, Bartzelonak menderatu zituen zuri-gorriak.
Realaren lehendabiziko finala 1913koa izan zen. 1928an jokatu zuen bigarrengoa, eta 1951n hirugarrengoa. Laugarrenean izan zen txapeldun, 1987an. Zaragozako finalean, Atletico Madrili irabazi zion penaltietan, aurreneko Kopa eskuratzeko. Hurrengo denboraldian ere finalera heldu zen, eta Bartzelonaren aurka galdu zuen.
Joan den mendean, izan ziren beste euskal talde batzuk finalean: Bizkaia 1907an txapeldunorde izan zen; Club Ciclista (Reala hemendik sortu zen) txapeldun 1909an, eta Arenasek eta Real Unionek ere jokatu zituzten lau final. Mende honetan, Osasunak eta Alavesek ere jokatu dute finala, 2005ean eta 2017an, hurrenez hurren. Biek galdu egin zuten partida erabakigarria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.