Martxoak 8

Aldarri feministak kaleak bete ditu berriro

Mugimendu feminista indartzera eta aldarrikapenak edukiz betetzera deitu dute milaka andrek, hiriburuetan zein herri askotan egindako manifestazio handietan.

Maite Asensio Lozano.
2020ko martxoaren 8a
16:47
Entzun

«Martxoaren 8a ez da festa egun bat, baizik eta borroka egun bat». Kaleak betetzen ari da gaur berriro mugimendu feminista, Emakumeen Nazioarteko Egunean. Aurten ez dute deitu greba feminista egitera, baina mobilizazio handiak egin dituzte Euskal Herriko hiriburuetan eta herri ugaritan, eta euren feminismoa «antikapitalista eta antikolonialista» dela aldarrikatu dute: «Gaur berriro ere kaleak bete ditugu, eta ozen eta argi esan dugu jendarte eredu hau bizigaitza dela pertsona gehienontzat, eta jasanezina planetarentzat».

Antolatu indarrak, batu borroka feministara lelopean atera dira feministak kalera. Izan ere, hori dute oraingo xede nagusietako bat: mugimendu feminista indartzea. «Neoliberalismoak hain eragin handia duen mundu honetan, indibidualismo basati eta atomizatua sustatzen duen mundu honetan, komunitate feminista konprometitua eraiki behar dugu, sare sozialek eragiten duten pasibotasuna gaindituz». Ildo horretan, lan berezia egiten ari dira aurten Iparraldean, sareak eraiki eta indartze aldera: «Aurten sekula baino agerikoagoa da Ipar Euskal Herrian dugun borrokarako nahia. Borroka hori gaur egungo testuinguru soziopolitikoan kokatzen dugu: eskuin muturra gora doa, baina faxismoaren eta antifeminismoaren aurka ere borrokatuko garela argi utzi nahi dugu. Zapalduen arteko elkartasuna eta zubiak eraiki nahi ditugu».

Era berean, berdintasun formaletik harago joateko beharra ere aldarrikatu dute, eta erakundeen zein multinazionalen zuriketa kritikatu dute: «Azken urteetako mobilizazioek lortutako arrakastaren ondoren, gure erronketako bat da edukiz hustutako feminismo bati aurre egitea, gure indarra baliatu nahi baitu feminismoa kontsumo objektu bihurtzeko eta harekin aberasteko».

Berdintasunaren eta kontziliazioaren inguruan gobernuak egiten dituen adierazpenekin ere ez daude ados: «Ez doaz arazoaren errora». Hala gogora ekarri dute feminizatutako hainbat lan sektore greban daudela egunotan: garbitzaileak, zahar etxeetako langileak, etxez etxeko laguntzaileak... «Arazoaren erroa da lan banaketa sexuala eta koloniala, zerbitzu publikoen falta eta aberastasuna gutxi batzuen esku pilatzea. Horregatik hitz egiten dugu patriarkatuaren eta kapitalaren arteko aliantza kriminalaz».

Beste herrialde batzuetatik iritsitako andreak ere mintzatu dira mobilizazioetan: «Bizitzea merezi duen mundu bat nahi dugu, baina soilik denontzat baldin bada». Ildo horretan, gogora ekarri dute Emakumeen Mundu Martxak mobilizazioak egingo dituela aurten kontinente guztietan, eta bat egin dute haren leloekin: «Ez ditugu onartuko mugak eta politika arrazistak, ezta xenofobiatik datozen gorroto diskurtsoak ere».

Arratsaldean, mobilizazio gehiago

Grebarik ezean, mobilizazio handiak osatzeko eta kaleak egun osoan zehar okupatzeko asmoa zuen mugimendu feministak gaur. Goizeko eta eguerdiko manifestazioen ostean, hainbat modutan ari dira hartzen espazio publikoa: bazkariak, antzerki emanaldiak, kontzertuak... Arratsaldean, ordea, protesta ekintza gehiago izan dira hiriburu guztietan, baita herri batzuetan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.