Literatura

Mikel Antzak Sarrionandia eta Pessoa oinarri dituen ikuskizun bat estreinatuko du Loraldian

Antzak ez ezik, Diana Vilarinho fado abeslariak eta Erika Olaizola eta Ainhoa Alberdi aktoreek ere hartuko dute parte literatura, musika eta antzerkia uztartuko dituen emanaldian. Martxoaren 18an estreinatuko dute, Itsas Museoan.

Amaia Ozerin Loraldiko kidea, Mikel Antza idazlea eta Idoira Beratarbide proiektuko kide. RAUL BOGAJO/FOKU
Inigo Astiz
2020ko martxoaren 9a
14:30
Entzun

Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia: Mikel Antza idazleak literaturaren indarra nabarmentzen duen baieztapen borobil horrekin titulatu du Loraldia jaialdirako sortutako Fernando Pessoa eta Joseba Sarrionandia idazleei buruzko emanaldia. «Literaturak zer eragin daukan gure bizitzan eta gure egunerokotasunean, poema bat irakurtzeak, adibidez. Hori zer da? Errealitatea da? Fikzioa da? Ez dakit, baina eragina dauka gugan, eta agian gauza batzuk egitera bultzatzen gaitu beste norbaitek idatzi duen zerbaitek. Eta horrek aldatzen du bizitza. Eta kasu honetan... ba... Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia». Antzak azaldu duenez, errealitatea eta fikzioa txirikordatuko ditu saioak, eta literatura, musika eta antzerkia ere uztartuko ditu. Horregatik, Antzaz gainera, Diana Vilarinho fado abeslari portugaldarra eta Erika Olaizola eta Ainhoa Alberdi aktoreak ere izango dira oholtzan. Bihar hasiko da Loraldia, Bilbon, eta, guztira, 29 emanaldi eskainiko ditu hilaren 29ra arte; haien artean, martxoaren 18an egingo dute Antzak prestatutako piezaren estreinaldia, Bilboko Itsas Museoan, BERRIA egunkariaren eta BADOK atariaren babesarekin.

Sarrera guztiak amaituta daude jadanik.

[youtube]https://youtu.be/VP83ZRxC0oU[/youtube]

Hasieran, Pessoa eta Sarrionandia Lisboako taberna batean batuko zituen ikuskizun literario fikziozko bat sortzeko enkargua egin zion Loraldiak Antzari, eta horregatik da Pessoa eta Sarrionandia Casa do Fadon saioaren izenburu ofiziala, baina bi idazleekin sentitzen duen gertutasunak bultzatu du, eskaritik pixka bat apartatuz, bere burua ere obran sartzera. «Sarrionandiarekin eta Pessoarekin izan nuen lehen lotura literarioa izan zen, eta, antzezlanean azaltzen den bezala, horrek eraman zuen dena beste errealitate batzuetara». Jakina da, adibidez, Antzak lagunduta egin zuela ihes kartzelatik Sarrionandiak 1985ean. Eta datu horren oihartzuna dakar Antzak emanaldirako idatzitako testuaren tituluak. Idazleak ez ditu aldez aurretik argitu nahi izan emanaldiaren nondik norako guztiak, baina, esan duenez, errealitateari lotutako testuek tarteka kartzelarekin izango dute zerikusia. Adibidez, 60ko hamarkadan kokatuko da lehen aipamena, 70eko hamarkadan bigarrena, 80koan hirugarrena, eta beste erreferentzia erreal bat ere egongo dela iragarri du. Horrez gainera, antzezlanaren nondik norakoak azalduko dituen testu bat irakurriko du Antzak obraren hasieran, eta beste bat amaieran. Horiek ere oinarri errealekoak.

Pessoaren 'Marinela' abiapuntu

Baina, hasieran, literaturak lotu zituen Sarrionandiaren eta Antzaren ibilbideak. Eta azaldu du zergatia. Luar antzerki taldeak Antzaren zuzendaritzapean taularatu zuen Pessoaren O Marineiro (Marinela) 1984an, eta Sarrionandiak egindako itzulpena baliatu zuen horretarako. Donostian estreinatu zuten lana, lau aktorerekin, Kaki Arkarazoren musikarekin eta, Antzaren hitzetan, «nahiko hardcore-a» zen eszenaratze batekin. Aktore batek emanaldi osoa egiten zuen hilkutxa batean sartuta, eta beste hiru aktorek hura beilatzen zuten ordubete inguruz, eserlekutik sekula ere altxatu gabe.

Pessoaren antzezlanaren pasarte batzuk ere txertatu ditu Antzak Loraldirako emanaldian, berak idatzitako testuekin eta Sarrionandiaren ohar batzuekin batera. «Antzezlanak kontatuko duena da obra horrek nola baldintzatu zuen nire bizitza, Sarrionandiaren bizitza, eta jende gehiagoren bizitza». Euskaraz eta gazteleraz aurkeztu zuten pieza Luar konpainiarekin, idazleak gogoratu duenez, eta horrek kritikak piztu zituela esan du Antzak. «Nik kritikak egiten nituen sasoi hartan Argia-n. Euskararen aldeko oso jarrera gotorrak ematen nituen, eta kritikatzen nuen, hain zuzen ere, Antzertik zeraman politika euskarari buruz, zeren estreinatzen baitzituzten obrak euskaraz eta gaztelaniaz, eta ekintzatxoak ere egiten genituen horren aurka».

Aulki huts bat

Euren kasua bestelakoa zela defendatu behar izan zuen Antzak, eta azaldu du zergatik. Antzezlana eman zuten hiru aktoreetako bakarrak zekien euskaraz, eta, idazleak zehaztu duenez, ulertu ez arren, goitik behera ikasi behar izan zuten buruz euskarazko bertsioa. Horregatik haren defentsa. «Neure burua defendatzeko, esaten nuen hura ez zela euskaratik gaztelaniara zihoan zerbait, baizik eta kontrako norabidea egiten zuela: berez euskaraz egingo ez luketen aktoreak euskaraz ari zirelako, eta euskal antzerkira eraman genituelako».

Luar taldean kide izan zituen aktore horiek ere izan nahi ditu gogoan idazleak Loraldian eskainiko duen emanaldian. Aktoreetako bat gazte hil zela gogoratu du, eta, haren falta gogoan hartzeko, erabaki dute oholtzan bi aktore bakarrik biltzea, eta beste aulki bat hutsik uztea.

Errealitatearen eta ametsaren arteko jolas bat

Antzak Idoia Beratarbide Metrokoadroka taldeko kidea izan du alboan emanaldiaren nondik norakoak zehazten laguntzeko, eta, haren hitzetan, emanaldia ez da Pessoari eta Sarrionandiari buruzkoa, ez eta Antzari buruzkoa ere. «Pessoa eta Sarri aitzakia bat dira Antzarentzat beste hainbat gauzari buruz hitz egiteko. Ez da haiei buruzko antzezlan bat; haiengan oinarritutako lan bat da».

Beratarbidek zehaztu duenez, eszenan dena batera joango da, baina bi plano izango ditu: tarteka joango dira Vilarinho fado abeslariaren musika, batetik, eta Antzak prestatu eta aktoreek emango duten testua, bestetik. Eta antzerkigileen kasuan ere, «ondo bereizita» egongo dira Pessoaren antzezlanaren pasarteak, batetik, eta aipu literarioak eta gertaera historikoak, bestetik. Edonola ere, ikuslearen buruan testuaren maila horiek guztiek bat egitea da azken helburua. Haren hitzetan, obrari buruz emandako azalpenek ulertarazi baino «konplikatuagoak» baitira antzezlanean errealitatearen eta ametsen munduaren arteko mugak. «Jolas bat da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.