Migratzaileak

«Gizarte honen parte izan nahi dut»

Gipuzkoan tutoretzapean egondako gazte migratzaileen talde batek salatu egin ditu Madrilek bizileku baimena emateko ezarritako baldintza berriak.

Tutoretzapean egondakoen agerraldia. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Igor Susaeta.
2020ko martxoaren 10a
17:27
Entzun

Seniderik gabe Gipuzkoara iritsi eta adingabeak ziren bitartean aldundiaren tutoretzapean egondako gazte migratzaile batzuen talde baten ustez, haiei bizileku baimena emateko eta hori berritzeko Espainiako Barne Ministerioak azken urtean ezarritako neurri berriek «irregulartasunari» egiten diote mesede. Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren arabera, iazko apiriletik abendura arteko epean hazi egin zen egoera «irregularrean» Gipuzkoan dauden gazte migratzaileen kopurua. «50 bat gehiago dira, eta kopuru hori bikoiztu egingo da». Madrilek ezarritako baldintza berriak salatzeko, «abandonatuta» sentitzen direla adierazteko, tutoretzapean egondako gazte migratzaile batzuek agerraldi bat egin dute Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkaritzaordearen Atzerri Bulegoaren aurrean, Donostian. Ohar bat irakurri dute euskaraz, gazteleraz eta arabieraz. «Ez dut laguntzetatik bizi nahi. Lan egin nahi dut, ekarpenak egin nahi ditut, eta gizarte honen parte izan nahi dut». Manifestazio baterako deia egin dute; ostiralean izango da, Donostiako Bulebarrean (19:00).

Jakinarazi dutenez, bizileku baimena aurrenekoz lortzeko, Barne Ministerioak exijitzen die hilabete bakoitzean kontu korrontean edukitzea IPREM Askotariko eraginetarako errenta adierazle publikoaren %100 —537,84 euro—. Bigarren baimenerako, «20 urte ditugunerako», IPREMaren %400; hau da, 2.000 euro baino gehiago edukitzea kontu korrontean.

Gazteen esanetan, 18 urte betetzen dituztenean, gizarteratzeko eta laneratzeko prozesu bat hasten dute «laguntza» ematen dieten erakundeekin. «Duela urtebetera arte, erakundeek eta Gipuzkoako Diputazioak onartutako ziurtagiri batekin nahikoa zen IPREMaren %100 eta %400 frogatzeko». Kontua da orain Espainiako Gobernuak eskatzen diela  «bitarteko propioen bidez» lor dezatela diru hori. Auzitegi Gorenak ezarritako jurisprudentziari jarraikiz aldatu zuen arautegia: «18 urterekin eta lan egiteko baimenik gabe diru hori aurreztua eduki ahal izango bagenu bezala...» kexatu dira gazteak. Diru hori ez baldin badute, lanbide arteko gutxieneko soldata (950 euro) bermatzen duen urtebeteko lan kontratu bat exijitzen diete.

Ahmed 27 urteko gazte marokoarraren iritziz, «ezinezkoa» da Madrilek jarritako baldintzak betetzea. «18 urteko batek nondik atera behar ditu 2.000 euro? Edo urtebeteko lan kontratu bat? 30 urteko esperientzia duen batek ere ezin du lortu. Ez da errealista». Urtebeteko lan kontratuaren eskakizunaren harira, gazteek galdera bat planteatu dute: «Gipuzkoan zenbat gazte daude baldintza horiek betetzen dituen kontratu batekin?». Gogoeta egitera deitu dituzte erakunde publikoak, eta galdera gehiago plazaratu dituzte: «Zer nahi dugu gizarte gisa? Menpeko gazte batzuk ala independenteak? Ekarpenak egitea edo zama izatea nahi duzue?».

Horregatik, trebatzeko, formakuntza jasotzeko, eta lan merkatuan sartzeko «behar beste denbora» edukitzea proposatu diete instituzioei, kontuan hartuta 18 urterekin «gizarteratzeko eta laneratzeko prestakuntza prozesuetan» daudela. «Beraz, IPREMaren %100 eskatzen diguzuenean, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzarmen bat egina duen erakunde batekin laguntza prozesu batean gaudela onestea eskatzen dizuegu». Izan, gazteen arabera, emantzipaziorako pisuak, izan gizarteratzeko laguntza ekonomikoa edo, besteak beste, izan laguntza hitzarmena. «Horrela, prestakuntza jasotzeko eta lan merkatuan sartzeko denbora izango dugu, eta, baimena bigarrenez berritzeko eskatu behar dugunean, lan kontratu bat lortu ahal izango dugu». Beraz, «urtebete baino gutxiago» irauten duten kontratuak onartzeko eskatu diete instituzioei.

Othame 23 urteko gazte marokoarrak kontatu du bi urteko mekanizazio ikastaro bat egin zuela lana bilatzeko, baina curriculuma uztera joaten zenean «eskarmentu handia» exijitzen ziotela kontratu bat lortzeko. Formakuntzan segitu zuen, lanbide heziketako erdi mailako ziklo bat egiten hasi zen osasun larrialdietarako teknikari izateko, baina utzi egin behar izan zuen, urtebeteko lan kontratu bat edukitzeko. «Lortu nuen; hamalau hilabetez kotizatu nuen, baina, bizileku baimena berritu behar nuenean, ukatu egin zidaten, argudiatuz enpresak eta trabak jartzen hasi zirela». Ahmedek azaldu du nolako egoera bizi duten haietako askok: «Ikasketak, formakuntza, uztera behartuta daude, urtebeteko kontratuak lortzeko»

«Lan guztia pikutara»

Gazteek hezitzaileak, irakasleak, administrazio publikoak, giza erakundeak, eta, besteak beste, gobernuz kanpoko erakundeak izan dituzte gogoan. «Oso gogorra da egindako ahalegin eta lan guztia pikutara joatea». Haien egoera kontuan hartuta, iruditzen zaie, beraz, erabili den diru publikoa ez dela aprobetxatu. «Paperik gabe ezin duzu ezer lortu», Ayoub 19 urteko gazte marokoarrak laburbildu du salaketa egin duten gazteen egoera.

Gipuzkoako SOS Arrazakeriak, Harrera Sareak, Caritasek, Kolore Guztiak elkarteak eta Steilas sindikatuak manifestaziorako deialdiarekin bat egin dutela jakinarazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.