Indarkeria matxista

Polizia etxera eraman dute Abantoko hilketengatik atxilotutako gizona

Miren Uranga neska laguna eta Paola Mendez alaba hiltzea egotzita atxilotu zuten atzo, Portugaleten, eta gaua Gurutzetako Ospitalean eman du.

Bi ertzain, atzo, bi emakumeen gorpuak atzeman zituzten etxearen inguruan, Abanton. LUIS TEJIDO / EFE
maddi ane txoperena iribarren
2020ko martxoaren 12a
11:17
Entzun

Gaur goizean eraman dute Ertzaintzaren Muskizko (Bizkaia) komisariara atzo neska laguna eta alaba hiltzea egotzita atxilotu zuten gizona: Miren Uranga eta Paola Mendez dira hildako ama-alabak. Batek 54 zituen, eta besteak, 24. Mendez Deustuko Unibertsitateko ikaslea zen, eta gaur eguerdian elkarretaratzeak egin dituzte Donostiako eta Bilboko campusetan, hilketak salatzeko.

Ertzaintzak Portugaleteko trasteleku batean atxilotu zuen hilketak egitea egotzi dioten gizona. Kordea erdi galdurik atzeman zuten, pastilla ugari hartuta bere buruaz bertze egiten saiatu ondotik, berri agentziek jakinarazi dutenez. Haren egoera zela eta, Gurutzetako Ospitalera eraman zuten gizona, eta han pasatu du gaua, Poliziak zaindurik. Haren osasunak onera egin ondoren, ordea, komisariara eraman dute gaur goizean, eta litekeena da bihar epailearen aurrera eramatea. 60 urte inguru ditu.

Bi emakumeen hilketak Abanton (Bizkaia) gertatu ziren, Sanfuentes auzoan. Goizean izan ziren, 10:00 inguruan, eta atxiloketa, berriz, arratsaldean, 16:30ean. Komunikabide batzuek jakinarazi dutenez, gizonezkoak hilketak egin izana aitortu zien eguerdian taberna bateko zerbitzariari eta hainbat senideri. Haiek ohartarazi zuten Ertzaintza, eta horrek 14:00etan eman zuen abisua. Bi ordu eta erdiz aritu ziren hilketak egotzi dizkioten gizonezkoaren atzetik, hura atxilotzeko. Bi emakumeen gorpuak indarkeria zantzuekin atzeman zituzten.

Santurtzin haren bila ibili ondotik, Portugaleteko trasteleku batean atzeman zuten gizonezkoa. Ertzaintzaren arabera, pastilla batzuk hartuta zegoen, «ia korderik gabe», eta erietxe batera eraman zuten. Hipotesien arabera, bere buruaz bertze egiten saiatua zen gizona. Hildako emakumeetako batek 54 urte zituen, eta besteak, 24 urte zituzten, eta gorpu atzeman zituzten etxean bizi ziren, gizonarekin batera.

«Gaitzespen irmoa»

Atzo arratsaldean, 300 lagun inguruk elkarretaratze bat egin zuten Abantoko Pilar Abin plazan, mugimendu feministak deituta, eta gaur ere kalera aterako dira, Abantoko Udalak elkarretaratzera deitu baitu: 19:00etan, udaletxearen aurrean.

Emakundek «gaitzespen irmoa» erakutsi du hilketen inguruan, eta «doluminak eta babesa» adierazi dizkie senideei. Protesta egiteko deia egin du, halaber: «Herritarrak animatzen ditugu emakumeen aurkako indarkeria matxistarekiko gaitzespena adieraztera, eta proaktiboak izatera emakumeen aurkako edozein jokabide iraingarri dela eta». Emakundek gogorarazi du indarkeria matxista «arazo estrukturala eta dimentsio anitzekoa» dela: «Gure gizartean emakumeen eta gizonen artean dagoen desberdintasunaren sinbolorik basatiena». Emakunderen hitzetan, «herritar guztien inplikazioaren bidez eta berdintasunezko gizartea eraikitzeko beharrezkoa den balio aldaketaren bidez baino ez da lortuko emakumeen aurkako indarkeria amaitzea». Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak jakinarazi du Abantoko Udalak deituriko elkarretaratzean parte hartuko duela.

Eudelek ere «gaitzespen irmoa» erakutsi du hilketen inguruan, eta adierazi du «giza eskubideen urraketa larria eta onartezina» dela emakumeen aurkako indarkeria. Hark ere azpimarratu du gizartearen erantzukizuna beharrezkoa dela indarkeria matxista bukatzeko: «Gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu». Udalak deituko duen elkarretaratzearekin eta «antola litezkeen gaitzespen ekintza guztiekin» bat egin du Euskal Udalen Elkarteak ere.

Arartekoak ere gaitzetsi ditu hilketak, eta emakume eta gizonen «berdintasunean» eta matxismoaren aurka egitean jarri du arreta hark ere: «Gertatu den tragediak aurrez aurre jartzen digu erakundeok eta euskal gizarte osoak dugun erantzukizun izugarria, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna benetakoa izan dadin lortzeko ahaleginean amore eman ez dezagun».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.