Noiz sortua: 2020-03-15 12:58:15

Alarma egoera: zer egin liteke, eta zer ez?

Hego Euskal Herrian alarma egoera martxoaren 15ean sartu da indarrean, eta Ipar Euskal Herrian konfinamendua, martxoaren 17an. COVID-19 birusari aurre egiteko, etxean ixteko agindu diete herritarrei, eta mugimenduak murriztu dituzte. Horra 32 galdera-erantzun, zer egin litekeen eta zer ez argitzeko.

Mikel P. Ansa -

2020ko martxoak 15

1. Atera ninteke etxetik?

Soilik zeregin jakin hauetarako:

a) Janaria, botikak edo behar-beharrezkoak direnak erosteko.

b) Osasun etxera joateko.

c) Lanera joateko.

d) Etxera itzultzeko.

e) Adinekoak, adingabeak, ezinduak, mendekotasunak dituztenak edo larri dauden pertsonak zaintzera joateko.

f) Bankura, finantza etxera edo aseguru etxera joateko.

g) Arrazoi larriren batek edo behar handiren batek eraginda.

h) Aurrekoekin pareka litekeen egoeraren batean egonez gero, baina beti bakarrik, ez bada ezinduren bati edo bakarrik atera ezin duen pertsona bati laguntzeko.

i) Horiez gain, Ipar Euskal Herrian posible da etxetik ateratzea kirola bakarka egiteko, baina debekatuta dago taldeko kirolak egiteko kalera ateratzea —futbola, rugbia, eskubaloia...—.

Lanera joateko debekurik ez dago —ixteko agindutako negozioentzat izan ezik—, eta produkzioa eteteko agindurik ere ez. Irekita dauden lantoki eta enpresetara joateko betekizuna normal mantentzen da, beraz, langile horientzat. Hala ere, lantegi handi askok itxi egin dute martxoaren 16an: Volkswagen, Mercedes, Michelin, CAF, Irizar...

Ipar Euskal Herrian ere antzeko moduan ezarri dute konfinamendua, baina erantsi diote beste betebehar bat: kalean dabilen pertsona horrek agiri bat eduki beharko du, ziurtatzeko ezinbestekoa zaiola kalera ateratzea. Barne Ministerioaren webgunean eskuratu ahalko du agiri hori, baina aipatu dute norberak eskuz ere egin ahal izango duela.

 

2. Atera ninteke kirola egitera edo paseatzera?

Ez. Kaleko aisialdi ekintzak gelditzea eta herritarrak etxean gelditzea da helburua. Poliziek eskumena izango dute kalean dabiltzanak gelditzeko eta etxetik atera izana justifikatua dagoen edo ez egiaztatzeko. Espainiako Barne Ministerioak hartuko du polizia guztien kontrola eta koordinazioa. Frantziako Gobernuak, berriz, 100.000 polizia eta jendarme aterako ditu kalera.

 

3. Atera ninteke etxeko animalia paseatzera?

Bai. Baina ezin da aitzakia izan kalean paseatzeko edo kalean jendearekin elkartzeko.

 

4. Joan ninteke umeekin parkera?

Ez. Udal askok itxi egin dituzte, gainera.

 

5. Posible da lagunekin edo senideekin kalean gelditzea?

Ez.

 

6. Eta beste norbaiten etxera joan ninteke?

Ezta ere. Mendekotasunen bat duen edo laguntza behar duen pertsona bati laguntzeko bada bai, baina aisialdirako edo denbora-pasa gisa, ez.

 

7. Isunik jar diezadakete aginduok betetzen ez baditut?

Bai. Hego Euskal Herrian, zigor arinetan, 100 eta 600 euro arteko isunak jar ditzakete; zigor gogorretan, hortik gora, eta 30.000 euro arterainokoak izan ditzakete, larritasunaren arabera. Ipar Euskal Herrian, isunak 135 eurorainokoak izan daitezkeela aipatu dute.

 

8. Uko egin diezaioket lanera joateari?

Gobernuek ez dute halakorik esan. Baina, Hegoaldean behintzat, egon liteke zirrikitu legal bat, adituen artean ere eztabaigai den arren: posible da lan arriskuen prebentzioaren legea erabiltzea, lan egiteari uko egiteko. Lege horren 21. artikuluak aipatzen du lantokian arrisku larri eta saihetsezin bat baldin badago eta enpresak horri aurre egiteko modurik ez baldin badu, langileak bere lanpostua utz dezakeela. Artikulua, bistan denez, interpretazio anitzekoa izan liteke; zenbaitek uste dute arrisku egoera orokor bat ezin dela argudiatu, zehatza izan behar duela: adibidez, lantokian norbait gaixotu izana.

 

9. Autonomoek kuota edo zergak ordaintzeari utz diezaiokete?

Hegoaldean: kuota ordaintzeari utzi, ez; baina Espainiako Gobernuak onartu ditu neurri batzuk, zerga batzuen ordainketak atzeratzeko edo zatitzeko, sei hilabetean zehar, eta interesik gabe.

 

10. Hipoteka ordaintzeari utz diezaioket?

Ez. Bi aldeek adostu behar dute ordainketa horretan aldaketarik egin behar baldin bada. Italian, aldiz, onartu dute arau bat, lanpostua galtzen dutenek eta urteko diru irabazi jakin batzuk baino gutxiago dituztenek hipotekaren ordainketa hemezortzi hilabetez atzeratu dezaten. Hemen ez da horrelako neurririk iritsi oraingoz.

 

11. Debeku hauekin, nola jokatu behar dut kalera atera behar badut?

Jende pilaketak saihestea da helburuetako bat, gaitza azkar hedatzea saihesteko. Jendearengandik gutxienez metro bateko distantzia gorde behar da, pilaketak saihestuz, eta ahalik eta denbora gutxiena eginez. Higiene neurriak ere zaindu behar dira. Hortik aurrera, ez dute zehaztu beste neurririk oraingoz.

 

12. Zer denda egongo dira zabalik?

Lehen mailako beharrak asetzeko dendak soilik. Espainiako Gobernuaren dekretuak zehaztutakoaren arabera, janari eta edari dendak, farmaziak, zentro medikoak, optikak, ortopediak, garbiketa eta higiene produktuen dendak, ile apaindegiak, tindategiak eta arropa garbitegiak, prentsa eta paper dendak, gasolindegiak, estankoak, produktu eta zerbitzu teknologikoak eta telekomunikazioak saltzen dituztenak, etxeko animalientzat janaria saltzen dutenak, Internet, telefono edo posta zerbitzuak.

Beste denda eta zerbitzu guztiak itxita egongo dira. Hotelak zabalik daude, baina haietan dauden bezeroentzat bakarrik. Jatetxe, taberna eta ostatu guztiak itxita daude, salbu etxerako janaria prestatu eta banatzen dutenak. Poliziek eskumena izango dute denda eta ostatuak ixteko, eta denden inguruan sor daitezkeen pilaketak sakabanatzeko.

Frantziako Gobernuak antzeko erabaki bat hartu du: Ipar Euskal Herrian ere itxita daude «ezinbestekoak» ez diren denda eta zerbitzuak.

 

13. Nola jokatu behar dute irekiko duten denden jabeek?

Espainiako Gobernuak ez du aholku zehatzik eman; soilik esan du metro bateko distantzia gordetzeko bezeroengandik. Ez dute argitu maskarak eta eskularruak erabili behar dituzten, edo beste neurririk hartu behar duten. Dendari gehienak, ordea, hasi dira babes neurriak hartzen beren kasa.

 

14. Zer gertatzen da kultur ekintzekin, aisialdiarekin eta gurtza tokiekin?

Debekatuta daude kultur, kirol eta aisialdi ekintzak, eta itxita daude kultur ekintzetarako areto guztiak —museoak, kontzertu aretoak, kultur etxeak...—. Kirol ekintza guztiak ere bertan behera gelditu dira, profesionalak, amateurrak eta umeenak, eta kirol instalazio publiko eta pribatuak itxita daude. Konfinamendua agindu dute gobernuek, eta ezin da aisialdirako etxetik atera. Jaiak, festak, berbenak, segizioak eta antzekoak ere debekatuta daude. Gurtza tokiak ere ixteko agindu du Eusko Jaurlaritzak. Nafarroan ez dute halakorik agindu. Meskitak eta eliza ebanjelistak itxi egingo dituztela esan dute, baina eliza katolikoak irekita mantentzeko asmotan daude, ofiziorik ez izan arren, banaka otoitz egiteko aukera emateko —gobernuaren dekretuak ez du zehazten, ordea, otoitz egitera joateko etxetik atera ote litekeen—. Ezkontzak, bataioak eta halakoak ere atzeratzeko agindu dute. Hiletak jende multzo txikiekin egingo dira, familiartekoekin soilik.

 

15. Eta protestekin?

Bertan behera gelditu dira indarrean zeuden greba gehienak eta kaleko protestak. Espainiako Gobernuaren dekretua irakurrita, ulertzen da alarma egoerak iraun bitartean ez dutela kalean protestak egiteko baimenik emango.

 

16. Irekita daude udal zerbitzuak?

Ez. Itxita daude kiroldegiak, liburutegiak, gazte txokoak, helduen irakaskuntza, erretiratuen zentroak... Zerbitzu munizipal publiko guztiak. Udalean tramiteren bat egin behar izanez gero, deitu telefonoz, jakiteko udal bakoitza zer-nolako baldintzatan ari den lanean.

 

17. Eta zaharren egoitzak?

Horiek ere itxita daude bisitarientzat. Behar larriren bat izanez gero, deitu telefonoz egoitza bakoitzera, zer egoeratan dagoen jakiteko.

 

18. Zer gertatuko da ikastetxeekin eta azterketekin?

Martxoaren 13an itxi zituzten Hego Euskal Herrian —Araban, hilaren 11n—, eta martxoaren 16an itxi dituzte Ipar Euskal Herrian. Hezkuntza zentro guztiak, pribatuak zein publikoak, umeentzakoak nahiz helduentzakoak, arautuak edo ez, zarratuta daude, eta hala jarraituko dute hurrengo bi asteetan gutxienez. «Ahal den neurrian» online hezkuntza bermatzeko eskatu du Espainiako Gobernuak. Euskaltegiak ere itxita daude, eta euskara gaitasun azterketekin zer gertatuko den ez dute argitu oraindik —martxoaren 25ean hastekoak ziren—. Bestelako azterketekin zer gertatuko den ere ez dute argitu.

 

19. Eta zita medikoekin?

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bertan behera utzi dituzte herritarrek medikuekin zituzten zitak. Egoera larriren bat tarteko bada, mantenduko dituzte zitak, eta haurdunei eta onkologian daudenei arreta bermatuko dietela ziurtatu dute. Zalantzarik izanez gero, jarri harremanetan zure medikuarekin edo zure herriko osasun etxearekin.

 

20. Har dezaket ibilgailu pribatua?

Etxetik ateratzeko baldintzen barruan —lanera edo erosketak egitera joateko, osasun etxera joateko...—, posible da. Gasolina hartzera joateko ere bai. Autoa hartuz gero, bakarrik joateko agindu dute. Poliziek kontrolatu eta mugatu ahalko dituzte mugimendu horiek. Errepideen eta zirkulazioaren kontrola ere edukiko dute, eta zirkulazioa mugatu ahalko dute hala erabakiz gero.

Ipar Euskal Herrian ez da murrizketarik oraingoz.

 

21. Erabil dezaket garraio publikoa?

Zehaztutako baldintzen barruan kalera ateratzea ezinbestekoa bada, bai. Lanera edo oinarrizko zerbitzuak hartzera joateko garraioa bermatuko dutela ziurtatu dute agintariek, baina zerbitzu batzuk murriztuko dituztela iragarri dute. Euskal Garraio Agintaritzak, adibidez, %40 eta %60 artean murriztu ditu zerbitzuak —autobus gehienak, tranbiak, Bilboko metroa, Euskotren...—. Baina martxoaren 16an istiluak izan dira, bidaiariek metatuta ibili behar izan dutelako, metroan adibidez, eta garraio agintaritzak erabakia zuzendu du, eta oraingoz zerbitzu guztiei eustea erabaki du. Renferen aldirietako zerbitzuek, aldiz, maiztasunari eutsiko diote; ibilbide luzeagoko zerbitzuak erdira murriztuko dituzte. Hurrengo egunetan aldaketak izan litezke, hala ere.

Edozein moduz, garraio publikoa erabiliko duten bidaiarien artean ahalik eta tarte handiena uzten saiatu behar dela zehaztu dute, gutxienez metro bateko tarte bat. Ez dute erabat argitu hori nola bermatuko duten.

 

22. Txanponak erabil ditzaket garraio publikoa ordaintzeko?

Ez. Txartelekin ordaintzeko agindu dute, garraiolariak babesteko, dirua ere birusaren eroale izan litekeelako. Gainera, autobusetara erdiko atetik edo atzeko atetik sartu beharko da. Jabeei agindu diete ibilgailuak egunero garbitzeko. Espainiako Garraio Ministerioak hartuko du zerbitzuen kontrola.

 

23. Muga itxi dute?

Bai. Hegoaldearen eta Iparraldearen artean mugitzeko, ziurtatu beharko da lanerako dela edo behar handi batek eraginda. Aldiz, salgaientzat irekita egongo dira mugak. Europak martxoaren 17an erabakiko du bere barne eta kanpo mugekin zer egingo duen.

 

24. Zer gertatuko da tramite legalekin?

Eten egingo dira prozedura guztiak, alarma egoerak iraun bitartean. Alegia, alarma egoerak iraungo duen egun hauek ez dira egun natural gisa kontatuko prozedura judizialetarako, administrazio publikoarekin abian diren tramiteetarako, preskripzioetarako, iraungipenetarako... Tramite guztiak ez dira erabat geldituko, ordea, eta zuhurrena da dagokion administrazioarekin harremanetan jartzea, izapide bakoitzaren egoeragatik galdetzeko.

 

25. Hornidura bermatua egongo da?

Baietz ziurtatu dute agintariek. Energia, petrolioa, gasa eta «zerbitzu kritikoak» bermatzeko neurriak hartuko dituela iragarri dute, batetik. Beharrezko gaiak —janaria, botikak...— iritsiko direla ziurtatzeko, garraiolariei ordu mugak kendu dizkiete, eta gobernuek aukera izango dute errekisatzeak egiteko —lantegiak, haztegiak, hiltegiak, industriak...— edo langileak zein enpresak lanera behartzeko.

 

26. Osasun zerbitzuak nola kudeatuko dira?

Espainiako Osasun Ministerioak hartu du agintea Hegoaldean. Osasun arloko langileei erabateko disposizioa izateko agindu die, eta beharren arabera langileak leku batera edo bestera mugituko dituela esan du. Lanaldiak luzarazteko bidea ere jarri du. Beharrezkoa baldin bada osasun zerbitzu pribatuak erabiltzeko agintea ere hartu du, eta autonomia erkidegoen esku utzi du aukera hori. Erretiroa hartutakoak eta barruko mediku egoiliarrak lanerako hartzea ere ez dute baztertu, bestalde.

 

27. Armada ikusiko dugu kalean?

Espainiako Gobernuaren dekretuak ez du halakorik esaten zuzenean, eta Macronek ere ez ditu hitzez hitz aipatu, baina gerta liteke. Hegoaldean, alarma egoerak iraun artean, autoritate agente izango dira soldaduak, eta horrek esan nahi du ordena publikoko zereginak ere hartu ahalko dituela armadak kalean. Osasun zerbitzuak bermatzeko edo hornidura bermatzeko, adibidez, armadak esku har dezakeela aipatzen du Espainiaren dekretuak.

 

28. Eta poliziekin zer gertatuko da?

Espainiako Barne Ministerioak hartu du Hegoaldeko polizia guztien gaineko agintea, baita ertzain, foruzain eta udaltzainen gainekoa ere. Segurtasun junten bidez koordinatuko dituzte zereginak. Polizien jarduna luzatzeko eta zerbitzu bereziak eginarazteko bidea jarri dute.

 

29. Noiz arte iraungo du honek?

Martxoaren 15ean sartu da indarrean Hegoaldean, eta martxoaren 17an Iparraldean, eta gutxienez hamabost eguneko iraupena izango du —martxoaren 29 arte eta 31 arte, hurrenez hurren—. Espainiako Gobernuak luzatzeko aukera izango du. Era berean, orain arte zehaztu ez diren egoerak argitzeko edo xehatzeko, edo orain arte hartutako neurriak aldatzeko, dekretu zehatzak erabaki ahalko dituzte gobernuek. Espainiak dagoeneko esan du agindu hau hamabost egunetik gora luzatuko dela aise.

 

30. Zer gertatzen da autonomia erkidegoen eskumenekin?

Espainiako Gobernuko presidenteak hartu du agintea, eta beste lau ministeriorekin gidatuko ditu alarma egoerari buruzkoak: Defentsa Ministerioa, Barne Ministerioa, Garraio Ministerioa eta Osasun Ministerioa. Erabakiak hartu ahal izango dituzte autonomia erkidegoen gainetik, baina zehaztu dute autonomia erkidegoek, beren eskumenei jarraituz, neurriok osatzeko erabakiak hartu ahal izango dituztela. Eusko Jaurlaritzak eta Kataluniako Generalitateak salatu dute 155. artikulua ezartzen ari dela Espainia, saiheska.

 

31. Eta Frantzian abian ziren erreformekin?

Momentuz tramitazioa eten egingo dute. Hainbeste protesta eta liskar sortu dituen pentsioen erreformaren tramitazioa ere etenda utzi du Frantziako Gobernuak oraingoz.

 

32. Egingo dira hauteskundeak?

Ez. Ipar Euskal Herriko bozen lehen itzulia egin zuten martxoaren 15ean, baina bigarren itzulia bertan behera gelditu da —martxoaren 22an egitekoa zen—. Ez dute erabaki noiz egingo den bigarren itzulia, baina lehen itzuliko emaitzak errespetatuko direla iragarri dute.

Hego Euskal Herrian, berriz, apirilaren 5ean egitekoak ziren Eusko Legebiltzarrerako bozak ere bertan behera gelditu dira. Ez dute zehaztu noiz izango diren.

Albiste gehiago

Apirilaren 1ean eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 9.358 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda, administrazioen arabera. 501 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 2.134 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Etxeetara elikagaiak eramateko taldeak antolatu dituzte Milanen. ©Matteo Corner / EFE

Izurriak 823.626 pertsona kutsatu eta 40.598 hil ditu munduan

Berria

Dagoeneko 501 pertsona hil ditu gaitzak. Hego Euskal Herrian 9.335 kasu diagnostikatu dituzte. Sindikatuek gutun bat bidali diote Denis Itxaso Madrilek EAEn duen ordezkariari, besteak beste zentralizazioa bertan behera uzteko eskatzeko, eta Maddalen Iriartek mahai bat eratu nahi du erabakiak hartzeko

1983ko abuztuan, Busturian, uholdeetan. ©BERRIA

Zer egin krisi bati aurre egiteko?

Enekoitz Esnaola

Jaurlaritzako eta Nafarroako lehendakariek, euskal gatazkako indarkeriaz gain, zenbait garai sozial gogor ere bizi izan dituzte 40 urteotan: uholdeak, sute eta istripu larriak, krisi ekonomikoak... Carlos Garaikoetxeak, Jose Antonio Ardanzak, Patxi Lopezek eta Uxue Barkosek lehendakari gisara bizi izan zituzten krisietan izandako esperientziak kontatu dizkiote BERRIAri. Garrantzia eman diote gertutasuna eta sentsibilitatea izateari, baita neurriak hartzeari ere.

Herrialdeka, Bizkaian aurkeztu dituzte dosier gehien. ©Marisol Ramirez / Foku

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna