mikel p ansa
Analisia

Bi aste, hasteko

2020ko martxoaren 16a
01:17
Entzun

Konfinamendua hasi besterik ez da egin. Martxoaren 15ean sartu zen indarrean, eta, oraingoz, bi aste iraungo  duela adierazi du Espainiako Gobernuak. Baina luzatuko dela espero behar da: gutxienez bi aste beharko baitira jakiteko konfinamenduak emaitzarik duen edo ez. Alegia, bi aste hauek pasatu ondoren hasiko direla emaitzak ikusten. Eta emaitza onak badakartza, ez da eteteko momentua izango, jarraitzekoa baizik: COVID-19a ez da desagertuko hamabost egunen buruan.

Oso azkar zabaltzen da koronabirusa. Datuak ikusi besterik ez dago: martxoaren 2an, hamabi kasu ziren Euskal Herrian; martxoaren 9an, 161; eta martxoaren 16an, 1007. 38 pertsona hil dira. Dagoeneko izugarri nekosoa da birusak gaixotutakoen kontaktuak identifikatzea eta horiek bakartuta birusaren hedapena geldiarazten saiatzea —Osasunaren Mundu Erakundeak agindu du horretan saiatu behar dela, baina osasun zerbitzuek badute nahikoa lan eta ezin sortzen ari diren kasu guztiak zaintzen—.

Intzidentzia tasak ere erakusten du hori. Araban, 10.000 biztanleko 13,4 dira gaitza harrapatu dutenak —Europako intzidentzia tasa altuenetako bat—; Nafarroan, 4,2; Bizkaian, 1,7; Gipuzkoan, 1,2. Ipar Euskal Herriko datuak ez daude bereizita, eta ezinezkoa da estatistikoki lantzea.

Klikatu 'ikusi berriz' botoian bilakaera ikusteko:

Hazkundearen kurba da beste seinale bat. Araban dago gaixo gehien, baina Nafarroa hazkunde antzekoa izaten ari da, lau eguneko atzerapenarekin; eta Bizkaia ere bai, sei eguneko atzerapenarekin. Gipuzkoan oraintxe hasi da hazkunde kurba hori nabarmentzen; izan liteke bederatzi-hamar eguneko atzerapena edukitzea Arabaren aldean. Horrek esan nahi du konfinamenduak eta harreman sozialak gutxitzeak funtzionatuko ez balute Arabako gaixo kopurura iritsiko direla hiru herrialde horiek, astebete edo hamar egun geroago. Intzidentzia tasak txikiagoak izango dituzte, hori bai, Arabak baino biztanle gehiago dituztelako.

Eta horrek guztiak esan nahi du hau hasiera besterik ez dela; gaitza harrapatu dutenen kurba horrek gora egiten jarraituko duela datozen egunetan. Konfinamendua hasi bada ere. Horregatik, itxialdiaren aurreneko egunetan —beharbada hamar-hamabost egunez— iritsiko diren datuak ez dira onak izango. Konfinamendua ezarri aurreko asteetan kutsatu direnen eta inkubatzen egon direnen kasuak agertuko baitira egun hauetan —bi astez inkubatzen da birusa—. Oraingoz goraka jarraituko du kurbak, beraz.

Pentsatu behar da, gainera, COVID-19aren proba ez zaizkiola egiten ari sintomak dituzten gaixo guztiei. Osasun arloko profesionalei eta babesgo zibilean —suhiltzaileak, poliziak...— zein azpiegitura kritikoetan —telekomunikazioetako, energia sektoreko... langileei— egitea hobesten ari dira. Horrek esan nahi du estatistika ofizialetan agertzen ari diren baino gaixo gehiago daudela. Sintoma arinak dituztenei eta kontaktu ez hain estuei etxean gelditzeko agintzen ari dira, testik egin gabe gehienetan.

Konfinamenduaren aurreneko emaitzak hamabost egun horien bukaeran hasiko dira ikusten. Baina martxoaren 29a ez da bukaera izango. Epidemiologoek argi esan dute: konfinamendua bi aste barru eteten bada, berriz hasierara itzultzea bezala izango da. Erreferentzia gisa balio du: Txinak ia bi hilabete egin ditu, eta hemen baino neurri zorrotzagoekin. Erreferentzia gisa balioko du: Italian Euskal Herrian baino astebete lehenago hasi ziren.

Ez da hurrengo egunetan etor daitezkeen datu txarrengatik etsiak jotzeko garaia. Ekinaldi luze baten hasiera da hau. Indarrak hartzeko eta datuak interpretatzen ikasteko momentua da. Elkar zaintzekoa eta norbere burua zaintzekoa. Elkar animatzekoa eta norbere burua animatzekoa. Euskal Herria salbuespen egoera batean dagoela ahaztu gabe, botere publikoek egin ditzaketen askatasun murrizketak zaintzekoa eta gizartean bazterkeria edo indarkeria egoerak bizi dituztenentzako neurriak hartzekoa.

Itxialdi honek emaitzarik emango badu, administrazioen, enpresen jabeen eta herritarren erantzukizunagatik emango du. Ez da zilborrari begiratzeko garaia: ez zilbor politikoari, ez zilbor ekonomikoari, ez zilbor indibidualari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.