Jaurlaritzak ohartarazi du COVID-19ak ez duela «goia jo»

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan beste 208 kasu atzeman dituzte, eta, Euskal Herrian, beste lau pertsona hil dira. Jaurlaritzak beste dei zentro bat ireki du, zalantzak argitzeko eta sintomak dituztenak artatzeko.

Berrogeialdiaren ondorioz, kaleak hustu dira.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko martxoaren 18a
14:46
Entzun

COVID-19 kasuek goraka jarraitzen dute, eta 1.359 pertsona daude kutsatuta Euskal Herrian. Araban, 71 kasu gehiago daude, eta, guztira, 545 dira gaixo daudenak. Nafarroa da kutsatu gehien duten lurraldeetan hurrengoa (386), eta Bizkaian atzeman dute kasu berri gehien (96). Guztira, 297 pertsona daude kutsatuta lurralde horretan. Gipuzkoan, apalagoak dira zifrak. Hain zuzen, 131 pertsonak eman dute positibo, eta horietako 41 dira berriak. Euskal Herrian, koronabirusa zuten beste lau pertsona hil dira, eta 44 dira guztira –27 Araban, zortzi Bizkaian, bost Gipuzkoan eta lau Nafarroan–.

«Oraindik ez dugu goia jo, eta egoera larria da orain ere», ziurtatu du Miguel Sanchez Eusko Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak, gaur eguerdian eman duen prentsaurrekoan. Haren hitzetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 4.020 pertsonari egin dizkiete koronabirusa daukaten ala ez jakiteko probak, eta nabarmendu du Europako batezbestekoaren gainetik dagoela hori –milioi biztanleko 350 proba egin dituzte Europan, eta 1.837 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan–. Gainera, hamalau pertsona sendatu direla iragarri du.

Ziurtatu du Osakidetzako Osasun Kontseilua indartzeko neurriak hartzen ari direla, azken bi asteetan hemezortzi erizain sartuta. Gainera, atzo beste dei zentro bat ireki zutela esan du, «erregistratutako 47.500 deiak aztertuta, hamarretik sei informazioa eskatzeko direla egiaztatu ondoren». Azaldu duenez, zentro horren helburua izango da lehen behatze bat egitea: informazioa soilik nahi dutenei bertako langileek erantzungo diete; sintomak dituztenak, berriz, Osasun Kontseiluko erizainengana bideratuko dituzte. «Horrela lortzen da erizainek benetan behar dutenei laguntzea». Ziurtatu duenez, atzotik %40 murriztu da itxaron zerrenda. Gogorarazi du Araban sintomak dituztenek euren osasun zentrora deitu behar dutela.

Egoera okerrera joan ez dadin, Gurutzetako ospitalea nazioarteko ikerketa batean parte hartzen ari dela azpimarratu du Sanchezek. Gainera, erretiratutako medikuak sartzeko lanean ari direla esan du, eta saiatuko direla hurrengo egunetan hala izan dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.