Prebentzio neurriak, eta nola jokatu gaixotuz gero

Osasun zerbitzuek zenbait aholku zabaldu dituzte koronabirusarekin ez kutsatzeko. Hauek dira herritarrek zaindu beharko lituzketen prebentzio neurri nagusiak:

Eskuak garbitzen. JON URBE / FOKU
2020ko martxoaren 19a
00:32
Entzun

Prebentziorako neurriak

 

Eskuak maiz garbitu

Ura eta xaboia edo desinfektatzeko gela erabili horretarako. Derrigorrezkoa izan beharko luke hori doministiku edo eztula egin eta gero; doministiku eta eztula egin duen norbaitekin kontaktua izanez gero, komunean egon eta gero, azalera zikinak garbituz gero eta jan aurretik.

 

Eztul egitean higiene neurriak hartu

Eztul edo doministiku eginez gero, estali ahoa eta sudurra ukondoaren barneko aldearekin. Ukondoak tolestuta egon behar du. Mukizapia erabiliz gero, zakarrontzira bota berehala, eta eskuak garbitu urarekin eta xaboiarekin edo desinfektatzeko gelarekin.

 

Ez ukitu begiak, sudurra eta ahoa

Eskuek kutsatuta egon daitezkeen gainazal asko ukitu ditzakete. Beraz, eskuekin sudurra, begiak edo ahoa ukituz gero, arriskua dago gainazal horretan zegoen birusarekin norbera kutsatzeko.

 

Ingurukoekiko distantzia utzi

Beste pertsonengandik gutxienez metro bateko distantzia hartzea gomendatzen da, baina ahal bada bi metroko tartea uztea ere komeni.

 

Ez atera etxetik premiazkoa ez bada

Beharrezkoak ez diren bidaiak ez egitea gomendatzen ari ziren konfinamendua ezarri aurretik. Harrezkero, etxetik ez da atera behar, premiazkoa edo ezinbestekoa ez bada. Harreman sozialak murriztu egin behar dira ahalik eta gehien.

 

Eta lantokian?

Itxi egin dituzte lantoki asko, beste asko ez, eta lanera joan behar duten langileek ere tentuz ibili behar dute. Aurreko aholkuetan aipatutakoez gain, eskuekin ukitzen dituzten elementuei adi egon behar dute, eta ezinbestekoa da eskuetako higienea. Haiek eskuetan erabilitako tresnak, ahal dela, desinfektatu egin behar dituzte. Kontuz  erabilera komunekoak direnekin —ateen heldulekuak, interruptoreak...— eta eskuz esku ibiltzen diren erremintekin.

 

Zer egin behar da sintomak agertuz gero?

 

Zeintzuk dira sintomak?

Koronabirusaren sintomak ohiko gripearen sintomen antzekoak dira: sukarra, nekea, eztul lehorra, arnasa hartzeko zailtasuna… Mukiak izan daitezke, eztarriko edo buruko mina, hotzikarak, eta ondoez orokorra… Pertsonaren arabera asko aldatzen dira sintomak, eta badira ia sintomarik ez dutenak ere.

 

Nora jo behar da sintomak izanez gero?

Sintomak dituztela uste dutenentzat edota zalantzaren bat daukatenentzat, aholku telefonoak jarri dituzte administrazioek: Arabako herritarrek beren herriko osasun etxera edo familia medikuari deitu behar diote; Bizkaiko eta Gipuzkoakoek, 900- 20 30 50 telefono zenbakira; Nafarroakoek ere beren osasun etxera deitu behar dute, baina han arretarik ematen ez badiete, orduan 948-29 02 90 zenbakira dei dezakete; eta Ipar Euskal Herrikoek, 0800-13 00 00 zenbakira. Telefono horietan erantzunik jaso ezean, eta sintomak larriak ez badira, itxaron egin behar da, eta berriro saiatu.

Osasun zerbitzuen arreta jaso bitartean, etxean bakartuta egon behar da, eta harremanak moztu egin behar dira, beste inor birusarekin ez kutsatzeko. Osasun zerbitzuekin kontaktuan jarritakoan, haiek jakinaraziko dizkiote gaixoari zer urrats egin behar duen zehazki.

 

Zer egin behar da sintomak larriak badira?

Larriago daudenek edo osasun zerbitzuen laguntza behar dutenek 112 telefono zenbakira deitu behar dute Hego Euskal Herrian, eta 114 zenbakira Ipar Euskal Herrian. Gaitzaren sintomak arinak baldin badira, ez erabili zenbaki hauek, larrialdi zerbitzuen telefonoak ez blokeatzeko, eta telefono zenbaki hauek egiazko larrialdietarako uzteko.

 

Nortzuk dira talde kalteberenak?

Koronabirusak sintoma larriagoak eragiten dizkie talde jakin batzuei: adin nagusikoei, defentsak apal dituztenei eta gaixotasun kronikoak dituztenei: diabetesa, minbizi mota batzuk eta arnas sistemako gaitzak dituztenak… Gaitza harrapatzen duten gehienek ez dute sintomatologia larririk izaten, baina kasu batzuetan pneumonia sor dezake, eta heriotza ere eragin dezake. Horregatik, gaixotasun kronikoak edo aurretiaz patologiak dituztenek kontuz ibili behar dute.

 

Zenbat denbora inkubatzen da birusa?

Kutsatzetik sintomak agertu bitarteko tarteari esaten zaio inkubatzeko epea. Gaur egun COVID-19ari buruz dakitenaren  arabera, egun bat eta hamalau egun artean egon liteke inkubatzen gizaki baten gorputzean. Batez besteko arruntena bospasei egunekoa da. Gaitza harrapatu eta sendatu direnek, hala ere, sendatu eta handik hamalau egunera oraindik transmititu diezaiokete birusa beste pertsona bati. Horregatik, sendatutako pertsonei ere beste hamalau eguneko itxialdi bat egiteko eskatzen die OME Osasunaren Mundu Erakundeak.

 

Nork egin behar du berrogeialdia?

Sintoma arinak dituzten pertsonek, gaur-gaurkoz, eta osasun egoera okertzen ez zaien bitartean, etxean egin beharko dute berrogeialdia. Kutsatutako pertsona batekin harremana izan dutenek ere egin beharko dute berrogeialdia.

 

Etxe barruan, nola antolatu beharko litzateke berrogeialdia?

COVID-19arekin gaixotu direnei aholkatzen diete logela bat eta komun bat haientzat bakarrik edukitzea, ahal den neurrian, eta logelako atea itxita edukitzea eta leihoa zabalduz aireztatzea. Eskura telefono bat edukitzea ere aholkatzen diete. Logelatik atera behar badute, maskara erabiltzea eta beste inorengana bi metroko tartea mantentzea aholkatzen dute. Baina ahal bada ezin dira logelatik atera. Logelan, gainera, erabat itxi litekeen zabor poltsa edo zabor balde bat jartzea ere aholkatzen dute, gaixoak erabilitako mukizapiak-eta bertan botatzeko.

Herritar askok ez dute komun bat baino gehiago. Kasu horietan, behar-beharrezkoa da komuna lixibarekin garbitzea gaixoak erabili ostean.

 

Eta gaixoarekin bizi direnek nola jokatu behar dute?

Horrez gainera, gaixoari eta haren ingurukoei eskatzen diete adi egoteko gaixotasunak zer-nolako eboluzioa duen eta zer sintoma garatzen dituen gaixo dagoen bitartean. Sintomek okerrera eginez gero, 112 zenbakira deitu behar da Hegoaldean, eta 114 zenbakira Iparraldean. Bestalde, aholkatzen dute adinekoak, gaixotasun kronikoak dituztenak eta emakume haurdunak aparte egotea COVID-19arekin gaixo daudenengandik.

Etxean bizi diren gainerakoek ahalik eta zuhurren jokatu behar dute, eta logelan bakartuta dagoen gaixoarekin aurrez aurre egotea saihestu behar dute ahal den neurrian. Aholkatzen diete, gainera, egunean bi alditan hartzea tenperatura. Segurtasuna zorrozte aldera, aholkatzen dute pertsona bakar batek artatzea gaixo dagoena, ontziak ez partekatzea, eta harekin egon edo hark erabilitako gauzak erabili ostean eskuak ongi garbitzea. Gaixoa dagoen gelara sartu beharrik baldin badute, maskara jartzeko eskatzen diete.

 

Zer higiene neurri zaindu behar dira?

Garrantzitsua da higiene neurri zorrotzak hartzea ere, birusa ez dadin etxean zabaldu: garbitu eskuarekin ukitu daitezkeenak, erabili lixiba garbiketa egiterakoan desinfektatzeko, gaixoak erabilitako arropak poltsa batean sartuta eraman garbigailuraino —bero-bero garbitu behar dira—, etxeko arasa eta edalontziak bero-bero garbitu —ahal bada, hobeto garbigailuan—, eta eskuak ondo garbitu, urarekin eta xaboiarekin, gutxienez 40 segundoz. Gaixoak erabilitako toallak, xaboiak eta bestelakoak ere aparte edukitzea komeni da. Heze dauden eremuetan gehiago irauten dute birusek, eta toallak, maindireak eta halakoak ahal beste aldatzea egokiagoa da.

 

Botikarik hartu behar da?

Ez dago koronabirusaren kontrako botikarik, eta txertorik ere ez oraingoz. Gripearekin bezala, sintoma batzuei aurre egiteko botikak har litezke, baina antibiotikoak ez hartzea aholkatzen dute. Sukarra 38 gradutik gora igoz gero, Paracetamolen gisako analgesiko edo antitermikoak har litezke. Ibuprofenoa hartzeak kalte egin ote lezakeen aztertzen ari dira, eta, bitartean, zuhurtziagatik, botika hori ez hartzea gomendatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.