Herriko bozak

Bigarren itzulia prestatzen

Ipar Euskal Herriko 28 herrietako hautagaiek egin beharko dute bigarren itzulia. Egoeraren arabera, ekainean egitea espero du Frantziako Gobernuak.

Lehen itzuliko argazki bat. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko martxoaren 19a
14:42
Entzun

Sekula gertatu ez diren egoerak sortu ditu koronabirusak, arlo guztietan. Hala, herriko bozen antolaketan, aurrekaririk gabeko hutsune juridikoa gertatu da. Martxoaren 15ean iragan zen lehen itzulia mantendu zuten, baina igandean egitekoa zen bigarren itzulia, atzeratzea erabaki du Frantziako Gobernuak. Antolaketarako baldintzak finkatzeko marko juridikorik ez denez; egoera sanitarioari lotutako lege proposamen bat egin zuen asteazkenean Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak, Ministroen Kontseiluarekin bildu ondoan. Lege proiektua ez dute erabat ezagutarazi, Frantziako Senatuaren eta Asanblearen bozka bat beharko delako baieztatu aitzin. Hala ere, lerro handietan bigarren itzuliari loturiko neurriak eman ditu Philippek.

Lehen itzulitik hautatuak izan diren hautagaiek karguak hartzen ahalko dituzte, eta datorren astera arte daukate herriko kontseilua osatzeko —publiko gabe, segurtasun neurriak direla eta—. Ipar Euskal Herriko 160 herrietarik 132 daude kasu horretan, horiek ez dute beharko, beraz, bigarren itzulirik.
Gainerako 28 herrietan; zalantza gehiago agertu dira. Bigarren itzulia, ekainean izanen dela iragarri du Philippek “baldin eta egoera sanitarioak” ahalbidetzen badu. Maiatz erditsu arteko epea eman du erabakia hartzeko, eta segurtatu du “talde zientifiko eta juridikoek elkarrekin” adostuko dutela. Bigarren itzulira aurkeztuko diren hautagaiek epe bat izango dute zerrendak deklaratzeko, eta hortik aurrera hauteskunde kanpaina hasten ahalko dute: lege proiektuan zehaztuko dituzte nondik norakoak.

Euskal Hirigune Elkargoak pairatuko du bi egoera horien arteko talka: 132 herrietako hautagaiek elkargorako postua lortu dute, beste 28 herrietakoek, ordea, oraindik ez. Horien artean, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza eta elkargoko orain arteko lehendakaria. Edouard Philippek segurtatu du HELEP gisako egiturentzat ere, lege proiektuak xehetasun gehiago emanen dituela. Jean Rene Etxegaraik ez daki, beraz, zer postu ukanen duen elkargoan bigarren itzulia egin arte, baina “egituraren segida bermatzen ahaleginduko” dela esan du.

Ministroen Kontseiluak proposaturiko lege sortari zuzenketak sartzen ahalko dizkiote Frantziako Asanbleatik eta Senatutik, proiektua berretsi aitzin. Philippek oroitarazi du “salbuespenezko egoera bati aurre egiteko, salbuespenezko neurriak” hartu behar direla. “Neurri horiek bigarren mailakoak direla pentsa dezakete batzuek, baina demokrazia ez da sekula bigarren mailakoa”, gehitu du. Hautagai guztiek ordenantza bidezko errekurtsoak egiteko baliabideak izanen dituztela ere hitzeman du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.