Sindikatuek osasuna lehenesteko eskatuko dute biharko mobilizazioetan

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek osasunaren eta lanaren alde egin dute deialdia. Funtsezko zerbitzuetan prebentzio neurriak aplikatzeko eskatu dute, baita funtsezkoa ez den lan jarduera oro gelditzeko ere.

CAFen Beasaingo (Gipuzkoa) lantegia itxita, joan den astean. JON URBE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko martxoaren 25a
12:19
Entzun

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek ostiralean, martxoaren 27an, lan zentroetan mobilizatzera deitu dituzte Hego Euskal Herriko langileak. «Langileen osasuna, enplegua eta lan baldintzak gero eta okerragoak direla ikusita», sindikatuek Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eta Confebask eta CEN patronalei eskatu diete osasuna, enplegua eta lan baldintzak lehenesteko.

Horretarako, «funtsezko zerbitzuetan beharrezkoak eta eraginkorrak diren prebentzio neurriak aplikatzea» eskatu dute, baita «funtsezkoa ez den lan jarduera oro geldiaraztea, eta enplegua eta lan baldintzak bermatzea» ere.

Koronabirusak eragindako krisia dela-eta langileak pairatzen ari diren egoera nabarmendu dute: «Langileok haserre gaude gure osasuna arriskuan jartzen ari direlako». Azken egunetan hainbat langilek salatu dute prebentzio neurri egokirik gabe ari direla lanean, eta hori azpimarratu dute sindikatuek ere. Haien arabera, funtsezko zerbitzuetan lanean ari diren pertsonak «behartuta daude lanera joatera, beharrezkoak diren prebentzio neurriak bermatuak izan gabe», eta, horregatik, «etengabeko arriskuan» daude. 

«Langileoi ordainarazi nahi digute krisia»

Azaldu dutenez, ordea, lanera joaten ari direnak ez dira funtsezko zerbitzuetako langileak soilik. «Funtsezko zerbitzuetan lan egiten ez duten langileak ere behartuta daude beren lanpostura joatera, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta patronalek interes ekonomikoak lehenesten dituztelako haien osasunaren aldean».  Horregatik eskatu dute lantoki horiek berehala ixteko.

Langileei bereziki eragiten ari zaien beste kontu bat dira aldi baterako lan erregulazioak. Krisia milaka pertsonaren lan baldintzen prekarizazioan sakontzeko erabiltzen ari direla gaineratu dute sindikatuek: «Aurreko krisia langileei ordainarazi ziguten, eta, orain, patronalek eta gobernuek nahi dute osasun krisia ere guk ordaintzea».

Ostiralean, «bakoitzak dituen baliabideekin» mobilizatzeko eskatu dute: lan eteteak, kontzentrazioak, argazkiak edo zaratak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.