Inoizko igoerarik handiena izan da Hegoaldean: 41 hildako eta 889 kasu

Atzo eginiko zenbaketan baino 41 hildako eta 889 kasu gehiago dira. Hego Euskal Herrian 229 hildako eta 5.357 kasu baieztatu dituzte. Itxaropenerako datua: 656 sendatu dira jada, beste 167.

Basurtoko Ospitaleko (Bizkaia) bi langile, koronabirusaren frogak prestatzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2020ko martxoaren 26a
13:18
Entzun

Espainiako Osasun Ministerioak eguneratu ditu koronabirusak hildakoen eta kutsatutakoen inguruko datuak. Gaurko emandako datuen arabera, 5.357 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, azken zenbaketan baino 889 gehiago. Gaurdaino, egunetik egunera erregistratu den hazkunderik handiena da. Lurraldez lurralde, Bizkaian izan da hazkunde handiena (349), eta 1.850 pertsona daude gaixo guztira. Araban, berriz, 1.435 lagun daude gaitzak jota, eta horietako 228 ospitalean. Nafarroaren ere asko ugaritu da gaitza –214 kasu berri daude–, eta guztira, 1.441 pertsonari erasan die koronabirusak.

Gaixo horietako zenbait ospitalean daude. Zehazki, 849 Bizkaian, 649 Nafarroan, 325 Araban eta 201 Gipuzkoan. Gainera, 191 zainketa intentsiboetako unitatean daude.

Dagoeneko 229 pertsona hil dira COVID-19aren ondorioz, 41 gehiago azken 24 orduetan. Lurraldearen arabera, Araban daude hildako gehienak (94), eta haren atzetik daude Bizkaia (65), Nafarroa (49) eta Gipuzkoa (21). Datu positiboa bakarra, egunetik egunera gora egiten ari dela sendatutako pertsonen kopurua ere: 656 sendatu dira, atzo baino 167 gehiago.

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur azaldu duenez, baieztatutako kasuen gorakadak zerikusia du egiten ari diren proba kopuruarekin. Atzo 1.511 proba egin zituen Osakidetzak, duela hiru egun egindakoak halako bi. Guztira, 10.000 proba inguru egin dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Azken egunetan hainbat osasun langile kexu agertu dira ez dutelako euren babeserako behar adina material. Horri erantzunez, Murgak esan du zuzentzen duen sailaren «erabateko lehentasuna» dela langileak babestuta egotea, eta gehitu du atzo 223.640 maskara eta eskularru eman zizkietela udaletxe eta mankomunitateei. Zahar etxeetara ere «etengabe» ari dira materiala bidaltzen, sailburuaren arabera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.