Koronabirusa

Txibitek ez zuen nahi dena gelditzea

Autonomia erkidegoek funtsezko jarduerak zer diren zehazteko aukera eskatu diote Pedro Sanchezi, eta dekretua ezartzeko epea malgutasunez ezartzeko aukera.

Maria Txibite, bideokonferentzia batean, iragan astean. NAFARROAKO GOBERNUA
joxerra senar
2020ko martxoaren 30a
14:40
Entzun

Igandean, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak bideokonferentzia bidez hitz egin zuen erkidegoetako presidenteekin, besteak beste Iñigo Urkullu Jaurlaritzakoarekin eta Maria Txibite Nafarroako Gobernukoarekin. Bertan, Txibitek zehaztu zuen ez zuela jarduera ekonomikoa geratzerik nahi, baina, era berean, onartu zuen pertsonen osasunak duela lehentasuna.

COVID-19aren hedatze azkarrak agerian utz dezake oso denbora gutxian erabakiak hartzen dituzten agintarien jarrera, eta hori ikusirik, Txibitek bere jarrera malgutu du gaur. Izan ere, Txibite ostiralean jarduera oro geratzearen aurka azaldu zen, eta, gaur eguerdian egin duen agerraldian, jarrera hori defenditu du. Haren hitzetan, langileen segurtasuna da lehentasuna, eta beharrezko segurtasun neurri guztiak hartzeko eskatu diete enpresei konfinamendua hasi zenetik. "Ez nintzen jarduera geratzearen aldekoa, Espainiako presidentea ez den bezala", gaineratu du.

Hala ere, jarrera aldatuz joan da gero. Lehenik, adierazi du ez dela jarduera geratuko baizik eta "hibernazio moduko batean" sartuko dela, Eguberrietan edo sanferminetan bezala. Bestetik, iradoki du adituen datuek erabaki hori hartzera eraman dutela Sanchez:  "Esku artean ditugu Biomeden eta NUPeko hainbat profesionalen azterketak, eta gobernuko presidente berak ere mahai gainean jarri ditu epidemiologoek bilakaerari buruz egindako analisiak. Gure lehentasuna pertsonen osasuna da. Nik ez dut arriskuan jarriko pertsonen bizia". Ez du zehaztu zer zioten azterketa horiek, baina azaldu du datuok esku artean eman duela pauso hori Sanchezek.

Dena den, dekretua ezartzeko denboretan malgutasuna eskatu dio Txibitek Sanchezi. "Eskaera aintzat hartu da, 24 ordu eman baitira enpresak berrantolatu daitezen". Gainera, funtsezko jarduerak zer diren zehazteko orduan, erkidegoetako gobernuek hori aukeratzeko ahalmena izatea defenditu du, "erkidego bakoitzak bere zehaztasunak baititu".

Azpiegitura publikoei dagokienez, dekretuak argi eta garbi uzten du geratu egingo direla. Txibiteren esanetan, geratzeak obren atzerapena ekarriko du. Hala ere, orain hori "bigarren mailako kontua" dela deritzo.

Gainera, "babes osoa" adierazi dio Sanchezi, Europako Batasunean Espainiako Gobernuak azaldutako jarreraren inguruan. Txibiteren irudiko, "EBren etorkizuna bera dago jokoan egoera berezi eta zail honetan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.