Enpresak

Lakuntzak eta Aranburuk Itxasori konfinamendu osoa ezartzeko eskatu diote

«Ez zaigu onargarria iruditzen lantegi handiak irekitzeko erabakia hartzea», adierazi diote ELAko eta LABeko buruek Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariari.

Garbiñe Aranburu eta Mitxel Lakuntza, Maria Txibiterekin bildu ondoren, otsailaren hasieran.. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko apirilaren 1a
10:49
Entzun

ELAk eta LABek gaizki hartu dute Espainiako Gobernuak aukera eman izana enpresa batzuei berriro lanean hasteko. Erabaki hori salatzeko eta beste neurri batzuk ezartzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari, Denis Itxaso haren ordezkariari igorritako zazpi puntuko gutun batean.

Lehenik, Mitxel Lakuntzak (ELA) eta Garbiñe Aranburuk (LAB) sinatutako gutunak nabarmendu du «lehentasuna»  dela COVID-19aren zabalpenari mugak jartzea, eta langileen eta herritarren osasuna zaintzeko erabakiak hartzea.

Horretarako, lehenik eta behin, oinarrizko zerbitzuetan lanean ari diren langileei beharrezkoak dituzten babes neurri guztiak bermatu behar zaizkiela uste dute. Horrekin batera, lana modu egokian aurrera ateratzeko beharrezkoa duten langile kopurua ere bermatu behar da, oinarrizkoak diren lanetan diharduten langileen osasuna zaindu eta langile horiek gaixotasuna hedatu ez dezaten.

Pandemiari mugak jartzeko «konfinamendu neurri zorrotzagoak» eskatu dituzte berriro ere sindikatu abertzale nagusiek. Hau da, «oinarrizkoa ez den jarduera ekonomiko oro eten egin behar da, osasungintzan lan egiten duten 1.200 langilek baino gehiagok adierazi duten moduan, eta «komunitate zientifikoak ere horrela gomendatu duelako».

ELAk eta LABek ziurtatu dute une honetan infekzio foku nagusiak lantokietan daudela. «Ez zaigu onargarria iruditzen lantegi handiak irekitzeko erabakia hartzea, oraindik ere horietan prebentzio neurriak bermatuta ez dauden honetan. Ondasunen esportazioan eta inportazioan ari diren enpresa batzuetan COVID-19arekin gaixotutako langile kopuruak argi erakusten du ezinbestean jarduera eten behar dela». Adibide gisa Gasteizko Mercedes jarri dute: berrogei kasutik gora baieztatuta daude, eta hirurehundik gora aztertzen ari dira.

Gainera, Lakuntzak eta Aranburuk uste dute Espainiako Gobernuak koronabirusaren «aitzakia» erabili duela «zentralizazioaren aldeko apustu argi bat» egiteko. Horren aurka, esan dute salbuespen egoerari aurre egiteko neurriak Euskal Herrian hartu behar direla; «kasu honetan, EAEn». Jarduera ekonomikoa eteteari dagokionez, erabaki horretan parte hartu beharko lukete eragile politikoek, sindikalek eta patronalek. 

Azkenik, Lakuntzak eta Aranburuk diote ez zaiela «onargarria» iruditzen Madrilgo gobernuaren interlokuzioa. «Confebasken interesak soilik defendatzen dituen Jaurlaritzarekin negoziazio bide bat zabalik mantentzea eta gehiengo sindikala negoziazio horietatik kanpo egotea. Langileon osasuna eta lan baldintzak daude jokoan, eta langileongan eragina duten erabakien parte izatea dagokigu euskal sindikatuoi».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.