Enpresak

Tubos Reunidosek eta Tubacexek berriro zabalduko dute

Jaurlaritzak uste du industria osoak eutsi ahal diola jarduera txiki bati. Mondragonek dio «atzeraezinezko konpromisoak» bete ahal izango dituela, eta CAFen 37 boluntario ari dira bagoi batzuk entregatzeko.

Aceros Olarra lantegia, Loiun, atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko apirilaren 1a
11:33
Entzun

Eusko Jaurlaritzak oso gogo txarrez hartu zuen joan den larunbatean Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri izana oinarrizkoak ez ziren jarduera ekonomiko guztiek geratu egin behar zutela astelehenerako. Nafarroako Gobernuak ere malgutasuna eskatu zion Espainiako Gobernuari, eta patronalek oso hitz gogorrekin salatu zuten erabakia. Kexu hori ikusita, Nadia Calviño Espainiako Ekonomia ministroak zirrikitu bat zabaldu zuen atzo oinarrizkoak ez diren jarduera batzuk berriro lanean hasteko.

Zirrikitu horretatik industriaren zatirik handiena sar daitekeela uste du Eusko Jaurlaritzak. Horretarako bidea izango litzateke dekretuaren laugarren artikulua, baimena ematen baitu «derrigorrezko jarduera» bati eusteko, «lan txanda guztiz ezinbestekoen bitartez». Lantalde hori asteburuetan eta jai egunetan lanean aritzen denaren parekoa izan beharko lukeela dio artikuluak. Halaber irekita

Artikulu horitik abiatuta, Jaurlaritzak onartu du eraikuntzak ez duela modurik berriro lanean hasteko, betiere ez badute premiazko lan bat egin behar. Industrian, berriz, enpresa batek bere egoera aztertu behar duela, «gutxieneko jarduera bat» finka dezakeela eta horri egokitako lantalde batekin jarduerari berriro ekin diezaiokeela uste du Gasteizko gobernuak.

Lehen ondorioak

Espainiako Gobernuaren zehaztasunek izan dituzte lehen ondorio praktikoak. Tubos Reunidosek iragarri berri du Amurrioko (Araba) eta Trapagarango (Bizkaia) fabrikak berriro irekiko dituela, «arauak errespetatuz». Arabako enpresak ziurtatu du «derrigorrezkoak diren gutxieneko lanak» egingo dituela, eta ez besterik.

Gauza bera egiteko asmoa du haren auzoak, Tubacexek. Gogorarazi duenez, Laudioko eta Amurrioko plantetan ekoizten dituen hodi guztiak esportaziorako dira, eta epe laburrean eta ertainean bete beharreko hainbat konpromiso ditu. Gainera, nabarmendu du bere hodiak energiarako eta uraren eta gasen tratamenduen sektorerako direla, eta horiek funtsezkoak direla.

Itxita jarraitzen dute CAFek Beasainen eta Irunen dituen lantegiek, baina lantalde txiki bat lanean hasi da gaur, Zeelanda Berrirako eta Herbehereetarako tren batzuk amaitzeko eta entregatzeko. ELAko ordezkariak azaldu duenez, zuzendaritzak proposatu zion atzo bi eskaera horiek betetzea, epe jakin batzuetan bukatzen ez badira ez dutelako dirurik jasoko.

37 langile arituko dira, den-denak boluntarioak: ardatzak egiten dituztenek hamahiru egunez egingo dute lan, eta zazpi egunez, berriz, biltegikoek, ibilgailuak bukatzen dituztenek eta probak egiten dituztenek. Langile batzordearen oniritzia du lan horrek, segurtasun neurri guztiak beteko direla uste baitu.

CAFeko gainontzeko langileak apirilaren 20an dira lanera itzultzekoak.

Mondragon taldean ere gutxieneko lan batzuk egiteko asmoa dute, haren iturriek onartu duenez. «Praktikoki itxita» dago taldea, oinarrizko jardueratan aritzen diren kooperatiba gutxi dituelako. Besteetan, «gutxieneko lanetan» ari dira, nazioarteko eskaera batzuei erantzuten.

Arcelor Mittalek ere baliatuko du Espainiako Gobernuak emandako aukera. Gaur egun itxita dagoen lantegi bat, Lesakakoa (Nafarroa), datorren astean berriro zabaltzeko asmoa du multinazionalak, altzairuzko ontzietako eraztunetan erabiltzen den altzairua egiteko. Normal ari dira lanean Etxebarrikoan (Bizkaia), elikadura industriarentzako ontziak egiten dituelako.

Gipuzkoako bi fabriketan, Olaberrian eta Bergaran, «gutxieneko jarduera ezinbesteko bati» eusten diote, eta horrela jarraitzeko asmoa dute. Erabat itxita daude, berriz, Sestaoko ACB, Berriobeitikoa (Nafarroa), Legasakoa (Nafarroa) eta Aguraingo transformazio zentroa (Araba).

Nafarroako patronalaren kezka

Confebask nabarmendu da patronalaren jarduera oro etetearen aurkako kritiketan, haren buru Eduardo Zubiaurrek kaosa eragitea eta arduragabekeria egotzi baitzion Espainiako Gobernuari. Baina CEN Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioa ere ez da pozik azaldu: «Itxierak ondorio ekonomiko kaltegarriak eragin ditzake, eta azkenean eragina izango dute enpleguan eta geure gizarte ongizate sisteman ere», ziurtatu du gaur agiri baten bidez.

«Inprobisatutako neurriak» ez hartzeko eskatu die agintariei, eta zorrozki aztertzeko jarduera gutxitzeko erabakiek nolako egoera ekonomikoa ekar dezaketen. Espainiako Gobernuaren dekretuak «segurtasun falta izugarria eragin du Nafarroako enpresetan». Horregatik, CENek telefono bat eta helbide elektroniko bat jarri ditu hari lotutako xehetasunak emateko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.