Albistea entzun

Klima larrialdia

Bertan behera geratu da COP26 klima aldaketari buruzko goi bilera

COVID-19 pandemiak eragindako egoeragatik erabaki dute NBE Nazio Batuen Erakundeak eta Erresuma Batuko Gobernuak Glasgowko ekitaldia atzeratzea.

Madriolen egindako COP25aren irudi bat, batzarra zuzentzen Txileko lehendakaritza mahaian dagoela.
Madriolen egindako COP25aren irudi bat, batzarra zuzentzen Txileko lehendakaritza mahaian dagoela. Efe Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Petxarroman -

2020ko apirilak 2

Klima aldaketaren aurkako ekitaldirik garrantzitsuena, Nazio Batuen Erakundeko klima aldaketari buruzko aldeen 26. konferentzia (COP26), bertan behera utzi dute Erresuma Batuko eta Italiako gobernuek eta NBEren Klima Aldaketaren Hitzarmen Esparruak (CMNUCC), koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz. Bilera azaroan egitekoa zen Glasgown (Eskozia), eta aditu guztiek garrantzi handia aitortua zioten, besteak beste, Parisko Ituna martxan jartzeko azken urratsa zelako.

Herrialdeek Parisen euren buruari ezarritako klima konpromisoak handitu egin behar zituzten aurten, Glasgowko goi bilera baino lehen. Izan ere, adituek adierazi dutenez, Parisen herrialdeek hartutako konpromisoekin, munduaren berotze globala 2,7 gradu inguru izango litzateke mendearen amaierarako. COP26 atzeratu dute, baina ez dute eman data berririk, eta adierazi dute zehaztuko dutela aldeekin aztertzen dutenean.

Esate baterako, irailean bilera oso garrantzitsu bat egin behar zuten horri begira Europako Batasunak eta Txinak, baina bilera hori ere kolokan zegoela iritsi da Erresuma Batuko Gobernuaren oharra: «COVID-19 birusa eragiten ari den ondorioei erreparatuta, ez da posible 2020ko azaroan COP26 handinahi eta barneratzaile bat egitea».

Aste honetan bertan Eskoziako Gobernuak jakinarazi du COP26 goi bilera egitekoa zen eraikina (SEC Arena) koronabirusari aurre egiteko behin-behineko ospitale bihurtu dutela. Besteak beste, Glasgowko goi bilera prestatzeko agendan zeuden beste konferentzia batzuk ere atzeratuko dituztela iragarri dute. Horietako nagusia Bonnen (Alemania) egitekoa zen ekainean, eta urrira atzeratu dute orain. «Munduak inoiz izan gabeko erronka bati aurre egin behar dio orain, eta herrialdeak horretan ari dira egiten ahalegin guztiak, bizitzak salbatuz eta COVID-19aren aurka borroka eginez. Horregatik erabaki dugu COP26a berriz programatzea», adierazi du Alok Sharma goi bilerako presidente eta Erresuma Batuko Gobernuko Negozio, Energia eta Industria Estrategiako estatu idazkariak.

Bilera bertan behera uztea era guztietako iritziak eragiten ari da. Laurence Taubiana Parisko Ituneko egile eta Klimarako Europako Fundazioko zuzendariak dei egin die herrialdeei denbora hau aprobetxa dezaten «trantsizio eta susperraldi planak» egiteko, «klima, bioaniztasuna, garapena eta justizia soziala» aintzat hartuta, «modu integratu batean». Tubianaren iritziz, birusaren aurkako borrokak lehentasuna izan behar du orain, eta ezinbesteko tresnatzat jo ditu «nazioarteko elkartasuna eta elkarlana».

NBEko Klima Aldaketarako idazkari exekutibo Patricia Espinosak ere aitortu du koronabirusa dela orain munduaren mehatxurik premiazkoena, baina ohartarazi du «epe luzera» klima aldaketa dela munduak aurre egin behar dion «mehatxurik handiena»: «Laster, ekonomien susperraldiari berrekingo diote gobernuek. Hori aukera bat izango da, herrialdeak hobeto susper daitezen, plangintza horietan sektorerik zaurgarrienak aintzat hartuz, eta XXI. mendeko ekonomiari itxura emateko, garbia, berdea, osasungarria, bidezkoa, segurua eta erresistenteagoa izan dadin». Bitartean, dei egin die herrialdeei Parisen markatutako bidetik jarrai dezaten, «klima ekintzaren anbizioa» bultzatuz.

Glasgowkoa ez da bertan behera utzitako urteko goi bilera bakarra. Pakinen irailean egitekoa zen bioaniztasunari buruzko goi bilera (COP15) ere bertan behera geratu da, pandemiarengatik. Bioaniztasunaren galera da munduak daukan ingurumen arazorik larrienetako bat, klima aldaketarekin batera. Iaz IPBES NBEko adituen taldeak egindako txosten baten arabera, milioi bat espezie desagertzeko arriskuan daude munduan; hain zuzen ere, zortzitik bat. Espezieen desagertze prozesua, gainera, bizkortzen ari da, hainbat arrazoirengatik, baina betiere gizakiak eragindako prozesuen ondorioz: klima aldaketa, kutsadura, nekazaritza eta abeltzaintza intentsiboak suntsitutako lurren desagerpena, naturaguneen gehiegizko ustiapena (arrantza baliabideak, esate baterako) eta beste hainbat.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak urteko txostena aurkeztu zuen atzo Eusko Legebiltzarrean. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak 46 biktima aitortzeko eskatu du

Oihane Puertas Ramirez

1961etik 1997ra bitartean jasan zituzten erasoak. Sei hil egin zituzten, eta 28 torturatu. Eskatu dute kalte ordainak zehazten dituen legea aldatzeko
Esperientzia ezagutarazteko egindako mahai ingurua, atzo Donostian. ©JON URBE / FOKU

Euskal curriculuma: paperetik praktikara

Irati Urdalleta Lete

'Euskal curriculuma: egungo esperientziak eta etorkizuneko aukerak' jardunaldiak egin dituzte Donostian. Hutsuneetatik zer eraikitzen ari diren ekarri dute hizpidera.
AHTaren Bergarako obrak, artxiboko irudi batean. ©Andoni Canellada / Foku

AHTaren Bergarako lotunerako 145 milioi euro eman ditu Europak

Berria

Bilboko Portuko Agintaritzara 14,3 milioi euro bideratuko dizkio, «garraio sareak hobetzeko» diru laguntzen barruan.

Steilasko kideen agerraldia, gaur, Hezkuntza Departamentuaren aurrean. ©STEILAS

Hezkuntza publikoan «behin-behinekotasuna makillatu nahi izatea» egotzi dio Steilasek Nafarroako Gobernuari

Ion Orzaiz

Behin-behinekotasunaren aurkako legearen onarpena erraztu izana egotzi die Geroa Bai, Ahal Dugu eta EH Bilduri

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.