HEZKUNTZA

Ikasturte honetan aurrez aurreko eskoletara ez itzultzeko eskatu du Espainiako Unibertsitate ministroak

Manuel Castellsek erkidegoei esan die ez zaiola egokia iruditzen aurrez aurreko eskolak egitea ikasturte honetan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak zalantzan jarri du hori, eta «unibertsitate autonomiaren» alde egin du: jakinarazi du zenbait aukera aztertzen ari dela. Zehaztu duenez, «ikasle bakar batek ere» ez du «galduko» ikasturtea. EHUk oraindik ez du jakinarazi zer eginen duen eta nola. 

EHUren Leioako campusa. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Maddi Ane Txoperena Iribarren - Jon O. Urain
2020ko apirilaren 2a
15:39
Entzun

Manuel Castells Espainiako Unibertsitate ministroa erkidegoetako hezkuntza arloko arduradunekin batzartu da, argitzeko zer egin datozen hilabeteetan 2019-2020ko ikasturtearen amaierarekin, eta nola ebaluatu ikasleak. Ministerioa txosten bat egiten ari da ondorioak jasotzeko, baina unibertsitateen esku dago erabakia.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, unibertsitateko ikasturtea bukatzearen alde egin du bileran, eta unibertsitateen «autonomia» defendatu du. Hiru arloren inguruan agertu du Jaurlaritzak desadostasuna: aurrez aurreko klaseak bukatzeari buruz, unibertsitateko praktiketan %50eko salbuespena egiteaz eta unibertsitateko ikasturtearen amaiera bateratzeaz. «Proposamen horiek ez dituzte errespetatzen ez Euskadiren eskumenak, ez Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateen autonomia, ez Unibasq Kalitate Agentziaren independentzia», salatu du Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Aurrez aurreko klaseak eteteari buruz bi aukera aztertzen ari direla adierazi dute: «Ikasturte honetan aurrez aurreko prestakuntza berreskuratzeko aukera, edo egungo ikasturteari ikasgeletatik kanpo aurre egiteko beharra». Unibertsitateko langileak «bi agertoki horiek lantzen ari dira, eta agertoki baterako eta besterako hainbat jarduera egiten ari dira», azaldu dutenez. Ikasleei lasaitasun mezua helarazi nahi izan die Hezkuntza Sailak: «Ikasle bakar batek ere ez du galduko ikasturtea koronabirusaren eraginez». 

BERRIA harremanetan jarri da EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektoretzarekin, eta unibertsitateak jakinarazi dio aztertzen ari direla zer egin, baina oraindik ez dutela erabakirik hartu. Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua bihar batzartuko da EHUko, Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko buruzagiekin, gaia aztertzeko.

Ebaluazio malgua

Castellsek proposatu du erabat malgu jokatzea ebaluatzeko garaian. Haatik, horretarako modua zentro eta ikasgai bakoitzean erabaki beharko dute. Bileran, bat etorri dira esanez malgutasun horrek ikasleentzako irizpide argiak ere behar dituela, eta irizpide horiek irakasle, sail edo fakultate bakoitzak argitaratu beharko dituela.

Ez dira ados jarri, ordea, ikasturtea amaitzeko egunean. Castellsek oraingoz ez du plazaratu bere iritzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.