Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak jakinarazi du baxoko eta brebetako azterketak ez dituztela mantenduko. Hala, kontrol jarraikiaren bidez ebaluatuko dituzte lizeoko eta kolegioko azken urteko ikasleak; izan sail orokorrean, teknologikoan zein profesionalean. Hala ere, lizeoko bigarren urteko ikasleek frantseseko ahozko azterketa egin beharko dute.
Ikasleen urte osoko notak kontuan hartuko dituzte, baina konfinamendu garaikoak ez, eta diploma lortzeko 20tik 10eko nota atera beharko dute ikasleek. 8 eta 10 arteko nota lortzen dutenek bigarren aukerako azterketa egiten ahalko dute, ahozko baten bidez, uztailean. 8 baino gutxiago ateratzen dutenek, berriz, bigarren aukerako azterketa osoa irailean egin beharko dute. Blanquerrek esan du ekainean klaseak egingo direla, baina zehaztu du epidemiaren garapenaren arabera hartuko dutela erabakia.
Unibertsitateko ikasleen kasua ez du zehaztu, baina esan du datozen egunetan emango dituela azterketen nondik norakoak.