Sindikatu abertzaleek burujabetza politikorik eza salatu dute

Lau sindikatuetako buruak, otsailean Bilbon eginiko agerraldian. LUIS JAUREGIALTZO (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko apirilaren 7a
12:38
Entzun

Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Galiziako lau sindikatuk —ELA, LAB, CSC eta CIG— agiri bateratu bat kaleratu dute —bideoa albistearen amaieran— «osasun larrialdi honetan» langile klasea babestu behar dela aldarrikatzeko. Sindikatuok adierazpen bat egin zuten otsailean, agenda sozialaren eta erabakitzeko eskubidearen alde. Azpimarratu dute «egungo abaguneak» are eta beharrezkoa egiten duela agiri horretan jasotzen dena garatzea.

Sinatzaileek diote COVID-19ak eragindako osasun krisia «kapitalismoaren krisiaren» emaitza dela, eta agerian uzten ari dela Euskal Herriaren, Galiziaren eta Herrialde Katalanen «burujabetza gabezia».

«Salatu behar dugu COVID-19aren pandemia baliatu dela 155. artikulu bat zeharka sartzeko, gure lurraldeek berez duten autonomia urria indargabetuz», adierazi dute, eta azpimarratu Espainiako Gobernua hartzen ari den zenbait neurri «propaganda unionista» indartzeko erabiltzen ari direla, «desfile militar eta guzti». «Haren asmoa ez da osasun krisiari aurre egiteko indarrak biltzea, baizik eta krisi hori erabiltzea gure nazioetako langileen bizitzarako funtsezko gaietan erabakitzeko eskubidea deuseztatzeko».

Horrekin batera, gobernuak «botere ekonomikoen» menpe jokatzen ari direla salatu dute, eta adibide gisa jarri dute Espainiako Gobernuak aurreko igandean emandako agindua, oinarrizko jarduerak eteteari buruzkoa. «Erabaki hau berandu hartu zuen, eta ezin okerrago kudeatu dute. 48 ordu igaro ez zirelarik, amore eman zuten botere ekonomikoen presioen aurrean, eta, gero, iruzur egin zuten hartu zuten erabakiarekin, ikuspuntu demokratiko eta juridikotik».

Publikoaren defentsa

Lau erakundeek nabarmendu dute herritarrak oro har eta bereziki hainbat sektoretako langileak erakusten ari diren «konpromiso zibikoa», baina salatu dute behargin horiek lanean ari direla «babesteko bitarteko nahiko eta egokirik gabe» eta ez dagoela behar beste langilerik eginkizun guztiei aurre egiteko.

«Espainiako Gobernua eta gobernu autonomikoak hartzen ari diren erabakiek eskubideak konfinatzen dituzte; berandu datoz, bidegabeak dira, eta motzegi geratzen dira langile klasearentzat eta kolektiborik zaurgarrienentzat», azpimarratu dute.

Sindikatuen arabera, egungo krisiak agerian jarri du «zein garrantzitsua den arlo publikoa», eta «azken aldiko murrizketak» salatu dituzte.

Horrekin batera, nabarmendu dute lanbide feminizatuak direla «prekaritaterik handiena eta aitortzarik eskasena» dutenak, «hain zuzen krisia amaiarazteko ezinbestekoak diren sektoreetako langileak».

Era berean, gogoratu dute sindikatuak ere «salbuespenezko baldintzetan» ari direla lanean, eta euren afiliatuei eskatu diete «lotura kolektiboak indartzeko» eta modu aktiboan inplikatzeko, «jenderik ahulena defenditzeko, enpresetan eta haietatik kanpo».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.