Sindikatu abertzaleek erabakimena eta gizarte agenda aldarrikatu dute

ELA, LAB, Kataluniako CSC eta Galiziako CIG bat etorri dira lau puntuko agiri baten inguruan. Espainiako Gobernuari egin dizkiote eskakizunak. Nazioetako alderdiak ere interpelatu dituzte

Mitxel Lakuntza (ELA), Paulo Carril (CIG), Garbiñe Aranburu (LAB) eta Carles Sastre (CSC), atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
ELAko Mitxel Lakuntzak, LABeko Garbiñe Aranburuk, CIG Confederacion Intersindical Galegako Paulo Carrilek eta CSC Confederacio Intersindical Catalanako Carles Sastrek Gizarte agenda eta erabakitzeko eskubidea izeneko agiria aurkeztu dute, Bilbon. Adierazpenean, sindikatu abertzaleek lau aldarrikapen nagusi biltzen dituen proposamen bat egin dute, Espainiako Gobernu berriari egina, baina hiru nazioetako eragile politikoak ere interpelatzen dituena.

Sindikatuek iragarri dute haien asmoa dela otsailaren 19an agiriaren berri ematea eragile politikoei. Espainiako Gobernua eta hura sostengatzen duten PSOE eta Unidas Podemos alderdiak ez ezik, hiru nazioetako indar subiranistak ere aipatu dituzte; zehazki, EAJ, EH Bildu, BNG, ERC, JxCAT eta CUP.

ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak azaldu duenez, lau sindikatu horien asmoa da «egoera politikoan hobeki eragitea», Espainian ireki den abagune berriaren aurrean, ikusita PSOEk eta Unidas Podemosek osatutako koalizio gobernuak «azken botoa ere» behar duela eta horrek biderkatu egin duela hiru nazioetako eragile politikoek Espainiako Kongresuan dituzten ordezkarien botoen balioa.

Lakuntzaren hitzetan, lau sindikatuak antzeko egoera batetik abiatzen dira, den-denak «estaturik gabeko nazioetan» aritzen direlako; arazoak ere antzekoak dituztelako, «lan, gizarte eta politikaren arloan»; eta, azkenik, «erronka komunak» ere badituztelako, guztien asmoa delako «agenda politikoa baldintzatzea, eragitea eta hor agenda soziala txertatzea».

«Lan harremanetako esparru propioaren defentsak ere batzen gaitu», azaldu du Lakuntzak, «gure lan hitzarmenak hemen adosteko aukera ukatzen zaigulako». Gogorarazi du Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak 2010ean egindako erreformaren ondorioz «estatalizazio» prozesuari ekin ziotela, eta horren ondorioz hiru nazioetan lan hitzarmenak sinatzeko «zailtasunak» areagotu direla.

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk aurkeztu ditu agirian agertzen diren lau eskakizun nagusiak, eta erantsi du eskakizun horiek lau sindikatuek egiten duten «diagnostiko bateratuaren ondorio» direla. Esan duenez, «prekaritatea, pobrezia eta lan baldintza kaskarrak» dira egoera horren ezaugarri nagusiak, eta horren adibide gisa aipatu ditu urtea hasi zenetik Euskal Herrian lan istripuen ondorioz hildako 11 langileak.

«Espainiako Estatua krisi sakonean dago», esan du Aranburuk, «krisi sozial eta politikoan, eta krisi hori egiturazkoa da; estatua ez da bere buruari eusteko gai».

Horren aurrean, sindikatu abertzaleek uste dute «hiru jarrera» daudela: alde batetik, eskuin muturrak «birzentralizatzea eta autoritarismoa» proposatzen ditu, eta badu agenda politikoan eragiteko gaitasuna, «egoera inboluzio politiko, sozial eta patriarkalera» lerratzeko; beste aldetik, «78ko erregimenari» eutsi nahi dioten indar politikoak daude —Aranburuk bloke honetan kokatu ditu PSOE eta UP—; sindikatuen ustez, indar horiek proposatzen duten «autonomismoa» agorturik dago, eta ez ditu gehiengoaren nahiak asetzen.

Azkenik, «herri burujabetzaren bidea» eta «sakoneko aldaketak» proposatzen dituzten indarrak daude. «Eredu sozial eta ekonomiko berria nahi dugu», esan du Aranburuk, «eta hori erdiesteko proposamen zehatzak ere baditugu, baina botere politikoa falta dugu horretarako». Espainiako Gobernua interpelatzeaz gain, «nork bere herrian ere begirada jartzea» proposatu du LABeko idazkariak.

Gobernu berriaz zalantzak

Kataluniako Intersindical CSC sindikatuko ordezkari Carles Sastrek esan du Espainian koalizio gobernua eratu izanak «itxaropena» piztu duela «arlo sozialean aldaketak egiteko aukeraz», baina berak «zalantzak» agertu ditu: «Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioa bitan banatu izana ez da seinale ona; horrekin mezu subliminala ematen dute, bi kontu desberdinak direla eta gizarte segurantzak ez duela lanarekin zerikusirik».

Zalantzak gorabehera, Sastrek gogoratu du estaturik gabeko nazioek inoiz baino ordezkari gehiago dituztela Espainiako Kongresuan, eta horrek aukera eman dezakeela zenbait aldarrikapen agenda politikoan sartzeko: «Erabili beharreko palanka da hori», esan du.

Kataluniako egoera ere izan du hizpide. «Asko hitz egiten da krisi katalanaz, baina ez dago horrelakorik; Espainiako Estatua dago krisian», esan du, eta «arazo politikoak bide politikoetatik» konpontzearen alde agertu da.

Agenda sozialaz, Sastrek esan du hasi direla krisi ekonomikoaren lehenengo zantzuak agertzen, eta langabeziari buruzko datuak aipatu ditu horren froga gisa. «Egoera kezkagarria da, are gehiago kontuan izanda eskuinak eta eskuin muturrak agenda baldintzatzeko duten gaitasuna», esan du, «eskuina eta langileen eskubideak ez direlako inoiz bateragarriak izan».

Agiriaren sinatzaileek azaldu dutenez, ez dute asmorik euren analisia UGTrekin eta CCOOrekin kontrastatzeko, haien ustez bi sindikatu horien eguneroko jarduera «murrizketei zilegitasuna ematea» delako.

ESKAERAK

Lau aldarrikapen nagusi egin dituzte Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako sindikatu abertzaleek aurkeztutako agirian.

Agenda soziala. Sindikatuek «pentsio erreformak eta lan erreformak lehengoratzea» proposatzen dute, eta «bestelako politikak» hedatzea, «genero berdintasuna, eroste ahalmena, zerbitzu publikoak eta abar» bermatzeko.

Erabakitzeko eskubidea. Lan harremanen, pentsioen eta babes sozialaren sistemaren eredua nazio bakoitzean erabakitzeko aukera onesten dute. Negoziazio kolektiboaren erreformak indargabetzeko eskatzen dute.

Agenda demokratizatzailea. Besteak beste, mozal legea eta Zigor Kodearen 315.3 artikulua bertan behera uztea aldarrikatzen dute.

Politikari lehentasuna. Nazioak eta estatua «elkarren aurka» jartzen dituzten gatazkak «onbideratzeko» bide politikoak proposatzen dituzte. Kataluniako presoak aske uzteko eta «salbuespeneko espetxe politika» amaitzeko eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.