Europako Ikerketa Batzordeko presidenteak kargua utzi du

Adituak salatu du EBko estatuek "koordinazio falta erabatekoa" izan dutela koronabirusaren izurriari aurre egiteko orduan

Mauro Ferrari, Europako Ikerketa Batzordeko buru ohia. BERRIA
Edu Lartzanguren.
2020ko apirilaren 8a
15:10
Entzun

Europako Batasuneko ikerketa politikaren burua izan da Mauro Ferrari nanomedikuntza aditua, baina kargua utzi duela adierazi du, koronabirusaren krisiari aurre egiteko proposatu zituen neurriei Bruselak traba burokratikoak jarri dizkiola argudiatuta.

Ez du denbora luzerik egin Ferrarik Europako Ikerketa Batzordeko buru gisa: urtarrilaren 1ean hartu zuen ardura. Financial Times kazetari bidalitako gutun batean azaldu du zergatik utzi duen kargua.

Adierazi duenez, martxoaren hasieran "begi bistakoa" zen izurria "inoiz ez bezalako tragedia bat" izango zela. Orduan, Ferrarik egitasmo berezi bat proposatu zion Europako Batzordeari: munduko zientzialaririk hoberenei "baliabideak eta aukerak" ematea, eta botika eta txerto berriak, diagnostikorako tresna berriak eta "zientzian oinarrituriko portaera dinamikak aztertzeko modu berriak" erabiltzea, "politikarien intuizio askotan inprobisatuak ordezkatzeko".

Baina Europako Ikerketa Batzordeko Zientzia Kontseiluak atzera bota zuen proposamena, argudiatuta bere eskumenek aukera ematen diotela zientzialariek "behetik gora" proposaturiko egitasmoak ordaintzeko bakarrik, eta ez agintariek "goitik behera" proposaturiko egitasmo handiak ordaintzeko. Ferrarik erantzun zien ez zela garaia halako bereizketa administratiboak egiteko.

Ondoren, plan bat aurkeztu zion Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteari, eta politikariak hainbat ekarpen egin zizkion. Proposamena, ordea, "batzordearen geruzetan desegin" zen, Ferrarik esan duenez.

Europako Batasuneko estatuen «osasun politiken koordinazio falta erabatekoa» deitoratu du ikertzaileak; horrez gainera, Batasuneko kideak batzeko diru laguntzen kontrako jarrera gaitzetsi du, eta baita mugak estatu bakoitzak bere aldetik ixtea erabaki izana ere.

2007. urtean sortu zuten Europako Ikerketa Batzordea. 2.000 milioi euroko aurrekontua du gaur, eta munduko ikerketa agentzia handienetako bat da.

Bruselaren bertsioa

Europako Batzordeko eledun Johannes Bahrkek gaur esan duenez, Bruselak "deitoratu egiten du" Ferrariren dimisioa, baina iragarri du batzorde batek beste pertsona bat izendatuko duela kargurako, behin-behinean. Ikerketa batzordeak 50 egitasmo baino gehiago ditu pandemiaren kontra borrokatzeko, Bahrkek esan duenez; tartean, txerto bat garatzeko ikerketa.

Eledunak adierazi duenez, martxoaren 27an, ikerketa batzordeko Zientzia Kontseiluko beste 19 kideek dimisioa emateko eskatu zioten Ferrariri. Bruselak esan du Von der Leyenek ez ziola iritzia eskatu Ferrariri; haatik, zientzialaria bera jarri zen harremanetan politikariarekin.

Zientzia Kontseiluak gogor gaitzetsi du Ferrariren jarrera, plazaratu duen agiri batean. "Izendatu zutenetik, Ferrari irakasleak erabateko konpromiso falta agertu du Europako Ikerketa Batzordearekiko". Horrez gain, Ferrarik denbora asko AEBetan pasatu duela adierazi dute, bilera garrantzitsu askotan ez duela parte hartu, eta, batzordearen buru izan arren, ez duela defendatu haren egitasmoa.

Ferrarik esan duenez, AEBetara itzuliko da, Seattlera, eta han nazioarteko ikerketa proiektu bat bultzatuko du COVID-19aren kontra borrokatzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.