Liburuak

Euskal Editoreen Elkarteak laguntza eskatu du, eta "presazkoa" dela ohartarazi

Murrizketa fiskalak eta liburu bonu bat abian jartzea eskatu diete erakunde publikoei. "Ezin dira atzeratu, denboran luzatzeak ondorio katastrofikoak izango bailituzke sektorean", adierazi dute.

Donostiako Liburu Azokako irudi bat, iazko ekainean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Berria
2020ko apirilaren 8a
15:45
Entzun

"Une honetan bizi dugun egoera erabakigarria da, eta, egoera honetatik ateratzen baldin bagara ere, ezingo gara aurreko egoerara itzuli; datorren egoera askoz okerragoa izango da, beldurrez eta penaz diogu, bizirik iraun dezaketenentzat. Herri honen kultura etorkizuna dago jokoan, euskarari dagokionez batez ere". Tonu irmo horrekin eman du Euskal Editoreen Elkarteak sektoreak egunotan bizi duen kezkaren berri. Diotenez, sektorea ez da suspertu 2008ko krisialdiak ekarri zien kolpetik, eta beldur dira COVID-19aren gaitzak ez duen egoera are eta gehiago okertuko.

Koronabirusaren aurrean hartu diren neurriek liburuaren balio kate osoari eragingo diola ohartarazi dute, guztiei galera gehiago ekarrita: egileei, inprentei, argitaletxeei, banatzaileei eta liburu dendei. Lehen kalkuluaren arabera, ikusi dute %25ekoa izan dela “berez depreziatua zegoen" salmenta kopuruaren beherakada. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 32 milioi euro esan nahi du horrek, eta konfinamenduaren luzapenarekin 50 milioitik gorakoa ere izan daiteke kopurua.

Elkartearen esanetan, 2008ko krisialdiaren ondoren laguntza politikak ez ziren areagotu; are, gutxitu egin ziren: “2009. urtean, sail guztiak kontuan hartuta, 4.400.000 euro ingurukoak ziren laguntzak, eta gaur egun, berriz, 1.600.000 euro ingurukoak. Hau da, % 63,36 gutxiago". Ordutik hona, sektoreko langile askotarikoen kopurua eta liburu salmenten fakturazioa jaitsi egin direla azaldu dute. Eta eskatu dute kontuan hartzeko euskarazko argitalpen ildoa "desabantailan" dagoela: “Gutxiengoan, eta, horregatik, jarraikortasun eta garapen egoera larrian”.

Eskakizunak

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ordezkari politikoengana jo dute hainbat neurri aplikatu eta modu koordenatuan ezar daitezen eskatzeko. Lau puntutan bildu dituzte horiek, alerta egoerak irauten duen bitartean aplikatzeko eskakizunarekin: liburugintzaren kate osoko enpresa eta autonomoentzat —liburu saltzaileak, argitaletxeak, banatzaileak— murrizketa fiskalak onartzea; enplegua erregulatzeko espedienteei heltzeko erraztasunak jartzea; 2,5 milioi eurorainoko kreditu lerro bat irekitzea liburuaren sektorerako —Eusko Jaurlaritzaren abalekin, interesik gabe, liburu denda, banatzaile eta argitaletxeentzat—; eta diru publikoz lagundutako ekintzak egin ahal izateko epea luzatzea, eta laguntza horiek ez baliogabetzea.

Horiekin batera, zenbait neurri pizgarri ere proposatu ditu editoreen elkarteak. Horien artean daude literatur argitalpenetarako laguntzak %25 igotzea, alarma egoera bertan behera geratzen denetik aurrera martxan jarriko litzakeen liburu bonu bat sortzea —milioi bat euroko funtsarekin—, eta liburutegi publikoetarako eta e-liburutegirako euskarri fisikoko zein digitaleko lan gehiago erostea. Hezkuntzara zuzendutako erosketa plan bat bultzatzea ere eskatu du elkarteak, baita testuliburuak erostean familiei zergak arintzea eta irakurketaren aldeko publizitatean inbertitzea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.