EAJk atea ireki dio Sanchezek proposatutako itunean parte hartzeari; EH Bildu ez da joango

Apirilaren 26ra arte luzatu dute alarma egoera, eta Sanchezek aurreratu du uste duela hamabost egun barru berriro alarma dekretua luzatu beharko duela

350 diputatutik 43 joan dira Espainiako Kogresura. MARISCAL / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2020ko apirilaren 9a
16:40
Entzun

Espainiako presidente Pedro Sanchezek alarma egoera luzatzeari buruzko azalpenak eman ditu kongresuan. Onartu dute apirilaren 26ra arte alarma egoera luzatzea, eta ohartarazi du uste duela hamabost egun barru berriro alarma dekretua luzatu beharko duela.

Hala ere, datorren asterako jarri du lehen zita Sanchezek. Moncloako Itun berria egiteko bilera batera deitu ditu alderdi politikoak, sindikatuak, patronala, autonomia erkidegoetako lehendakariak eta beste sektore batzuetako ordezkariak. Horrela, COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondoren, Espainia «berreraiki» nahi du. Euskal alderdi nagusiek erantzun diote proposamenari: EAJk atea ireki dio parte hartzeari; EH Bildu, berriz, ez da joango.

Sanchezek asmoaren berri eman duenean, Aitor Esteban EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaileak esan du bere alderdiak «arduraz» jokatuko duela, eta prest daudela joateko «herritarren interesak jokoan» dauden lekuetara. Hala ere, ohartarazi du edozein akordiok kontuan hartu beharko dituela autonomia erkidegoak, eta itunari «Moncloakoa» deitzea arbuiatu du. EH Bilduren kongresuko diputatu Oskar Matutek azaldu du ez direla egongo 1977an lortutakoen «berrargitalpena» diren itunean. Matuteren iritziz, bilatu nahi duten bakarra da «ezkutatzea jendea itotzen duten eta haien eskubideak murrizten dituzten zentralizazio gehiago eta eskuinaren politika neoliberalak aplikatu izana».

Aitor Estebanek esan du alarma egoera luzatzearen alde egingo duela EAJk, momentu honetan «garrantzitsuena» pandemia amaitzea dela, eta horretarako beharrezkoa dela zirkulazio eskubidea murriztea. «Hori alarma egoeran egonda soilik egin daiteke», zehaztu du. EH Bilduk, berriz, abstenitzea erabaki du. Matute ezinbestekoak ez diren jarduerak geratzeko beharraz aritu da, eta proposatutako neurriak ez direla nahikoa esan du, «jende asko kutsatzeko arriskuan jartzen delako». Zehaztu du jarduera horiek geratuta egon behar dutela, osasun bermeak ez dauden bitartean, eta gaineratu du pandemia geratzea lortzen denean soilik berreraiki daitekeela ekonomia. «Lehenengo bizi, eta gero, lan egin». Sanchezek esan duenez, berriz, orain kutsaketak etxe barruan gertatzen dira, eta ez handik kanpo.

Espainiako Gobernuak koronabirusaren krisiaren inguruan egin duen kudeaketaz ere aritu dira. Kolaborazioa eta kooperazioa «ezinbestekoak» direla esan du Estebanek. Autonomia erkidegoen beharra azpimarratu du, eta neurriak hartu aurretik elkarrizketa gehiago eskatu. «Ezin da esan gauza bat eta kontrakoa, eta kontsultatu gabeko eta ustekabeko erabakiak hartu egun batetik bestera», erantsi du. Ildo beretik, «erabaki errealistak» eskatu ditu, eta ez «nahasketa» eragiten dutenak, baizik eta «lasaitasuna» dakartzatenak. Horri lotuta, Pedro Sanchezek elkarrizketarako prest daudela ziurtatu du: «Egungo egoeran, behartuta gaude erabakiak hartzera, ez orduetan, minutuetan baizik, baina horrek ez du esan nahi ez daukagula elkarrizketarako bokaziorik». Gainera, haren hitzetan, autonomia erkidegoek osasun arloan dituzten eskumenei eutsi diete, eta ez da «birzentralizaziorik» egon. Erantsi du autonomia erkidegoengan «konfiantza» duela, eta krisitik ateratako ikasketa bat dela «estatu autonomikoa indartzeko beharra».

Sanchezek koronabirusari aurre egiteko egin duten lana azpimarratu du: «Europa guztia berandu iritsi zen, baina Espainia lehenago aritu zen». Hala ere, autokritikarako tartea ere hartu du: «Gaur daukagun ezagutzarekin, atzo egindako gauza batzuk desberdin egingo genituzte». Eta honakoa erantsi du: «Gobernu hau autoexigentea, autokritikoa eta umila da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.