Kulturgintza

Ehunka kulturgilek greba digitalerako deia egin dute apirilaren 21erako eta 22rako

Kulturaren balioari buruzko gogoeta piztea eta paradigma aldatzea nahi dute grebalariek. Diziplina guztietako 300 sortzaile eta eragilek baino gehiagok egin dute bat deialdiarekin.

Grebarako deia egiten duen afixa. KULTURGINTZAN
Inigo Astiz
2020ko apirilaren 15a
11:01
Entzun

«Zer gertatuko litzateke aktorerik, idazlerik, dantzaririk, musikaririk, margolaririk ez balego?». Koronabirusaren hedapenari aurre egiteko hartutako neurrien ondorioz, Euskal Herriko kulturgintza larri dagoela ikusi, eta apirilaren 21ean eta 22an greba digitala egiteko deia zabaldu dute 300 kulturgilek baino gehiagok. Bi egun osoz ez dute Interneten kultur edukirik partekatuko, eta sektorearentzako neurri espezifikoak hartzeko deia egin diete erakunde publikoei. www.kulturgintzan.eusorrialdean zabaldu dute euren analisia, eta bertan topa daiteke deialdiarekin bat egiteko bidea ere. «Desagertu egingo gara, oihala beheratuko dugu eta sareetan zein hedabideetan ez dugu inongo ekimenik egingo, ez dugu zuzeneneko edo grabatuko emanaldirik ez eskainiko ez partekatuko. Oihala beheratuko dugu eta gure ahotsa isilduko dugu, entzun gaitzazuen».

Izen aski ezagunak daude itzalaldirako deitzaileen zerrendan. Sinatzaileen artean dira, besteak beste, Maialen Lujanbio, Iraia Elias, Ruper Ordorika, Eider Rodriguez, Gorka Urbizu eta Fermin Muguruza, baina izen-deitura segida luzea osatzen dute deialdiarekin bat egin duten hamaika diziplinatako profesionalek. Bertsolariak, musikariak, idazleak, aktoreak, arte hezitzaileak, artistak, aktore elkarteak, dantza taldeak, kultur kudeatzaileak, dantzariak, kultur aretoak eta kultur kudeatzaileak daude bertan. Eta egunez egun handituz doa zerrenda, gainera.

Erakunde publiko guztientzako eskaria

Funtsean, kultura ulertzeko modua aldatzeko eskatzen du grebarako deia zabaltzeko testuak, baina egungo egoerari dagozkion eskariak ere badakartza. Deitzaileek gogoratu dutenez, koronabirusaren hedapenaren eraginez Euskal Herrian ezarri den itxialdiak bertan behera utzi ditu hilabete honetarako programatutako ehunka kultur ekitaldi, eta horrek kulturgileei eragin dien kaltea nabarmendu dute. «Lehendik kulturgileen, sortzaileen zein artisten egoera nahiko prekarioa bazen, jazoera berri honek larrialdia areagotzea ekarri du». Horregatik, larrialdirako eta haren osterako neurriak eskatzen dituzte.

Euskal Herri osoko erakunde publiko guztiei eskatu diete kalteei erantzuteko premiazko neurriak hartzeko. «Euskal Hirigune Elkargoari, Nafarroako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari, foru aldundiei, udalei eta bestelako erakundeei». Unean uneko larrialdiaz harago ere jo nahi dute, ordea, eta epe ertain-luzerako «bestelako proposamenak» ere plazaratzeko deia egin diete erakundeetako arduradunei.

Deialdian onartu dutenez, itxialdiak behartuta egin dute deialdi digitala grebalariek, baina asmoa azaldu dute konfinamendua amaitu ostean ekinaldi «eraginkorragoak» egiteko. Greba deitzaileen ustez, «neurri koiunturalak» ez baitira aski izango koronabirusak eragindako kalteei erantzuteko. «Paradigma, eredua, patroia da errotik eraldatu nahi duguna».

Batzorde parekidea

«Batzorde tekniko iraunkor bat» eratzeko proposamena dakar, adibidez, greba deialdia zabaltzeko idatzitako testuak. Deitzaileek elkarrekin eserita eta parez pare irudikatzen dituzte mahai horretan hala kulturgileak nola erakunde publikoetako ordezkariak ere. Denak maila berean. «Erakunde publikoetan arduretan dauden alderdi politikoek euren burua kulturgintzaren ekosistematik kanpo kokatzen jarraituko dute inork aitortu ez dien gidaritzan edo gure parean eseriko dira proposatzen diegun mahai tekniko iraunkorrean guztion artean erabaki dezagun zer den estrategikoa euskal kulturgintzarentzat eta zein neurri hartu behar ditugun helburu estrategiko horiek erdiesteko?».

Euskal Herriko «kulturgintzaren ekosistema» ere aktibatu nahi dute deitzaileek, eta, itxialdia bukatzen denean, topaketa batera deitu nahi dituzte eragile guztiak. «Euskal kulturgintzaren gabezia eta premia larriei aurre egiteko zer egin proposatu, eztabaidatu, adostu eta gauzatzeko».

Gogoetarako deia

Krisiari elkarrekin aurre egiteko deia helarazi diete jadanik greba deitzaileek erakunde publikoei, baina, azaldu dutenez, udal gutxi batzuek bakarrik onartu dute proposamena. Ordezkari politikoek kultura «soilik entretenimendurako jarduera edo sektore gisa» hartzen dutelako gertatzen da hori deitzaileen ustez, eta ikuspegi hori da aldarazi nahi dutena.

Itxialdian ere kulturgileek emanaldiak eskaintzen jarraitzen dutela gogoratu dute, baina, egoera hau kontuan harturik, debaldekoak direla sortutako emanaldi horiek, eta, horregatik, sortzaileen «eskuzabaltasun» horren trukean, balio sozialari buruzko hausnarketa egiteko gogoeta eskatu diote gizarteari. Kultura entretenimendua baino gehiago dela ere aldarrikatu dute greba deialdirako idatzitako testuan. «Kultur esperientziek eta kultur imajinarioek munduan leku bat egiten laguntzen digute, barne mundua elikatzen digute, zentzuaren eraikuntzan laguntzen digute, geure buruaren eraikuntzan laguntzen digute, baita mundua ulertzen ere, trukea sustatzen dute, jolaserako espazioa sortzen dute, arakatzera gonbidatzen gaituzte, eta batez ere, komunitate bateko kide sentiarazten gaituzte. Hizkuntzak egiten gaitu pertsona, kulturak herritar».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.